Ikasleen gurasoen eta familien elkarteen eginkizunetan arin pentsatuz gero, ziur asko, eskolaz kanpoko ekintzak etorriko zaizkigu burura lehenengo eta behin. Izan ere, elkarte horiek kudeatuta, eskolan bertan ekintza-sorta zabala dugu aukeran, umeek euren heziketa osatu dezaten: musika, ingelesa, dantza, irristaketa, atletismoa, saskibaloia, heziki… Baina ekintza horietatik harago, elkarteek lana eta familia uztartzea ere errazten diete familia askori, besteak beste, umeak goiz hartzeko zerbitzua edota, eskola batzuetan, merienda-zerbitzua eskaintzen dute eta. Aipatutakoei beste egitasmo batzuk gehitu diezazkiekegu, hala nola eskolan Olentzero eta Mari Domingi antolatzea, Inauteriak eta ikasturte-amaierako jaiak. Era berean, kasu gehienetan aktiboki parte hartzen dute herrian antola- tzen diren egitasmoetan, ohiturei eusten edota berreskuratzen lagunduz.
Nolanahi ere, agerikoak ez diren eginkizunak ere badituzte euren ardurapean. Horrela, gurasoen eta familien elkarteak nahitaezko lotura dira eskola-zuzendaritzen eta familien artean, komunikazioa eta ideia-trukea errazteko eta ikasleen eta euren familien interesak defendatzeko. Eskolaren ordezkaritza-organoan parte hartzearekin batera, ikasleen heziketa aberasteko lagungarriak diren egitasmoak bultzatzen eta kudeatzen laguntzen dute, eta aholkua zein laguntza eskaintzen diete familiei. Eskola-komunitatea sustatzea ere beren eginkizuna da, baita ikasgelan zein ikasgelatik kanpo hainbat balio helaraztea ere, esaterako berdintasuna, begirunea, elkarbizitza eta inklusioa. Era berean, harremanetan izaten dira erakundeekin, eta dirulaguntzak eskatzen eta kudeatzen dituzte, eskolan eskaintzen diren zerbitzuak eta irteerak ordaintzen laguntzeko eta familia guztien eskura egon daitezen.
Ikusten diren eta ikusten ez diren ardura horiek guztiak modu egokian aurrera atera ahal izateko, elkarteek ezinbesteko dute boluntarioen lana. Ikastetxea zein den, Txorierriko gurasoen eta familien elkarteetan 9-22 kide izaten dira. Lan-zatirik handiena batzordeek izan arren, kide guztien ekarpena ongietorria da betebeharrak banatu ahal izateko eta gainezka ez ibiltzeko. Horri dagokionez, elkarte guztiek eskatzen dute beren dinamikan familia gehiago inplikatzea. Izan ere, azaldu dutenez, elkarteetan kide gutxi egoteak eragina izan dezake, alde batetik, antolatzen diren ekintzen kalitatean, eta beste aldetik, eskolan hartzen diren erabakietan, familiak behar moduan ordezkatuta ez badaude.
Malguak
Elkarteen barne-funtzionamenduari dagokionez, partaide gehienek ahalegina egin behar dute lana, familia eta elkartea uztartu ahal izateko. Adierazi dutenez, gehienak lanean dabiltza eta elkarteari ordu libreak eskaini behar dizkiote; hortaz, askotan ez da erraza kide guztiak elkartu ahal izatea. Dena dela, teknologia berriek lagunduta, modua topatu dute informazioa kide guztiengana ailegatzeko. Gainera, teknologia berri horiek eta gizarte-sareak ere baliagarriak dira eskolako familia guztiek elkartearen lanari buruzko zuzeneko informazioa izan dezaten. Beste alde batetik, elkartearen baitan arduren edo gaiaren araberako batzordeak egotea ere lagungarria da, ardurei hobeto heltzeko eta lana modu egokiagoan banatzeko. Edozein kasutan, eta inplikazioa ezinbestekoa bada ere, elkarteak malguak izaten dira, eta kideek eta laguntzaileek euren aukerak eta prestasuna kontuan hartuta ematen dute laguntza, elkarteen ohiko dinamikan edo ekintza puntualetan. Datu adierazgarri moduan, azaldu dute elkarte gehienetan partaide gehienak emakumezkoak direla, eta azpimarratu dute elkarteetan gizon gehiagok parte hartzearen beharrizana.
Erakundeetatik jasotzen duten dirulaguntzatik aparte, bazkideek urtero ordaintzen duten diru-kopurua mesedegarria da ekintzak aurrera eraman ahal izateko. Diru-kopuru sinbolikoa da, txikia, eta haren truke familiek abantailak dituzte, adibidez, eskolaz kanpoko ekintzen edo irteeren prezioa merkeagoa izatea. Familia gehienak bazkide egiten dira, eta, salbuespenak salbu, ezagutzen dute gurasoen eta familien elkarteek eskolan egiten duten lana; ikusten den lana, behintzat. Edozelan ere, eskola-komunitatea behar bezala garatzeko, argi dago bertako eragile guztiek batera ibili behar dutela, guzti-guztiek ezinbesteko papera baitute umeen heziketan, bakoitzak, bere arlotik. Gurasoen eta familien elkarteek zubiak eraikitzen dituzte horien guztien artean.
Txorierri Institutuko Ikasleen Gurasoen Elkartea
“Inplikazio handia dugu, familien interesak defendatzeko”
Eskolaz kanpoko ekintzak antolatzeaz gainera, elkarteko kideek arreta handiz jarraitzen diete institutuan sortzen diren beharrizanei, eta, kontatu dutenez, horiek zuzendaritza-taldearekin batera aztertzen dituzte, eta beharrezkoa denean, Eusko Jaurlaritzara ere jotzen dute. Era berean, ikasleei eta familiei errazten diete liburuak eta koadernoak erostea, institutuan bertan ipintzen baitituzte salgai, eta dirulaguntzak eskatzeko ardura dute, familiei liburuak zein irteerak ordaintzen laguntzeko. “Sortzen diren gai guztien jarraipena egiten dugu, badaezpada, eta jakiteko gaiari nola heltzen ari zaion. Bestalde, gutariko batzuk hainbat batzordetan eta eskola-kontseiluan hartzen dugu parte. Inplikazio handia dugu, nahi dugulako familiek erreferente bat izan dezaten, eta haien interesak defendatu nahi ditugulako”, azaldu dute. Nolanahi ere, adierazi dute gero pertsona gutxi azaldu ohi dela elkarteen batzarretara. “Baina hori institutuan zein eskolan gertatzen da. Zergatik? Bada, agian, apur bat «patxadazale» bihurtu garelako, eta pentsatzen dugulako bilerara baten bat joango dela eta modu batean edo bestean enteratuko garela. Dena dela, familia batek arazo edo kezka konkretu bat badu, guregana inongo arazo barik jo dezake gaiari erantzuna emateko. Guk erraztasun guztiak ematen dizkiegu beti”.
Umeentzat Lanean Lezamako Ikasleen Gurasoen Elkartea
“Ikasturte-amaierako jaiak sendotzen gaitu eskola-komunitate moduan”
IGEk deia egin zien familiei ikasturte hasieran, kideen beharra zutelako. Eran- tzuna espero baino hobea izan da. “Bi kide berri ditugu, eta guztira bederatzi lagun gara elkartean. Gainera, lau per- tsonak adierazi digute saiatuko direla. Pozik gaude; hala ere, duda barik, jende gehiago beharko genuke: ideia gehiago egongo lirateke eta lana hobeto banatuko genuke”. Azaldu dutenez, elkartean egoteak konpromisoa eskatzen du, eta askotan zaila da lanagatik edo seme-alabez arduratu behar delako. Nolanahi ere, gustatuko litzaieke beheko ikasmailetako umeen familiak ere elkartean sartzea. “Izan ere, gutariko batzuen seme-alabek bizpahiru urte barru utziko dute eskola, eta haiekin batera, gurasoek”.
Elkartearen lan-erritmoa izugarri handitzen da otsailetik aurrera, ikasturte-amaierako jaia antolatzen hasten dira eta. Egun osoko jaia da, oso berezia, eta helburua da 6. mailako ikasleei agurra egitea, hurrengo ikasturtean institutuan hasiko direlako. “Argazki-album pertsonalizatua egiten diegu, eskolan bizi izandako momentuen irudiak batzen dituena. Oroigarri bana ere ematen diegu: eskolako hontza, beren izen-abizenekin”. Era berean, ekintza pilo bat daude egunean zehar, esaterako, puzgarriak, tailerrak eta ikuskizunak. “Kurutze dantza-taldeak, Ekidazu abesbatzak eta Zorrizketan euskara elkarteak ere parte hartzen dute jaian, eta bazkaria eta askari solidarioa izaten dira. Jaia baino lehen pentsatu behar da zer egin, aurrekontuak eskatu, jaia bera antolatu… eta lan itzela da. Baina jaiaren egunean bertan ere lan handia egin behar da: ekintzez arduratu, txosna ipini, txandak egin… Eskola-komunitate osoa inplikatzen da. Jaiak sendotzen gaitu eskola-komunitate moduan”.
Perretxikoak Zamudioko Ikasleen Gurasoen Elkartea
“Jantoki-eredu jasangarriagoa eta hezitzaileagoa nahi dugu”
Elikadura eta jantokia dira elkartearen kezka nagusietakoak. “Elikadura-ohitura osasungarriagoak izateaz gainera, eskola-jangela hurbilagoa, bidezkoagoa eta hezitzaileagoa izatea dugu helburu”. Helburua lortzeko, hainbat ekimen ipini dituzte abian: Elikagai Batzordea sortzea, BIGE Bizkaiko Ikasleen Gurasoen Federaziora jotzea laguntza bila, eskolarekin batera jantokiaren dekalogoa egitea; “Gure platera, gure aukera” ekimenean parte hartzea eta beste ikastetxe batzuetako jantoki-ereduez hausnartzea, batzuk aipatzearren.
Azaldu moduan, elkartearen nahia da bazkaria eskolan bertan prestatzea, 0 kilometroko elikagaiak erabilita. “Gertuko ekoizleekin lan egin nahi dugu, eta jantoki-eredua jasangarriagoa izan dadin, ingurumena zaindu dezan eta lanpostu duinak sortu ditzan”. Hala ere, adierazi dute gobernuaren jarrera guztiz kontrakoa dela. “Joan den ikasturtean enpresa-aldaketa izan zen, eta hainbat intzidentzia egon ziren. Horiek batu, eta BIGEra bidali genituen haiek jakinaren gainean egoteko eta Eusko Jaurlaritzara bidaltzeko; ez dugu erantzunik jaso. Bestalde, alkate ohiak erraztu zigun Jaurlaritzako ordezkari batekin hitzordua, baina horren ondoren ez dugu berririk izan. Egungo alkateari ere eskatu diogu laguntza, eta berrien zain gaude”.
Esan dutenez, 50 ikastetxe inguruk eskatu diote Jaurlaritzari jantoki-eredua eraldatzeko, eta erantzunaren zain daude. “Aztertuko dugu BIGEren bidez aldarrikapen bateratua egitea, eta ikasturte honetan gaia nola bideratu”.
Goikolanda Txiki Erandiogoikoko Ikasleen Gurasoen Elkartea
“Neuroaniztasuna ikusgai egin nahi dugu”
“Guztiok gara ezberdinak, denok gara bakarrak” egitasmoa sustatu dute aurten. “Neuroaniztasunari lotutako gero eta kasu gehiago ikusten gabiltza gure inguruan, eskolan bertan, herrian, auzoan…, eta askotan diagnostikoa jasotzen duten familiak ere galduta dabiltza. Hortaz, IGEtik laguntza handia eskaini dezakegula pentsatu dugu”. Egitasmoak bi helburu ditu. “Alde batetik, familiek jasotako diagnostikoak ikusgai egitea; eta bestetik, familiei horiei laguntza ematea”.
Helburuei heltzeko, zenbait ekintza antolatu dituzte datozen hilabeteetarako. “Gurasoontzako heziketa-saioak egongo dira, neuroaniztasuna eta berari lotutako diagnostikoak hobeto ezagutzeko eta nola jokatu behar dugun jakiteko. Era berean, jai handia egingo dugu azaroaren azken asteburuan. Hainbat tailer eta jolas egongo dira, guztion artean egiteko eta jolasteko, eta bakoitzak bere trebetasuna erakusteko”.
Azkenik, Whatsapp laguntza-taldea sortu dute, familiek euren esperien- tziak trukatu ditzaten eta elkarri laguntza eman diezaioten. Laguntza esparru pertsonalean zein administratiboan ematen dute.
Gorondagane Sondikako Ikasleen Gurasoen Elkartea
“Zenbat eta familia gehiago izan, hainbat eta egitasmo gehiagori heldu geniezaieke”
Hogei lagun inguru dabiltza elkartean lanean, baina laster egoera berriari egin beharko diote aurre. “Batzuek elkartea utziko dute, seme-alabek ere eskola utziko dutelako. Oso inplikazio handia izan dute elkartean, eta lan handia egin dute. Beste aldetik, jende berria sartu da, lan egiten jarraitzeko gogotsu, beti dagoelako zer egin eta hobetu”. Nolanahi ere, adierazi dute beti jendea behar dela, “elkartean sartzen diren guztiak ez baitira beti seme-alabek eskola amaitu arte geratzen. Parte hartu nahi dituzten familiak behar ditugu, behar den guztian parte hartzeko prest daudenak; hori ez da gutxi, eta zaila izan ohi da”.
Azpimarratu dutenez, ezinbestekoa da jendea elkartean sartuz joatea erreleboa egoteko. “Gainera, interesgarria da ikasmaila guztietako jendea egotea, ikuspegi zabalagoa egoteko eta ikasle guztien beharrizanei eta interesei modu egokiagoan heltzeko. Azkenean, zenbat eta familia gehiago izan, orduan eta elkartasun handiagoa egongo litzateke eta hainbat eta egitasmo gehiagori heldu geniezaieke, hala nola mendi-txangoei, patioak hausnartzeari edo eskolako maskota berreskuratzeari. Gurasoen elkartea familien eta eskolaren arteko ezinbesteko lotura da; hortaz, bertan inplikatzera animatu nahi ditugu familiak”.
AFA Derioko Eskola
“AFA terminoak hobeto adierazten ditu familia-eredu guztiak”
Derioko eskolako gurasoen elkarteak izena aldatu du, eta ikasturte honetatik aurrera Ikasleen Familien Elkartea da: AFA. “Begi-bistakoa denez, familiak aldatu dira, nahiz eta, beharbada, gizarteak aldaketa erritmo berean onartzen ez duen. Nolanahi ere, gero eta elkarte gehiago dabiltza izena aldatzen, eta hainbat arrazoirengatik da, baina batez ere inklusioarekin eta familien egituraren aniztasunarekin du zerikusia”.
Azaldu duten moduan, AMPA terminoa aitei eta amei dago lotuta, baina familia-motak aldatuz joan dira etengabe. “Hainbat familia-egitura daude gaur egun: nuklearra, tutoretzakoa, abegi-hartzailea, adopziokoa, birsortua, gurasobakarra, homoparentala, guraso biologikoak ez diren pertsonek osatua… Hortaz, izen-aldaketak islatzen du eskola-komunitatea ez dutela bakarrik amek eta aitek osatzen, pertsonen sare zabalago batek baizik. Terminoaren baitan dago ikasleen heziketan eta ongizatean modu aktiboan parte hartzen duen familiaren edozein kide. Era berean, ez du genero-konnotaziorik. Hori dela eta, uste dugu AFA termino neutralagoa dela eta aipatutako familia-eredu guztiak hobeto adierazten dituela”.
Dagoeneko, familien elkarteak adierazteko, AFAren antzeko terminoak erabilzen dituzte hainbat herrialdetan. “Ondorioz, heziketa-esparruan koherentzia handiagoa eta hizkuntza unibertsalagoa daude”.
Txinpasmendi larrabetzuko ikasleen Gurasoen Elkartea
“Osasunaren inguruko kezka handia da mugikorraren erabilera”
Guraso-talde batek eta gurasoen elkarteak elkarlanean, iazko ikasturtean Larrabetzu Altza Burua egitasmoa ipini zen martxan. “Helburua da umeei telefono mugikorra ahalik eta beranduen ematea. Gurasoak ikasmailaka elkartu ginen, eta maila bakoitzean erabakiak hartu ziren. Seigarren mailan zeudenek, esaterako, DBH ere mugikorrik gabe hastea erabaki zuten”. Egitasmoa Txorierri osora zabaltzeko asmoa dute. “Harremanetan ipini gara gainerako gurasoen elkarteekin, gaiari elkarrekin heltzeko. Azken batean, umeak elkarrekin izaten dira institutuan, eta elkarrengan dute eragina. Oso erantzun positiboak jaso ditugu, ze mugikorraren erabilera osasunaren inguruko kezka handia da”.
Beste aldetik, ikasgelan umeek egiten duten pantailen erabilera ere hausnar- tzen dabiltza. “Liburuen ordez, chromebook-ak erabiltzen dituzte 5. eta 6. mailetan, eta etxeko lanak ere chromebook-en bidez egiten dituzte. Hortaz, eskolan pantailaren aurrean ematen dituzten orduei etxean ematen dituztenak gehitu behar dizkiegu. Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, egunean gehienez bi ordu eman beharko genituzke pantailen aurrean, eta gutxiago umeen kasuan. Gauza ez da ez dela pantailarik erabili behar, baizik eta gehiegizko erabilerak zer dakartzan: onura ala kalte gehiago”.