Saria Xabier Goienetxe aldizkariaren zuzendariak jaso zuen. Esan zuenez, Aikor aldizkarian ondo dakigu boluntariotza zer den eta zein garrantzitsua den. Izan ere, aldizkaria 2001eko abenduan kaleratu zen lehen aldiz, eta bere sorreratik hona, langileoz gainera, hainbat lagunek hainbat arlotan musu-truk egin dute eta egiten dute lan, egitasmoa garatzeko eta sendotzeko. Lan desinteresatua Aikor aldizkarian ez ezik, TOTOAN Txorierriko Euskara Elkarteen Federazioaren gainerako proiektuetan ere egin dute, hala nola Lan Txorierri enpresa-urtekarian, Berbalagun egitasmoan eta Baserri Antzokian. Hortaz, eurentzat guztientzat da BizkaiaGara sarietako aipamen berezia.
Ekitaldian hiru sari banatu ziren. BizkaiaGara sarietako bat Ausartzen irabazi-asmorik gabeko elkarteak jaso zuen. Erandioko elkarteak egoera zaurgarrian dauden gazteekin egiten du lan. ErrazTEA APNABI elkartearen proiektuak ere jaso zuen saria. APNABI Autismo Bizkaiak Derion du eguneko zentroa, eta ErrazTEA proiektuaren bidez sustatzen du desgaitasun intelektuala edo autismoa duten pertsonak eremu pribatu eta publikoetara sartu ahal izatea. Azken saria Sira Elorriaga derioztarrari eman zioten bere ibilbideagatik. Elorriaga Sutondoan elkartearen sortzaileetako bat izan zen duela 30 urte, eta parte-hartze aktiboa izan du udalerriko bizitza kulturalean eta sozialean. Bestalde, Aikor aldizkariaz gainera, Sondikako Gorantzaileak dantza-taldeak ere jaso zuen aipamen berezia. Dantza-taldea 1968an sortu zen, eta harrezkero taldearen boluntarioak lan ikaragarria egiten dabiltza euskal kultura eta folklorea zaintzeko eta zabaltzeko.
Bizkaiko Foru Aldundiak, BBK-k eta EDE Fundazioak sustatutako egitasmoa dira BizkaiaGara sariak. Esan moduan, esker ona adierazi diete pertsonen eta lurraldearen bizitza hobetzeko bokazioagatik, lanagatik eta laguntzagatik nabarmendu diren pertsonei eta gizarte-eragileei. Gaur, abenduak 5, Boluntzariotzaren Nazioarteko Eguna da.