"Dakigunaren arabera, emakumeen hormonak menopausia baino 10 urte lehenago hasten dira aldatzen. Espainiako estatuko datuei erreparatuta, emakumeok egun horretara bataz beste 50 urte ditugula ailegatzen gara, eta horrek adierazi nahi du 40 urte ditugula hasten garela hormona-aldaketak izaten”, azaldu digu. Bere esanetan, menopausiari eta aurreko zein osteko etapei buruz gutxi hitz egin da orain arte, eta emakume gehienak gutxi jakinda ailegatzen dira haietara. “Sorpresa handiena sortzen duten gauzetako bat da jakitea emakumeok gorputz osoan ditugula estrogenoak eta hormona femeninoak, eta ez bakarrik sexu-organoetan. Ondorioz, gorputz osoan izango ditugu aldaketak: burmuinean, hesteetan, larruazalean… Batez ere hilekoaren zikloa eta odolgaltzea aldatuko direla pentsatzen dugu, eta gainerako sintomak etortzen direnean harritzen gara".
Beroaldiak dira gehien ezagutzen diren sintomak, baina askoz gehiago daude. “Horregatik, beti galdetzen diet pazienteei zer bizitzen dabiltzan, nahiz eta menopausiaurrearekin lotzen ez duten. Izan ere, zer gertatzen zaigun ulertzea lagungarria da hobeto egoteko”. Arcak aipatu moduan, emakume guztiek ez dituzte ez sintoma guztiak, ez sintoma berberak izango, eta, bakoitzak hobeto edo okerrago bizi izango ditu etapa batetik besterako trantsizioa; are gehiago, emakume batzuek ez dute inongo sintomatologiarik nabarituko, eta beste batzuek oso sintoma biziak izango dituzte.
Sintomen artean aipatu daiteke batzuetan hilekoaren zikloak laburragoak direla eta odol-galtzea handiagoa dela. Beste bat buru-lainoa da. “Burmuinean ere estrogeno-errezeptoreak ditugunez, ez dugu ondo fokalizatzen eta kostatzen zaigu gauzak gogoratzea. Nahiko haserre ere ibiltzen gara, eta nekatuta. Nekeak zerikusia du intsulinarekiko erresistentziarekin, eta batzuetan handi-handia ere izan daiteke. Intsulinak uzten dio zelulak ondo irekitzeari, eta, ondorioz, energia ematen digun glukosa ez da zeluletan lehen moduan sartzen. Gainera, zelulek xurgatu ez duten glukosa hori sabelean pilatzen da koipe moduan”. Artikulazioetako mina eta larruazala siku izatea ere badira sintoma batzuk. “Hala ere, askoz sintoma gehiago daude, eta gehien pairatzen direnak ez izateak ez du adierazi nahi menopausiaurrearekin zerikusirik ez dutenik”.
Orain arte ikerketa gutxi egin dira menopausiari buruz, eta urteetan zehar emakumeek ahal moduan pasatu egin dute. Urteek aurrera egin ahala, emakumeei ordezko hormona-terapia emateko joera egon da, baina azken urteetako ikerketek agerian utzi dute badaudela sintomei aurre egiteko modu naturalagoak, zeharkako efekturik gabekoak. “Nolanahi ere, ordezko hormona-terapia lagungarria izango da emakume batzuentzat, sintomek ez dietelako uzten bizitza arrunta egiten. Edozein kasutan, komenigarria da medikuarekin edo emaginarekin hitz egitea, gure osasun-historia eta -egoera kontuan hartuta, tratamendurik edo konponbiderik onena topatzeko”.
Muskuluak landu
Sintomei aurre nola egin galdetu diogu Arcari, eta lehenengo eta behin indar-entrenamenduari buruz hitz egin digu. “Oso eragin handia du emakumeongan. Giharretan estrogeno-errezeptore asko ditugu, eta giharrak lantzeak lagunduko digu hainbeste muskulu-masa ez gal-tzen eta osteoporosia aurrea hartzen. Gomendioa da astean bitan edo hirutan, 20 minutu inguru, indar-entrenamendua egitea. Intentsitate handiko entrenamendua egitea ere oso lagungarria da; adibidez, 20 segundoan dena eman, eta gero, beste 20 segundoan, atsedena hartu”. Arcak badaki etapa honek emakumeak oso momentu bizi batean harrapatzen dituela, fisikoki zein mentalki, eta nekea dela-eta indar-entrenamenduak egitea ez dela oso erakargarria. “Gehienetan zaintza-lanetan gabiltza murgilduta, bete-betean: seme-alabak, gurasoak… Eta etxeko ardurei kanpoko lana gehitu behar zaie. Baina, emakume bakoitzaren errealitatea zein den, gure buruari garrantzia emateko etapa ere bada, eta kontuan hartu gure burua zaintzeko eskubidea eta beharrizana dugula”. Emaginaren aburuz, sexu-harremanak hausnartzeko momentua ere izan daiteke. “Beste sintoma bat da libido gutxiago dugula, beharbada, penetrazioa mingarria delako. Bada, baginako lehortasunerako lubrifikatzaileak erabili daitezkeen arren, unea ere izan daiteke bikotekidearekin hitz egiteko eta plazera izateko beste modu batzuk topatzeko”.
Elikadura ere tresna garrantzitsua da. “Elikadura osasuntsua eta orekatua izateaz gainera, kontuan hartu behar dugu zein elikadura-mota behar dugun. Esaterako, ez zaigu inondik inora dieta egitea komeni, gure gorputzak denetarik behar duelako”. Era berean, estresa ekiditea lagungarria da, askotan saihe- tsezina bada ere. “Estresak nerbio-sistema erne ibilarazi duenez, kortisol asko sortzen du. Kortisola gastatuz joaten da, baina nerbio-sistemak gorde ere egin behar dugula esaten digu, badaezpada egoera desatseginei edo gogorrei aurre egin behar badiegu ere. Baina ohera joaten gara, eta bat-batean esnatzen gara, gorde eta erabili ez dugun kortisola odoletan sartzen delako. Beste sintoma bat agertzen da orduan, insomnioa”. Hori dela eta, elikaduraren bidez saiatu behar dugu estres gehiagorik ez sortzea. “Idealena da 12 orduko baraua egitea, hesteei laguntzen dielako erlaxatzen eta euren lana egiten. Baina beti ez da erraza egiten, eta bakoitzaren egoeraren arabera egokitu daitezke afariaren eta gosariaren ordutegia. Dena dela, gose handia pasatzen badugu, hobe da ez egitea”.
Denetarik jan
Gakoa da denetarik jatea. “Proteina jan behar dugu, hiru aldiz egunean eta ohikoa baino apur bat gehiago, muskuluei laguntzeko. Hidratoak ere jan behar ditugu, ahal dela, proteinaren ostean eta integralak. Bestalde, komenigarria da patatak eta batatak jan baino 24 ordu lehenago prestatzea, gluzemia-karga apur bat galdu dezaten”. Etapa honetako elikagai izarra da aza. “Bruselazak, brokolia, hosto berdeko aza… Nutriente eta bitamina asko dituztelako. Erremolatxa ere jan beharko genuke egunero, eta arrain urdin txikia, omega3 emateaz gainera, lagunduko digulako larruazaleko azkura sortzen digun kolageno-galerarekin. Fruitu gorriek ere behar ditugun nutrienteak emango dizkigute”. Prebiotikoak, hala nola kefirra, jogurt naturalak eta ondutako aza –chucrut–, lagungarriak dira hesteetako eta baginako mikrobiota osasuntsu izateko.
Elikagaiak edozein modutan prestatu daitezke. “Egia da nutrienteak xurgatzeko orduan modu batzuk beste batzuk baino eraginkorragoak direla, baina inportanteena da esandako elikagaiak gure egunerokotasunean hartzen hastea. Gainera, askotariko elikagaiak behar ditugu eta berdin dio horiek egosita edo frijituta prestatzeak: arreta eman behar digute. Beste aldetik, gure dietatik baztertu beharko genituzke prozesatuak, aurrez prestatutakoak eta opilak. Hala ere, horrek ez du esan nahi noizean behin gure buruari kapritxoren bat eman ezin diogunik”.
Arcaren hitzetan, elikadura-osagarriak ere onuragarriak dira etapa honetan. “Alde batetik, ez ditugu elikagaien nutrienteak lehen moduan xurgatzen, eta bestetik, kutsaduragatik edo lurraren kalitateagatik, gaur egungo elikagaiak ez dira lehengo elikagaiak bezain konpletoak. Horregatik, elikadura-osagarriak hartzeak lagundu ahal digu hobeto sentitzen: magnesioa, nekerako; bitamina D, prozesu metaboliko askotan parte hartzen duelako eta bitamina B xurgatzen laguntzen digulako; edota omega3. Asko daude, eta paziente bakoitzaren sintomak eta osasun-egoera aztertu behar dira, bakoitzari ondoen zer datorkion ikusteko”.
Aipatutako guztia menopausiaren aurreko eta osteko etapetan ezartzekoa da. Arcaren aburuz, gutxi hitz egiten da menopausiari buruz, eta hitz egiten denean zerbait txartzat hartzen da. “Ez da horrela izan behar. Etapa zaila eta korapilatsua da, informazio gutxi eta beldurra dugulako eta, hilekorik ez dugunez, gizartean nagusi den “dagoeneko ez zara emakumea” mezuak gugan pisu handia duelako. Baina informazioa, tresnak eta osasun-laguntza baditugu, etapa bete-betea izan daiteke”.