Zehatz-mehatz, 12.497 errenta-aitorpen aurkeztu ziren gaztelaniaz (% 95,95), eta 477, euskaraz. Herrietako datuei erreparatuta, Larrabetzu da euskaraz aitor-errenta gehien aurkeztu ziren udalerria: % 6,9. Guztira 1.223 errenta-aitorpen aurkeztu ziren bertan: 1.193, gaztelaniaz (% 93,1), eta 84, euskaraz. Bere atzean daude Lezama eta Zamudio. Lezaman 1.473 errenta-aitorpen aurkeztu ziren: 1.412, gaztelaniaz (% 95,9), eta 61, euskaraz (% 4,1). Zamudion, bestalde, 1.922 errenta-aitorpen egin ziren, eta 1.845 gaztelaniaz aurkeztu ziren (% 96), eta 77, euskaraz (% 4).
Gainerako herrietako datuei dagokienez, Loiun 1.338 errenta-aitorpen aurkeztu ziren: 1.294, gaztelaniaz (% 96,7), eta 44, euskaraz (% 3,3). Sondikan, 2.807 errenta-aitorpen egin ziren, eta 2.719 gaztelaniaz aurkeztu ziren (% 96,9), eta 88, euskaraz (% 3,1). Azkenik, Derion 4.211 errenta-aitorpen aurkeztu ziren: 4.088, gaztelaniaz (% 97,1), eta 123, euskaraz (% 2,9). UEMAk Bizkaiko datuak ere jakinarazi ditu, eta antzeko joera sumatu daiteke. Gure lurralde historikoan 675.677 errenta-aitorpen egin ziren iaz, eta 648.684 gaztelaniaz aurkeztu ziren, eta 26.993, euskaraz: % 96 eta % 4 hurrenez hurren.
UEMAk adierazi duenez, herritarrak errenta-aitorpena euskaraz egitera bultatzeko kanpaina martxan ipini du bere kide diren udalekin eta foru-ogasunekin elkarlanean. “Errenta euskaraz egiten duen herritarren kopurua urterik urte gorantz egiten duen arren, oraindik urrun dago errealitate soziolinguistikoak erakusten dituen datuetatik. Horretan eragin nahi dugu aurten ere, herritarrei administrazioarekin ere euskaraz egiteko deia eginez”. Jarraitu beharreko argibideak ere eman ditu, errenta-aitorpena euskaraz egiteko.
Argibideak
Kanpainaren baitan azaldu duten moduan, zergadunak errenta-proposamena jaso eta onartzen badu, telefonoz zein Interneten bidez, euskaraz egin nahi duela esan behar du, “eta aurrerantzean Ogasunak euskaraz bidaliko dizkio agiriak”. Hitzordua eskatzen badu, Ogasunarekin euskaraz egin nahi duela adierazi behar du. “Horrela eskatuz gero, Ogasunarekin harremana euskaraz izan dezake, bai aurrez aurre, bai telefonoz zein Internet bidez. Ogasunak sinatzeko ematen duen orria ere euskaraz jaso dezake”. Azkenik, errenta-aitorpena Internet bidez egiten bada, errenta-programaren euskarazko bertsioa jaitsi behar da, eta hobetsitako hizkuntza-atalean euskara aukeratu. “Aholkularitzaren bat aukeratzen bada, berariaz adierazi behar da aitorpena euskaraz egin nahi dela. Beste modu batean egiten bada, adibidez, finantza-erakunde batean, euskaraz egiteko eskatu daiteke”.
2024ko ekitaldiko aitorpena aurkezteko epea ekainaren 30era arte egongo da zabalik Bizkaian. Zergadunek hiru bide izango dituzte zalantzak argitzeko eta aitorpena aurkezteko: aurrez aurrekoa, telefonikoa eta digitala. Izapideak modu digitalean egiteko, www.bizkaia.eus/errenta webgunera jo behar da, edo Renta Bizkaia Errenta aplikazioa erabili. Telefono bidezko arreta jasotzeko, berriz, 946 083 000 telefono-zenbakira deitu behar da lanegunetan, 08:30etik 19:00etara. Aurrez aurreko arreta nahi izanez gero, Foru Ogasunaren bulegoetara eta Aldundiaren Gertu bulegoetara joan behar da. Nolanahi ere, hitzordua eskatu behar da www.bizkaia.eus/errenta webgunean edo 944 066 600 telefono-zenbakira deituta. Aukeratzen duten bidea aukeratzen dutela, UEMAk errenta-aitorpena euskaraz egiteko deia egin die herritarrei.