Babestutako edukia

Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura

Aikor aldizkaria 2025ko mar. 14a, 12:55

Errigoraren kanpainarik nagusietako bat da “Eskutik eskura”, eta haren bidez Nafarroako hegoaldeko eta erdialdeko produktuak ezagutzera ematen dituzte Euskal Herri osoan. Martxoaren 26ra arte hainbat produktu eskatu ahalko dituzu ekoizlearen jatorrizko prezioan eta euskaraz etiketatuta, hala nola oliba-olio birjina estra, ardoak eta arroz-, pasta-, lekale- eta kontserba-sortak. Hori auzolanean egiten dute, 200 bat herritan urtez urte lanean dabiltzan boluntarioen lanari esker.

Eskutik eskura” kanpainarekin bat egiteak onura asko ekartzen dizkigu kontsumitzaileoi: jaten dugunari buruz informatuta egotea, gardentasuna, erabakitzeko eta eragiteko ahalmena, ahalduntzea, harremanak estutzea, osasuna, komunitatea, kultura eta hizkuntza, batzuk aipatzearren. Hau da, elikadura-burujabetzaren alde egiten dugu. Ondorioz, guztiontzat da onuragarria, kontsumitzaileontzat zein ekoizleentzat eta euskal lurraldeetarako.  

Errigorako ekoizleek azaldu dutenez, “kontsumitzen duguna Euskal Herrian ekoizteaz gainera, elikadura-burujabetza da herritarrok jakien ekoizpenari, banaketari eta kontsumoari buruzko erabakiak hartu ahal izatea. Horretarako, ezinbestekoa da ekoizleen eta kontsumitzaileon parte-hartzea. Izan ere, komunitate osoaren zaintza helburu nagusi dugula, gure miseria elikatzen duten enpresa erraldoien interesak baztertzen ditugu, eta bestelako kontsumo-mota bat bultzatzeak onurak ekartzen dizkigu guztioi”.

Non eskatu?

Nafarroako hegoaldeko eta erdialdeko produktuak www.errigora.eus webgunean eskatu ditzakegu. Bertan, produktu-sorta zabala dugu aukeran, eta erosketa egitea erraz-erraza da: argibideei jarraitu eta listo. Gainera, hiru modu ditugu ordaintzeko: kreditu-txartelaren bidez, bizuma eginda edo eskudirutan produktuak jasotzean.

Ekimen herritarra da Errigora, Euskal Herria oinarri duena, eta auzolana, lanabes. Nafarroako hegoaldea ardaztzat du eta euskara ofiziala ez den zonaldean eragitea asmoa du, hango elikagaiak Euskal Herri osoan zabalduz. “Egun batetik bestera handiagoa den komunitatea da Errigora. Herritarron, nekazarion, ekoizleon, euskaltzaleon eta kontsumitzaileon sarea gara eta ilusio handiz egiten dugu lan. Gure txikitasunetik, elkarlan handia sustatu nahi dugu, Nafarroak Euskal Herria behar duelako, eta Euskal Herriak, Nafarroa”.