Azaldu zuten moduan, azken edizioaren ondoren hamarnaka eragile eta herritarrekin egin zuten bilera, eta ondorioetako bat da, herritarrengan berriro ilusioa masiboki pizteko, Euskaraldiak berrikuntza behar duela. Hortaz, ez dute nahi Euskaraldia bakarrik egun jakin batzuetara mugatzea, baizik eta dinamika denboran eta gizartean zabaldu nahi dute; hau da, euskararen erabilera aktibatuko duen mugimendua sortu. Horretarako, Euskal Herri osoan euskararen erabilera aktibatzeko prest dagoen jendea “batu, trebatu eta antolatu” nahi dute, eta dinamika soziala indartu. Jakinarazi zutenaren arabera, norabide horretan lanean hasi dira, eta herritarren aktibaziorako modu berriak jasotzen dituen tresna ipini dute herri-batzordeen eskura: Euskara aktibatzaileen gida-liburua.
“Elkar mugituz egingo dugu” da Euskaraldiaren laugarren edizioaren leloa, eta “aktibazioari, mugimenduari, emozioei eta batak bestearengan dugun eraginari egiten die erreferentzia”. Berritasunak berritasun, Euskaraldiaren oinarriari eutsiko zaio, “eraginkorra baita”: partaideek ahobizi edo belarriprest rola hartuko dute, izena eman, eta 11 egunez dagokien txapa jantzita egingo dute ariketa. Herriek eta entitateek dagoeneko aukera dute ariketa sozialean izena emateko; herritarren txanda martxoan izango da.