Zer da aurretiazko borondateen dokumentua?
Hainbat arrazoi tartean, baliteke gure bizitzaren amaieran erabakiak hartzeko gaitasuna modu iraunkorrean galtzea. Egoera horri aurrea hartu ahal diogu, eta dokumentuan adierazi ahal dugu zer nahi dugun eta zer ez, gure ordez beste batek erabakiak hartu behar ez izateko.
Adibidez?
Idatziz esan dezakegu zer nahi ez dugun: bihotza geldituz gero, gu ez erreanimatzea; zunda nasogastrikoa ez ipintzea; kimioterapia edo erradioterapia ez ematea; miaketa-probarik ez egitea… Eta zer nahi dugun ere esan dezakegu: zaintza aringarrien mota, lasaigarria ematea, eutanasia, autopsia egitea nahi dugun… Legez guztiok izan gintezke organo-emaileak, baina dokumentuan adierazi ahal dugu organoak eman nahi ditugun, edo ez. Era berean, ordezkari bat edo batzuk izendatu ahal ditugu, gure nahiak bete daitezela ziurtatu dezaten.
Derrigorrean bete behar da dokumentuan adierazitakoa?
Bai, lege-dokumentua da, eta osasun-langileok bete behar dugu, nahiz eta familia ados egon ez. Are gehiago, legeak ezarri moduan, pazienteak erabakitzeko gaitasunak modu iraunkorrean galdu badu, medikuak derrigorrean kontsultatu behar du bere historia klinikoa, dokumentua eginda duen edo ez jakiteko. Bertan jasotako jarraibideak bete behar ditu, eta, esaterako, eutanasia eskatu bada eta bera objektorea bada, kasua beste mediku bati eman behar dio.
Erabakitzeko gaitasuna modu iraunkorrean galtzeaz zabiltza momentu guztian. Dokumentua aldatu daiteke? Baliogabetu?
Erabakiak hartzeko gauza garen bitartean, dokumentua ez da baliagarria. Gainera, edozein momentutan baliogabetu dezakegu, aldatu edo ordezkatu. Bestalde, argi utzi behar da ez dela inoiz larrialdi-zerbitzuan erabiltzen. Zergatik? Bada, bakarrik baliagarria delako egoera itzulezin batean gaudenean, eta denbora behar da halako egoeran gauden edo ez ikusteko. Beraz, larrialdi-zerbitzura, adibidez, istripu baten ondorioz eramaten bagaituzte, osasun-langileek ohiko laguntza medikoa emango digute.
Nork egin dezake?
Hamazortzi urtetik gorako edozein pertsonak egin dezake, legez ezgaitutzat jo ez badute eta derrigortuta ez badago. Desgaitasuna duten pertsonek ere egin dezakete, beti ere erabakitzeko gaitasuna badute. Adibidez, sinatzeko arazorik badute, aztarna digitala erabili daiteke. Edozein kasutan, gomendagarria da aditu batengana jotzea, izan ere, baliteke ondo ulertzen ez ditugun gauzei buruzko erabakiak hartu behar izatea. Pertsona hori izan daiteke mediku bat edo erizain bat; hala ere, osasun-etxe guztiek ez dute zerbitzu hau eskaintzen. Horregatik gabiltza udalekin lankidetzan.
Nola edo non eskuratu daiteke dokumentuaren eredua?
Dokumentuak 22 urteko indarraldia du, eta eskuz idatzitako papera izan daiteke, edo gaur egun dauden ereduetako bat. Autonomia-erkidego bakoitzak badu bere eredua, eta heriotza duinaren aldeko elkarteek ere eurena egin dute. Guk, zehazki, interesgarriena iruditu zaiguna hartu dugu batetik eta bestetik, eta tailerretan egindako talde-hausnarketak ere hartu ditugu kontuan, gure dokumentua osatzeko orduan.
Nola legeztatzen da?
Notario baten aurrean, edo Aurretiazko Borondateen Erregistroko funtzionario baten aurrean legeztatzen da. Mediku-ikuskari batzuen sinadura eta notarioen sinadura balio berekoak dira, eta iaztik aurrera medikuak eta erizainak ere gaitu daitezke, nahi baldin badute. Beste aukera bat da dokumentua hiru lekukorekin egitea.
Zergatik aholkatzen duzu aurretiazko borondateen dokumentua egitea?
Dolua oso zaurgarritasun handiko momentua da, eta familia oso sentikorra da gertatzen den guztiarekiko. Nire bizitzaren amaiera prestatzen badut, adiskidetzerako eta agur esateko ingurua ahalbidetuko dut, eta senideek, ziur asko, hobeto pasatuko dute dolua. Prestatzen ez badut, aitzitik, baliteke senideek ez dagozkien erabakiak hartu behar izatea, eta horrek zalantzak edota alhadurak ekarri diezazkieke, baita gatazkak edo desadostasunak ere. Ondorioz, dolu txarragoa izan dezakete. Nire ustez, aurretiazko borondateen dokumentua egitea oparirik onena da gure senideentzat, erantzukizunetatik eta erabakietatik salbuespen ditugulako.
Saioak
Victor Landak duela 11 urte hartu zuen erretiroa, Basaurin familia-mediku moduan 30 urte eman ondoren. Hala ere, duela bederatzi urte Osakidetzak mediku erretiratuei egindako deiari erantzun zion, eta harrezkero boluntario dabil, aurretiazko borondateen dokumentua herritarrei hurbiltzen. Jesus Angel Garciarekin eta Julian Bajorekin lanean dabil Landa; horiek ere mediku jubilatuak dira.
“Besteak beste, udalekin gabiltza elkarlanean, eta kultura-etxeetan ere egin ditugu hitzaldiak, zahar-etxeetan… Dokumentua modu indibidualean egin daiteke, baina guk nahiago dugu taldeka egin, gehienez 15 laguneko taldeetan. Aberasgarriagoa da horrela, kezkak eta esperientziak partekatzen direlako, eta zalantzak argitu. Horrek guztiak eragina du dokumentuan: gurea zabalik dago, eta aldaketak egin daitezke pertsona bakoitzaren arabera”.
Azaldutakoaren arabera, bi saio egiten dituzte. “Lehenengo saioan azaltzen dugu dokumentua zer den, eta atalka irakurtzen dugu zalantzak argitzeko. Bi asteko epea ematen dugu ondo pentsatzeko eta dokumentua betetzeko, baita ordezkaria topatzeko ere. Gero berriro batzen gara egindakoa hausnartzeko”.