Zer da autodefentsa feminista?
Ez da teknika fisikoen amalgama bat, tresna baizik. Zertarako? Bada, identifikatzeko nola patriarkatuak hainbat sozializazio-bideren bitartez desahalduntzen gaituen, nola subjektibitateak eta nahiak eraikitzen dituen eta nola joera eta iritzi sexistetara lotzen gaituen. Ezin da ikusten ez dena aldatu; beraz, indarkeriari buruz hitz egin baino lehen, hitz egin behar dugu indarkeria zerk sortzen duen eta sistema ez berdinzalea eta misoginoa mantentzeak mesede nori egiten dion. Hortik abiatuta hausnartu dezakegu egoera zehatzen aurrean nola jokatu.
Zein da tailerraren helburua?
Baliabideak ematea sentikor bihurtzeko, prebenitzeko eta indarkeria matxistaren aurrean ez ezik eguneroko matxismoaren aurrean ere erantzun ahal izateko, azken horrek emakumeon segurtasunari, autonomiari eta askatasunari kalte egiten die eta.
Horretarako, zein alderdi landuko dira?
Esan moduan, esparru kontzeptual osoa landuko dugu: espresio fisikoetatik haratago indarkeria matxista zer den, nola iraunarazten den, mesede nori egiten dion… Behin sistema patriarkala ulertuz gero, hobeto jakingo dugu nola jokatu, indarkeriak gure bizitzan ahalik eta leku txikiena izan dezan, jakitun izanda modu bakarra dela sistema patriarkala deuseztatzea.
Urteak daramatzazu tailerrak ematen. Zer aldatu da? Zer errepikatzen da?
Duda barik, mundua aldatu dugu, baina oraindik ere izugarrizko erresistentziak daude gizonen eta emakumeen arteko harremanak ulertzeko moduak aldatzea dakarten aldaketa sakonagoen aurrean. Gutxi arte «normala» zena ikusgai jarri eta esaten dugu orain, hala ere, patriarkatuak badaki bere burua nola berrasmatu, mendekotasuna ahalduntzaile eta desiragarri bihurtzeko, adibidez, neskatoen eta emakumeon hipersexualizazioa, edo zerbait polita bihurtzeko ,esaterako, hirietako zubietara kateatzen gaituen maitasun erromantikoa. Pentsa ezazue norbaiti kateaz lotuta egoteak zer-nolako sinbolismoa duen; hala ere, maitasunaren sinonimo gisa giltzarrapoak jartzea modan ipini da. Adibide gehiago ipini ahal genituzke. Izan ere, berdintasunean hezten dugula pentsatzen dugu, eta hori, beharbada, ideiarik arriskutsuenetariko bat da, eragozten baitigu umeei gaitasuna ematea, bizitzan aurre egin beharko dioten berdintasunik eza antzeman dezaten.
Emakunderi emandako elkarrizketa batean adierazi zenuen tailerretara joaten diren neska gazteek esaten dutela bikotekideari «aurrera egiten» uzten diotela, nahiz eta egiten dabilen ez gustatu… Zer gertatzen ari da?
Informazio asko dago, nire ustez, baina desinformazio asko ere bai. Gazteak gizarte-sareen bidez ikasten dabiltza hurrengo hauei lotutako genero-estereotipoak eta rolak: estetika, emakumeek sexu-harremanetan izan behar duten jarrera, emakumezkoen eta gizonezkoen papera… Gizarte-sareetan ez dago ez inongo kontrolik, ez inongo filtrorik, eta oso algoritmo misoginoa eta krudela erabiltzen da. Klik egin, eta bortxaketak ikusi ahal dituzte, eta sexu-harremanak izango balira bezala normalizatu.
Tradwives edo emazte kontserbadoreen eredua zabaltzen dabiltza influencer batzuk.
Tradwives-en bidez, patriarkatua gizarte-sareetan ere badago, algoritmoetan, irudiari lotutako presioan, «izateko» desiraren fabrikazioan… Arazoa ez da emakume batek mendekotasuna erreibindikatzen duela; arazoa da mendekotasuna emakume guztientzat «saldu» nahi duela. Gehienetan ez dakigu gazteak zer ikusten dabiltzan, zeren eta, gizarte-sareetara nor bere telefono mugikorretik sartzeaz gainera, harremanak izateko eta komunikatzeko aldaketa gertatzen ari baita. Aldaketa horrek eragina du mundua ulertzeko dugun gaitasunean eta, hortaz, erabakiak autonomia handiagoko posizio batetik hartzeko gaitasunean. Norbaiti jarraitzen badiozu, hark esaten duen guztia sinetsiko duzu, tartean adimen artifizialik dagoen edo fake new den aztertu barik. Gainera, gizarte-sareetara igotzen denak eragin globala du, eta, momentuz, betikoa, oso zaila baita ezabatzea. Autodefentsa feminista esparru digitalean ere bada tresnetako bat. Hala ere, ezin dugu ahaztu inportanteena dela gune seguruak sor-tzea, eta momentu honetan lege-hutsune eta inpunitate handia dago ziberindarkeria-motei dagokienez.
Zein alderdi jorratu behar dira ume eta gazteekin, harreman egokiak izan ditzaten?
Gizartea maila guztietan aldatzen gabil- tza, baina zeregin horretako parte ere bada hauei guztiei aurre egitea: bortxaketa-kultura, afektibitate-eredua, sexualitateari lotutako genero-rol eta estereotipoak, zaintza-lanei lotutakoak, erantzunkidetasunari, botere-banaketari, justiziari… lotuta daudenak… Gai konplexuak dira, baina gugandik urrun daudela pentsatu arren, egunero heltzen diegu. Batzuetan ez gara oso kontziente, eta, ondorioz, desparekotasuna sustatzen dugu bizitzaren arlo bakoitzean. Parekotasuna bultzatzeko, lehenengo eta behin jakin behar dugu berdintasunik eza zein elementuk iraunarazten duten.
Gizonentzat ere badira autodefentsa feministaren tailerrak?
Ez, ez dut uste euren lekua denik. Errealitate ezberdinetarako tresna berberak erabiltzen baditugu, ez dugu baten bat ondo tratatuko, edo, are okerrago, ez dugu kontuan hartuko. Patriarkatua ezabatzeko ekuazioaren parte dira gizonak, baina euren errealitatea eta egoera ez dira emakumeenak. Hortaz, tailerrak berariaz dira emakumeentzat. Nolanahi ere, beti dute teoria feministan non trebatu, euren ideiak, subjektibitateak, bizi-ohiturak eta munduan duten lekua landu ahal izateko. Egia esan, nik emakumezkoentzako eta gizonezkoen- tzako prestakuntza eta hitzaldi asko egiten ditut. Izan ere, nire ustez, elkarrekin topo egiteko guneak badaude, eta, halaber, lotuta dauden, baina genero-eraikuntzak eta -sozializazioak bereizi dituzten, errealitateetatik lan egiteko beste gune batzuk.
Hurbiletik
Fisioterapeuta izateaz gainera, Maitena Monroy (Bilbo, 1972) aditua da indarkeria matxistan, eta aitzindaria, autodefentsa feminista irakasten. Erreferentea da Espainiako estatuan zein Hego Amerikan, eta hiru hamarkada baino gehiago daramatza tailerrak eta hitzaldiak egiten. Monroyk Autodefensa feminista. Más allá de aprender a decir no liburuan jaso du bere lana, non teoria feministaz gainera, besteak beste, ahalduntze feministaren ariketak eta baliabideak batu baitu, ikuspegi emozional eta kognitibo batetik.