Hortaz, plana “dagoeneko urbanizatuta dagoena hobetzera dago bideratuta eta lehentasuna ematen die bizitegi-lurzoruak birdentsifikatzeari eta degradatutako industria-lurzoruak berreskuratzeari”. Era berean, Aldundiaren esanetan, “mugikortasun iraunkorragoa sustatzen du eta azpiegitura berdea definitzen du. Azpiegitura berrien aldeko apustua egiten zuen 2006ko dokumentuak ez bezala, LPP berriak egungo eraldaketa sozioekonomikoen arabera birdefinitzen ditu lehentasunak”.
Planaren jarduera-ardatz nagusien artean, Aldundiak hurrengo hauek nabarmendu ditu: bizitegi-lurzoruak birdentsifikatzea, finkatutako hiri-lurzoruaren erabilera optimizatuz; degradatutako eta erabiltzen ez diren industria-eremuak berroneratzea, jarduera ekonomiko berrietarako birmoldatzea erraztuz; garraio publikoaren eraginkortasuna hobetzea, erakundeen arteko akordioen eta kudeaketaren optimizazioaren bidez; eta natura-ingurunea babestea eta azpiegitura berdea garatzea, klima-aldaketaren eraginean arreta berezia jarriz”.
Azaldu moduan, LPP berriak erantzuna ematen die Bizkaiko dinamika sozioekonomikoetan izandako aldaketei. “Plana diseinatzeko, erabakigarriak izan dira hazkunde demografikoaren murrizketa, ekoizpen-ereduaren tertziarizazioa eta kontsumo-ohituren bilakaera. Hiri-mugikortasunak ere izan du aldaketa nabarmena, eta eredu trinkoagoak lehenesten dira orain, bizitegi-dentsitate handiagokoak eta hurbileko merkataritza sustatzen dutenak”. Ikuspegi berriaren helburua da “zerbitzuen irisgarritasuna hobetzea, karbono-aztarna murriztea, gizarte-kohesioa indartzea eta, aldi berean, natura- eta landa-ingurunea babestea. Gainera, bere baitan neurriak sartu dira klima-aldaketaren inpaktua minimizatzeko eta udalek ingurumen-arriskuak modu eraginkorragoan kudeatu ditzaten”.
LPP berriak lehentasunezko lau eremu identifikatzen ditu Bilbo Metropolitarraren barruan. Lehena da Bilboko itsasadarra. “Degradatutako lurzoru industrialak berroneratuko dira erabilera ekonomiko eta sozial berrietarako, eta bi ertzen arteko konektibitatea hobetuko da”. Bigarrena da Txorierriko berrikuntza-ardatza, “teknologia- eta enpresa-garapenerako eragile gisa”. Hirugarrena da Basauri-Galdakao ardatza. “Mugikortasunari eta hiri-integrazioari arreta berezia emango zaie”. Eta laugarrena, Meatzaldea. “Gutxiegi erabilitako lurzoruen balioa handitzea eta baliabide naturalak optimizatzea sustatuko dira”.
Aldundiaren hitzetan, “LPP berriari esker, Bizkaiak aurrera egiten du garapen-eredu eraginkorrago, jasangarriago eta orekatuago baterantz. Eredu horrek gaur egungo erronkei erantzuten die, etorkizuneko belaunaldien ongizatea arriskuan jarri gabe”.