Bizitzaz betetako hilerria

Aikor aldizkaria 2025ko urt. 8a, 11:15

Felix Fraile Argazkilaria

Fauna del cementerio de Bilbao liburua argitaratu berri du Bilboko hilerriak. Liburuan batutako animalien artean daude hegaztiak, intsektuak, moluskuak eta anfibioak. Animalia bakoitzaren ezaugarri morfologikoak eta ohiturak azaldu dituzte liburuan, eta argazki ederrez apaindu. Felix Fraile Parte derioztarrak egin ditu irudiak. Agerian utzi duenez, bizirik dago hilerria.

Liburua egiteko ideia Frailek izan zuen. “Izugarri gustatzen zait hegazkinei argazkiak egitea, eta askotan hurbiltzen naiz Bilboko hilerrira argazkiak egitera. Egun batean, zuzendariak kontatu zidan landaretzari buruzko liburua argitaratuta zutela, eta nik proposatu nion faunaren gainekoa ere egitea. Izan ere, uste baino animalia gehiago ikusi daitezke hilerrian, eta, gainera, banituen argazki batzuk aterata. Materiala batzen jarraitu nuen, eta liburu bat osatzeko nahiko argazki zegoela ikusita onartu zuten proiektua”.

Liburuan 100 argazki inguru batu dira, baina Frailek askoz gehiago atera ditu. “Urtebeteko lana izan da, eta ezingo nuke esan guztira zenbat argazki egin dudan. Ordu eta egun asko izan dira, eta horiek ere ezingo nituzke zenbatu”. Hilarri eta gurutze artean ibili da bizitzaren bila, eta hilerriko belardietan eta urmaelean ere topatu du fauna. Beti isilean, zarata egin gabe, animaliak ez uxatzeko. Eginkizuna patxadaz ere hartu behar izan du, eta presa barik egon da zain, harik eta suertea aldekoa izan, eta momentu perfektua kameraren teleobjektiboarekin harrapatu duen arte.

Itxaronaldian, hilerrian ikustea espero ez zuen animaliekin egin du topo, adibidez, mokozabal arruntarekin eta tximeleta carderarekin. Eguneroko zereginetan ere harrapatu ditu batzuk, esaterako, bazkaltzen zebilen sugandila edo kopulatzen zebiltzan tximeletak. Egun batzuetan esku hutsik itzuli da etxera, baina beste batzuetan sorpresa atsegina hartu du, jakin barik animalia berria fotografiatu zuela ordenadorean ikusita. “Okil handiari argazkia atera- tzea kostatu zait gehien. Izan ere, oso hegazti zaputza da, eta norbait dagoela sumatu bezain laster alde egiten du. Nik banekien gutxi gorabehera nondik zebilen, eta egun batzuk eman behar izan nituen bere atzetik”.

Argazkilaria

Fraile pozik baino pozago azaldu da Fauna del cementerio de Bilbao liburua eskuan duela. Zerbaitegatik da bere argazkiak liburu batean argitaratzen dituzten lehen aldia. Duela urte batzuk erretiroa hartu zuela, orain traba barik gozatu dezake bere zaletasun handia: argazkilaritza. “Lehen argazki-kamera 1980an erosi nuen. Izugarri gustatzen zitzaidan, eta gustatzen zait, faunari buruzko argazkiak egitea. Gero hasi nintzen familiari egiten, bidaietan ateratzen… Eta Deriora ezkondu nintzenean –Portugaletekoa naiz– , ikaratuta gelditu nintzen hegazkinekin eta spotting munduan – hegazkinei argazkiak egitea– sartu nintzen. Batez ere Bilboko eta Madrilgo aireportuetan hartzen ditut irudiak, eta erakustaldiren batera ere joan izan naiz”.

DAT Derioko argazkilaritza-taldearen kidea izateaz gainera, IZAE Zamudioko argazkilaritza-taldearen partaidea ere bada. Eta, jakina, Euskadiko Spotters taldearen kidea. Kontatu digunez, argazki ederrak egiteko aukera topatu du bisitatu dituen herrialde guztietan, eta gustatuko litzaioke Islandiara joatea bertako ur-jauziak fotografiatzera. “Baina argazkia egitea ez da klik egitea eta listo. Enkoadraketa, argia… hartu behar dira kontuan, eta zure bidaia-lagunei argazkilaritza zuri bezainbeste gustatzen ez bazaie, akabo! Batzuetan hobe da bakarrik joatea (kar-kar)”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).