Plan estrategikoa diseinatu da Txorierrik “Euskadin lehen mailako polo industrial eta ekonomiko gisa duen posizioa mantentzeko eta indartzeko”

Aikor aldizkaria 2024ko abe. 17a, 14:04

EGAZ Txorierri Ekonomia Sustapen eta Enplegu Zerbitzuaren bidez, Txorierriko Udalek – Derio, Larrabetzu, Lezama, Loiu, Sondika eta Zamudio– aurkeztu dute “Txorierriko Jarduera eta Lankidetza Plan Estrategikoa”.  2030. urteari begirako plana da, eta datorren urteetarako lan-ildoak ezartzen ditu, “eskualdeak Euskadin lehen mailako polo industrial eta ekonomiko gisa duen posizioa mantentzen eta indartzen duela ziurtatzeko”, zabaldu dute prentsa-ohar baten bidez.

Azaldutakoaren arabera, plana elkarlanean landu dute eskualdeko enpresa, zentro teknologiko, kluster, prestakuntza-zentro eta enpresa-elkarteekin. Izan ere, Josu Andoni Begoña EGAZ Txorierriko presidentearen eta Loiuko alkatearen esanetan, “beharrezkoa da eskualdean elkarreragiten dugun eragile guztion inplikazio bateratua eta koordinatua, Txorierri Bizkaian eta Euskadin erreferentziazko polo industriala, teknologikoa eta ekonomikoa izaten jarraitzeko”.

Plana Derioko Kultur Birikan egindako ekitaldian aurkeztu dute. Bertan, Alex Loustaunauk, EGAZ Txorierriko gerenteak, azaldu zuen Txorierrik azken hamarkadetan izandako bilakaera eta garapena: 20.000 biztanle eta Bizkaiko bizitegi-lurzoruaren % 6,7 ditu; 40.000 pertsonak lan egiten dute bertan; eta lurraldeko enpresa-lurzoruaren % 23 biltzen du. Cristina Mugica, Bizkaiko Foru Aldundiko Lurralde Lehiakortasunerako eta Kanpo Sustapenerako zuzendari nagusia, ere izan zen aurkezpenean, eta iragarri zuen 2025ean 31 milioi euroko laguntza bideratuko zutela industria- eta zerbitzu-enpresa txiki eta ertainetara. Txorierriko 144 enpresak jaso dute laguntza hori 2020tik 2023ra bitartean.

Plana garatu da Bizkaia Orekan Sakonduz sareko Eskualdeko Lehiakortasuna Bultzatzeko Programaren baitan. Dokumentuan datozen urteetarako ezarritako ildo estrategikoen artean hurrengoak daude: eraldaketa digitala eta teknologikoa, jasangarritasuna bultzatzea (industria deskarbonizatzea eta baliabideak hobeto kudeatzea), berrikuntza, espezializazio industrial adimendua sustatzea, talentua antzematea erraztea eta poligonoak egokitzea eta modernizatzea.

Jakinarazi dutenez, plana egitean bildutako datuen arabera, “Txorierrik Bizkaiko eta Euskadiko batez bestekoaren gainetik mantentzen ditu enpleguari buruzko datuak, baina zerbitzuen sektorera bideratzen dabil. Izan ere, industria-enplegua % 29,9koa zen 2008an, baina % 26,2koa, 2022an”. Aurreko lerroetan esan moduan, eskualdeko eragileen arteko lankidetzaren garrantzia azpimarratzen du planak, baita enpresek dituzten zailtasunak kontuan hartzea ere. “Enpresek aipatzen dute zaila dela langile kualifikatuak aurkitzea makina espezializatuak erabiltzeko, prozesuak optimizatzeko eta produktu eta zerbitzu berriak garatzeko. Horrela, soilik % 9k adierazi du Lan Hezkuntzako ikastetxeekin lankidetzan aritu ohi dela, behar duten espezializazioa betetzeko arautu gabeko prestakuntza eskasia dela eta”.

Erronkak

Bestalde, prentsa-oharrean jaso moduan, lehiakortasuna hobetzeko lan egiteko erronka du eskualdeak, eta jasangarritasunerako eta klima-aldaketara egokitzeko neurriak ezartzeko erronka ere bai. Horrela, Txorierriko biztanleko kontsumo elektriko industriala Euskadiko batez bestekoa baino % 134 handiagoa da gaur egun, eta Bizkaiko batez bestekoa baino % 179 handiagoa. “Teknologia garbiak eta energia-eraginkortasuna sustatzearen, emisioak murriztearen eta baliabideak modu arduratsuan kudeatzearen aldeko apustua eginez, Txorierrik aldeko jarrera lortu dezake merkatu globalean, zeina jasangarritasunean gero eta gehiago oinarritzen dena”. Era berean, enpresen hitzetan, hobetzeko aukera dago arlo hauetan: industria-eremuen egoera, aparkaleku-kopurua, segurtasuna, errepideen konponketa eta zerga eta kargen igoera.

Helburuak lortzeko, Konpromiso Partekatuen Gutuna sinatu dute Txorierriko eragileek, erakundeek eta Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak. Gutun horren bidez hartu dute Plana ezartzeko konpromisoa, “eta elkarrekin lan egiteko konpromisoa, Txorierrin eredu ekonomiko kooperatiboa eraikitzeko, berrikuntzak, jasangarritasunak, talentuak eta enpresa-lehiakortasunak bultzatuta”, esan zuen Esther Apraiz Derioko alkateak. Plan estrategikoa gobernantza-eredu bateratu baten bidez eramango da aurrera. Plan Estrategikoa Nazio Batuen Garapen Iraunkorreko Helburuekin bat etorrita egin da.  

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).