Txorierriko bendejeren ibilbidea urriaren 19an izango da, 10:00etan. Hitzordua Lezamako tren-geltokiko aparkalekuan ipini dute, eta handik bendejerek, esnea eta baratzeko produktuak saltzeko, egunero Bilboraino egiten zuten bidaia gogoratuko dute. Bidaia bai asto gainean, bai Lezama, Zamudio, Derio eta Sondika Bilborekin lotzen zituen trenean, egiten zuten. Ibilbide gidatuaren helburua da Txorierriko bendejeren memoria berreskuratzea, baserrietatik azoketara egindako urratsei jarraituz. Izena emateko, 946 156 612 telefono-zenbakira deitu behar da, edo jataondo@jataondo.org helbide-elektronikora idatzi.
Nolanahi ere, urrian ekintza gehiago izango dira Txorierrin. Horrela, hilaren 5ean, 19an eta 26an, ibilbide gidatua egingo da Urdaneta Loiuko eskolako Arboretumetik, bertan dauden zuhaitz-espeziak eta haien bitxikeriak ezagutzeko. Gainera, umeentzako jarduera osagarriak izango dira, hala nola inurri begiekin ikustea eta zuhaitzen taupadak entzutea. Ekintza 10:00etan hasiko da, eta izena emateko, mezua idatzi behar da museo.ciencias@
Amagoia Guezuraga herriko historialariaren gidaritzapean, urriaren 19an, 11:00etan, “Bideak eta ubideak, gure ondarearen lekuko” ibilbidea izango da Zamudion. Sabino Arana plazatik abiatuta, taldeak udalerriko leku eta errota esanguratsuenak bisitatuko ditu, eta ondare materiala eta inmateriala lotuko dira, zamudioztarren jarduerak, ohiturak eta harreman-sarea ezagutzeko. Izena emateko, Zamudioko Udalera deitu behar da: 944 060 990.
Bizkaiko Elizaren Histori Artxiboak antolatuta, urriaren 22an, 16:30ean, “Bide guztiek artxibora daramate” hitzaldia eta erakusketa izango dira Derion. Artxibategia Seminarioan dago, eta bisitariek ezagutuko dituzte bertako agirietan jasotako gertaerak eta loturak, zeinak lagungarriak baitira gure ohiturak, ondarea eta historia ezagutzeko. Izena emateko, 944 062 493 telefono-zenbakira deitu behar da, edo katalog@aheb-beha.org helbide elektronikora idatzi.
Bizkaiko Zin-bidea da Bizkaiko Jaunek foruak zin egiteko egiten zuten ibilbidea. Garai batean, funtsezko ekitaldia izan zen, jaunen eta bizkaitarren arteko harremana adosten eta oinarritzen zuelako. Urriaren 26an, 08:30ean, autobusez aterako da Bilboko Unamuno plazatik, Bizkaiko Lurralde Historikoaren identitate politikoan zehar ibilbidea egiteko, eta pasatuko da Larrabetzutik eta Gernika-Lumotik, ibilbidea Bermeon amaitzeko. Izena ematea www.ondareabizkaia.eus webgunean egin daiteke, edo 944 066 340 telefono-zenbakira deituta.
Azkenik, Edestiaurre arkeologia-elkartearen eskutik, urriaren 26an ere “Burdin Hesiaren puskaketa. Gaztelumenditik Gamizmendira” ibilbide gidatua egingo da. Hitzordua 10:00etan ipini dute Gaztelumendiren gailurrean, lehen gurutzea zegoen tokian, eta handik abiatuta, parte-hartzaileak ibiliko dira Eusko Gudarosteko soldatuek, Bilbo defendatzeko, 1937ko maiatzetik ekainera bitartean egindako bideetatik. Era berean, metrailadore-kokalekuak bisitatuko dituzte, Larrabetzuko Gaztelumendin hasi eta Gamiz-Fikako Gamizmendiren mendebaldean amaituko den lau kilometroko ibilbidean zehar. Izena emateko, 946 153 114 telefono-zenbakira deitu behar da.
Esan moduan, Ondare Jardunaldien baitan 200 ekintza baino gehiago egingo dira Bizkaian, urrian. Horiek guztiak www.ondareabizkaia.eus webgunean kontsultatu daitezke.