Ingurugiroan duen inpaktua neurtu du KORRIKAk

Aikor aldizkaria 2024ko urr. 31a, 11:12

KORRIKAk lehen aldiz neurtu du ingurugiroan zelango inpaktua sortzen duen. Azterketa Lander Crespo klima-adituak egin du, eta haren arabera, azken KORRIKAn garraioa izan zen karbono-isurketa gehien jatorria: % 69, hain zuzen. Hala, garraioaren isuri handiena amaiera-egunean izan zen: % 74; eta gehienbat egun horretan autobusez eta ibilgailu pribatuetan egindako joan-etorriek sortu zuten. Ikerketaren helburua izan da hurrengo edizioetarako emisioak murrizteko moduak topatzea.

Labur esanda, amaierako ekitaldiak isuri guztien % 55 ekarri zuen, garraioak sortu zuela kopuru horren % 92”, ondorioztatu dute ikerlanetik. Emaitzak atzo, urriak 30, aurkeztu zituzten Bilbon, eta adierazi zutenez, amaierako ekitaldiak gainerako ekintzek baino eragin handiagoa izan zuen ingurumenean, “bidaia luzeak egin eta milaka parte-hartzaile bildu ziren eta”. Bestalde, salmentarako produktuak ere aztertu dituzte, esaterako, arropa, eta ondorioztatu dute isurien % 19 sortu zutela. Hala ere, aipatzekoa da ikerlanetik kanpo utzi dituztela elektrizitatea, azpiegituren muntaketa, ur-kontsumoa, KORRIKA Kulturalaren barruko ekitaldiak, webgunearen zein mugikorretarako aplikazioen kudeaketa, eta publizitatearen, bideoen eta abestien prestaketa.

Hemendik aurrera isuriak murrizteko, lanak proposatzen du garraioaren erabilera optimizatzea eta salmenta-produktuen ingurumen-inpaktua txikitzea. Halaber, etorkizuneko kalkuluetarako gomendatzen du prozesuak eta datu-bilketa hobetzea. “Ezin da ukatu KORRIKAk eta antzeko ekitaldi handiek ingurumen-inpaktu nabaria dutela. Hortaz, kalkulu berri horiek lagungarriak izango dira ekintza jasangarriak identifikatzeko eta emisioak gutxitzeko. Izan ere, KORRIKA hainbat balioren inguruan sortu eta garatu da, eta horien artean daude ingurugiroaren babesa eta haren kontrako jarduerak gutxitzen saiatzea”.

Beste aldetik, antzeko ekitaldien karbono-arrastoak alderatu ditu Crespok. KORRIKAk milioi bat inguru partaide ditu; eta New Yorkeko, Madrilgo eta Sevillako maratoiek, 59.000, 34.000 eta 12.500 parte-hartzaile, hurrenez hurren. Hala ere, askoz partaide gehiago duen arren, KORRIKA beheko postuetan dago kutsatze-mailari dagokionez. Cresporena kontuan hartuta, dagoeneko hiru azterketa egin dira KORRIKAren tutoretzapean, eta guztiak irakurgai daude KORRIKAren webgunean.  

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).