Euskara zaletasun

Aikor aldizkaria 2025ko urt. 16a, 14:36

Aurtengo berbalagun taldeak martxan dabiltza irailetik hona. Helburuak dira, besteak beste, euskara praktikatzeko guneak eskaintzea, parte-hartzaileak erabileran trabatzea, galdutako ohitura berreskuratzea eta harreman berriak euskaraz egitea. Ondorioz, egitasmoaren bidez, hiztun berriak gizarteratzen dira, euskararen erabileran eragiten da eta euskara zaletasun bilakatzen da.

Nolanahi ere, azken urteetan formula berriak sustatu dira, parte-hartzaileen interesetara eta momentuko testuingurura egokitzeko. Formula berri horien artean dago mintzapraktika eta zaletasunak uztartzea. Horri lotuta, Euskal Herrian talde asko sortu dira, esaterako, eskalada egiteko, mendira joateko, kakorratza egiteko edo bizikletaz ibiltzeko; hau da, mintzapraktika eta partaideen zaletasunak batu dira, asteroko hitzorduari beste motibazio bat gehitzeko.

Adibideetako bat Txorierrin bertan dugu: Berbagazte programa. Ane Lopez da arduraduna, eta azaldu duenez, gazteentzat espreski zerbait egiteko beharra ikusi zuten, berbalagun taldeetara ez zirelako hurbiltzen. Gazteen adina kontuan hartuta, bi talde osatu dira: 13 urtetik 15 urtera bitarteko gazteentzako taldea, eta 16 urtetik 30 urtera bitarteko gazteentzako taldea. Horiei hainbat ekintza egiteko proposatzen zaie ikasturtean zehar, hala nola sukaldaritza-tailerrak, surf-ikastaroak eta crossfit-ikastaroak. “Arrakasta handia dauka. Hirurogei gazte baino gehiago aktibatu dira egitasmoaren inguruan, eta oso pozik gaude”. Beste adibide bat da Hondarribiko udal-liburutegiarekin batera martxan jarritako irakurketa- eta mintza-tailerra. Helburua da irakurzaletasuna eta hizkuntzaren praktika uztartzea, erraz irakurtzen diren liburuen bidez eta ulermena eta hiztegia landuz.

2024ko abenduan, Taupa Euskaltzaleen Mugimendua izatera pasatu zen Euskaltzaleen Topagunea. Tauparen erronka nagusia da euskararen erabilera biderkatzeko baldintzak sortzea, “datorrena erabileraren aroa izan dadin”. Euren iritziz, Mintzapraktika egitasmoa gakoa da horretarako, “azken 30 urteetan euskaraz lasai eta eroso aritzeko guneak eta uneak sortu baititu, eta euskal hiztunak ahaldundu eta hizkuntzaren erabilerako pausoa egiten lagundu duelako”. Azaldu moduan, tokian bertan zein nazio mailan norbanakoak aktibatzeko gaitasuna du, eta bakoitzak ahal eta nahi duen heinean parte hartzeko formulak proposatzea du helburu. “Izan ere, euskarak guztiok behar gaitu, eta guztiok ipini dezakegu gure aletxoa hizkuntzaren biziberritze-prozesuan”.

Urte berriarekin batera, egitasmoan izena emateko epea zabaldu da berriro, eta aukera dago talde berriak sortzeko eta zaletasun berriak proposatzeko. Horretarako, https://mintzalaguna. webgunera jo behar da. Bestela, Txorierriko Berbalagun egitasmora ere jo daiteke: 747 447 579 eta berbalagun.txorierri@gmail.com

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).