Hala ere, aurretik idatzitako beste artikulu batean aipatu nuen bezalai, arazoa hidrogenoaren ekoizpenean dago: aurrerapausoak egiten gabiltzan arren, oraindik ere hidrogenoa ekoizteko erarik merkeena eta errazena da hura hidrokarburoetatik lortzea, prozesuan karbono-oxidoa askatuz. Horregatik, badira iturri geologikoa duen hidrogeno bila dabiltzanak; hau da, naturan berez eta egoera puruan agertzen den hidrogeno bila: urre-hidrogenoa.
Edozelan ere, ez da batere erraza naturan hidrogenoa horrela aurkitzea, azkar-azkar konbinatzen baita. Gehienetan, konposatuetan agertzen da, esaterako, lehen aipatutako hidrokarburoetan. Dena den, badira hidrogenoa produktu duten zenbait prozesu: adibidez, burdinan aberatsak diren haitzak urarekin elkartzen direnean edo ura erradiolisi bidez –hau da, erradiazio-iturri naturalen bidez– hidrogenoan eta oxigenoan deskonposatzen denean.
Orduan, zeren zain gaude?
Hasteko, ez da erraza leku horiek lokalizatzea, eta hidrogenoa ondo isolatuta egon behar da, ihes egin ez dezan edo beste konposatu batzuekin erreakzionatu ez dezan. Boloniako unibertsitateko Deep Carbon Laborategiak, esate baterako, DeepSeep egitasmoaii du martxan, eta ikertzen dabiltza subdukzio-eremuetan sortzen diren hidrogenoa eta metanoa eta horien ekoizpenak biosferan eta bereziki karbonoaren zikloan duen eragina.
Beste alde batetik, nahiz eta ikuspegi industrialetik erraza izan (atera eta kito!), zeintzuk izan litezke milioika urteetan egonkor eta isolatuta egon den gas hori ateratzearen arazo eta ondorioak? Badakigu, adibidez, zenbait organismok hidrogenoarekin metanoa edo hidrogeno sulfuroa sortu dezaketela. Gainera, kasuz kasu aztertu beharko da poltsa horiek hustutzeak egonkortasun geologikoan izan zezakeen eragina.
Distira guztiak ez dira urre
Itxura ona duen albistea da urre-hidrogenoa, etorkizun garbiago baterako aukera berria baita. Hala ere, ez da ondorio txarrik ez duen energia-iturria eta guztiz berdea ere ez da. Eta albiste ona izanik ere, espero dezagun industriak ikerketari aurrea ez hartzea, bestela kalteak onurak baino handiagoak izan daitezke.
i Hidrogenozko trena: bide berriak esploratzen, Xabier Artaetxebarria, Zientzia Kaiera, 2024-04-23 https://labur.eus/aikorH00
ii Hidrogeno berdea, Xabier Díaz Silvestre, Aikor, 2021-04-27, https://labur.eus/aikorH01
iii ERC CoG DeepSeep, https://labur.eus/aikorH02