Ivan Gomezek bihotz-bihotzez eskertu ditu txorierritarrek valentziarrekiko izan dituzte solidaritate-keinu guztiak. Gomez Aldaia herrikoa da, eta bere emaztea, Paiporta herrikoa; DANAk gehien astindu zituen herrietakoak hain zuzen. Familia duela bi urte etorri zen Lezamara bizi izatera, Gomez Athleticen lanean hasi zen eta. Azaldu digunez, katastrofearen berri izan zuenean, ez zuen sinesten. “Nahiz eta irudiak ikusi eta testigantzak entzun, ez zara katastrofearen tamainaz kontziente. Asko larritu nin-tzen, ez nekielako egoera benetan zein zen. Hara joateko beharra sentitu nuen”.
Gomezek Aldaian eta Paiportan ditu familia eta lagunak. “Ez genuen arazo handirik izan senide gehienekin harremanetan ipintzeko; hala ere, lau egun eman genituen amaginarrebaren berririk gabe eta txarrena pentsatu genuen. Baina, zorionez, komunikazioek ez zutelako ondo funtzionatzen izan zen. Senide eta lagun guztiak daude ondo, eta gehienbat kalte materialak jasan dituzte: batzuek ibilgailua galdu dute; beste batzuek, tamalez, etxea edo negozioa”. Gomezek baimena eskatu zion klubari Valentziara joateko, eta materiala eramateko furgoneta bat ere eskatu zion. “Bidaia egingo genuela komentatu genuen Lezaman, eta alkateak deitu zidan laguntza eskaintzeko. Albistea herrian zabaldu zen, eta lezamarrak ere antolatzen hasi ziren material-bilketa egiteko. Itzela izan da, eta bi bidaia egin ditugu furgonetak eta kamioi bat materialez beteta. Besteak beste, eraman ditugu botak, garbitzeko materiala, frontalak, musukoak, pixoihalak, karcherrak, janaria… Lehen bidaian Aldaiako, Paiportako eta Picanyako herritarren artean banatu genuen materiala, baina bigarren bidaian atondutako pabilioi batera eraman dugu, materiala benetan behar dutenengana heltzen dela bermatzeko”.
Ivan Gomez
Athleticeko teknikariaren esanetan, erabateko kaosa topatu zuten Valentziara ailegatu zirenean. “Ezin zen kaleetatik igaro, ez zegoen norabiderik eta ahal moduan gidatzen zen… Paisaia atsekabegarria ikusi genuen: ibilgailuak edonon, suntsituta, buelta emanda, lokatza, kanaberak, urak eramandako guztia zabalduta, altzariak kalean… Jende asko eta asko ere ikusi dugu lanean, Estatuko hainbat herritatik ailegatutako suhiltzaileak, poliziak, lagunak… Baita kalteak jaso dituzten herritarrak ere”. Kontatu digu egonezin eta tristura handia sentitu zuela. “Emaztearen lagunik onenak, esaterako, den-dena galdu du, eta elkartu ginean denbora luzez izan ginen elkar besarkatuta eta negar egiten… Ez dago kontsolamendurik. Nolanahi ere, asko eskertzen dute jasotzen dabiltzan laguntza guztia. Sentimendu kontrajarrien mukurua da: tristura, baina poztasuna ere, jendea ondo dagoelako… Eta oso shock handia, herria eta kaleak horrela ikusteagatik”.
Denbora luzea beharko dute valentziarrek normaltasunera-edo itzultzeko, eta Gomezek esan digu batez ere eskatzen dutela haiekin ez ahaztea. “Orain lagun- tza handia jasotzen dabiltza, baina honek luze joko du, eta denboraren poderioz laguntzarik ez jasotzearen beldur dira”. Hasierako lerroetan adierazi moduan, orrialde hauetatik Gomezek eskerrak eman nahi dizkie lezamarrei, Lezamako Udalari eta txorierritarrei, agertutako solidaritateagatik. “Eta bereziki Iban Albonigari eta Gaizka Saezi eta euren familiei, ahalegin handia egin dutelako nirekin Valentziara joateko”.
Egun normala
Maider Barrena zamudioztarrak bi urte eta erdi daramatza Torrent herrian, eta DANAk etxean harrapatu zuen. “Egun normala zen. Ez zuen euri askorik egiten, eta bikotekidea gimnasiora joan zen. Arratsaldeko 7etan deitu zidan, oso urduri, eta esan zidan autoan zegoela eta ura gerriraino ailegatzen zitzaiola eta autotik irten behar zuela”.
Maider Barrena
Kontatu digunez, bikotekidea Paiportako gimnasio batera joan ohi da. “Argindarra joan zen, eta etxera itzultzea erabaki zuen. Errepidean dena zen normala, eta ez zuen euririk egiten, baina bat-batean uholdea ikusi zuen berarengana hurbiltzen, erreka handi bat moduan, eta konturatu orduko urak harrapatu zuen. Autotik nola irten zen entzun nuen, baita uraren zarata ere. Atzetik zetozen autoen gidariei aurrera ez jarraitzeko oihuka- tzen ziela entzun nion; oso larrigarria izan zen”. Komunikazioak eteten ziren txitean-pitean, eta Barrenak eta mutil-lagunak tarteka lortzen zuten elkarrekin hitz egitea edo mezuak elkarri bidaltzea. “Gidari batek hartu zuen, eta industrialde batean dagoen supermerkatu handi batera joan ziren, supermerkatua gain batean dago eta. Ura supermerkatura ere sartu zen, eta bertan 20 bat lagun harrapatu zituen. Teilatura igo behar izan zuten. Telefonoz hitz egiten genuen, baina estaldura oso txarra zen eta komunikazioa eteten zen… Bideoaren bat ere bidali zidan, eta supermerkatuaren kanpoaldea urak hartuta ikusten zen, urak parkineko autoak eroaten…”.
Zamudioztarraren bikotekidea eta gainerakoak goizaldeko ordu batak arte izan ziren supermerkatuko teilatuan. “Ur-mailak behera egin zuen, eta etxera itzultzen saiatuko zela esan zidan. Beste gizon batekin, 10 kilometro egin zituen Paiportatik Torrentera, oinez eta metroko burdinbideari jarraituta, ez zegoelako beste modurik. Paiportaren egoera penagarria zela kontatu zidan: jendea kalean, etxeak eta dendak suntsituta, autoak bata bestearen gainean…”. DANAk Torrent ere astindu zuen arren, gazteak esan digu bera bizi den inguruan ez dela hain kalte material larririk egon. “Poyo sakana pasatzen da herritik, eta haren hurbil dauden etxeak suntsitu dira; herriko gainerakoak ondo daude gutxi gorabehera. DANA pasatu eta hurrengo egunean ur eta estaldura barik izan ginen, baina barikurako bagenuen berriro zerbitzua. Herritik ateratzea eta herrira sartzea, bestalde, korapilatsuagoa da, Torrenten genituen bost zubietatik bakarrik bat zutik geratu baita”.
Metro barik eta errepideen egoeraren ondorioz, valentziarrek zail-zail izan dute joan-etorriak egitea. “Nik Valentzia hirian egiten dut lan, eta nagusia motoz etorri da nire bila lanera eramateko, eta gero etxera ekarri nau. Hogei minutu dira Torrentetik Valentziara, baina lehen egunetan bi ordu-edo behar ziren ibilbidea egiteko; 45 bat minutu motoz”. Barrenak eta bikotekideak autoa galdu dute, baina azpimarratu du, zorionez, haiek zein lagunak eta ezagunak ondo daudela. Urriaren 29a edozein egunen antzera hasi zen haientzat. “Abisu laranjan geunden, baina ez genuen inondik inora imajinatzen hondamendi hau gertatuko zenik. Bizitza normala egiten genbiltzan, eta bat-batean… Niri 20:30ean ailegatu zitzaidan alerta-mezua, eta mutil-lagunari, 20:00etan, supermerkatuan urez inguratuta zegoela”.
Kaosa
Valentziara ailegatu zirenean erabateko kaosa topatu zutela kontatu digu Jon Urkixo suhiltzaile larrabetzuarrak. Bilboko suhiltzailea da, eta Alfafar herrian izan da lanean beste 13 lankiderekin batera. Bertara azaroaren 5ean abiatu, eta hilaren 8an bueltatu ziren. “Harrigarria, benetan… Ze errepidetik gindoazela dena normal-normal ikusten genuen, eta bat-batean kaosera heldu ginen. Menditik jaitsitako ura mingain handi bat izango balitz moduan handituz joan zen, eta eragina izan zuen eremuaren egoera ikaragarria zen: dena suntsituta, autoak autoen gainean, lupetza edonon… Kamioitik jaisteko ere kontuz ibili behar zen, lupetza belauneraino heltzen zitzaigun eta. Kale guztiak berdin zeuden… Hasieran jende gutxi geunden, baina gero militar gehiago etorri ziren, poliziak, kamioiak, hondeamakinak, helikopteroak zeruan… Ni ez naiz inoiz gerra batean egon, baina balez aparte, horrela izan behar da…”.
Suhiltzaile-lanetan ibili ziren Alfafar herriko kale batean, 8 de marzo kalean hain zuzen. “Ura ateratzeko bonba batzuk eraman genituen, ekipo elektrogeno handi bat, palak, mazoak… Kalea garbitzen eta garajeetatik eta eraikinetatik ura kentzen ibili ginen, baina gu ura ateratzeko prestatuta gaude, ez lokatza, eta bonbak trabatzen ziren, edo materiala apurtzen zen… Orduan, jendeak euren materiala uzten zigun, eta asko lagundu. Zerbait egiten hasten ginen, eta bazeuden hainbat lagun gurekin lan egiteko prest. Eskuz esku lan egin dugu bertokoekin, eta alderdi politiko guztietako jendea ere ikusi dugu elkarrekin lanean”. Antolaketarik eza ere bazegoela kontatu digu, eta bakoitzak ahal zuena egiten zuela. “Adimena zorrozten ibili behar izan genuen, eta momentu bakoitzean zer egin erabaki, baina, bueno, onak gara horretan… Nolanahi ere, beti zegoen zer egin, eta ez ginen ezta segundo batean ere gelditzen: ura ateratzeko bonbek funtzionatzen ez bazuten, adibidez, etxerik etxe ibiltzen ginen zer behar zuten galdezka. Gaua Picassent herriko kiroldegian ematen genuen, eta goiz-goizean berriro lanean”.
Jon Urkixo
Kale bakar batean ibili baziren ere, Urkixoren esanetan, hiri bat balitz moduan zen, lan pilo bat egin behar zelako. “Lehen egunean, kaosa nagusi zen kale horretan, baina bigarren egunean bazegoen handik pasatzea. Gu kalea garbituz joan ahala, atzerako hondeamakinek lokatza kentzen zuten, eta hornidura-puntuak ipintzen ziren, hangoek ez zutelako ez janaririk, ez gasik, eta askok ere ez zuten argindarrik”. Larrabetzuarrak herritarren jarrera gailendu du, nahiz eta egoera guztiz etsigarrian dauden. “Ahal zuenak lanean laguntzen zigun, edo zerbait jateko edo kafea ekarri. Gehienetan irribarrea ahoan, ze umorea ez galtzea funtsezkoa zen hain egoera penagarrian…”. Psikologo-lanak ere egin behar izan zituzten. “Gure lanagatik, hainbat motatako egoeratan izan ohi gara, eta ikasi dugu gehienetan hobe dela isilik egotea eta entzutea. Batek negarrez kontatzen zigun bere senide bat hil zela; beste batek den-dena galdu zuela… Adineko emakume baten senarra etxean ito zen, eta gorpua hiru egunean izan zen uretan… Bestalde, askok eskatzen ziguten ibilgailuko matrikula har-tzea aseguru-enpresarako, baina batzuetan ibilgailuak pilatuta zeuden garajeetan eta ezin genuen matrikularik hartu”.
Beste alde batetik, aipatu beharra dago Urkixo ahalegindu zela umeentzako pixoihalak eta esnea batzen, eta horiek beste lankide batek eraman zituela furgoneta batean Valentziara. Egoeraren gordintasuna alde batera utzita, suhiltzaileak azpimarratu du esperientzia ikaragarria izan dela. “Oso polita izan da ikustea lekua nola topatu dugun eta nola utzi dugun”. Hori Valentzian bildutako hainbat eta hainbat boluntarioen eta herritarren lanari esker izan da.