"Bizkaian bagara. Berbak zubi" programa aurkeztu dute, euskararen erabileran eragiteko

Aikor aldizkaria 2025ko ots. 27a, 14:20

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Taupa euskaltzaleen mugimenduak ‘Bizkaian bagara. Berbak zubi’ egitasmoa aurkeztu dute, euskararen erabileran eta aktibazioan eragiteko asmoz. Programaren bidez, lurralde osoan suspertu nahi da euskararen presentzia, errealitate linguistiko eta publiko ezberdinetara egokituz.

Ardatz nagusiak hauek dira: euskararen erabilera handitzea, hizkuntzaren biziberritze-prozesuan urrats berriak egitea eta biztanleria-sektore berrietara normaltasunez hurbiltzea. Horretarako, datozen hiru urteetan hiru lan-ildo jorratuko dira: tokian tokiko euskaltzaleen aktibazioa eta saretzea; aniztasunaren kudeaketa, euskarara hurbiltzeko baliabideak eskainiz; eta gazteen eta familien artean euskara erabiltzea sustatzeko ekimenak.

Azaldutakoaren arabera, gogoeta-saioak antolatuko dira euskararen aldeko sarea zabaldu eta aberasteko, eta partaidetzazko prozesuak sustatuko dira tokiko euskaltzaleak harremanetan ipintzeko. Era berean, euskaltzaleek osatutako mugimendu zabala osatzeko, aktibazio- eta ahalduntze-aukerak eskainiko dira taupamugimendua.eus plataformaren bidez. Bestalde, hainbat eskualdetan `Auzoko Elkarrizketa’ guneak ipiniko dira martxan, hizkuntza-dinamika berriak aktibatzeko. Gazteei begira, Elkarrizketa Musikatuak antolatuko dira, musika aitzakiatzat hartuta, kultura-erreferenteek ikasleekin euren hizkuntza-bizipenak partekatu ditzaten. Halaber, `Euskararen Kriseilua’ egitasmoak bederatzi herri bisitatuko ditu, familien hizkuntza-ohiturak lantzeko eta aktibazioa sustatzeko.   

Sustatzaileek datu zehatz hauek eman dituzte proiektuari buruz: Bizkaiko 12 eskualdetan eragingo da, 30 herritan/hiritan; lan-ildoak aldi berean landuko dira sei proiekturen bidez; hiru urtean 49 zuzeneko esku-hartze dinamizatuko dira; 10.000 bizkaitarrekin baino gehiagorekin egingo da lan.