Zero energetikoa Txorierrin

Aikor aldizkaria 2025ko api. 29a, 14:08

Josune Zabalak aintzanako balantza, agenda eta boligrafoa berreskuratu zituen janari dendan

Oraindik ez dute ofizialki jakinarazi atzoko itzalaldia zerk eragin zuen, baina dakiguna hau da: 12:30ak inguruan energiaren % 60 desagertu zen eta energia-hornidura zero energetikora ailegatu arte jaitsi zen. Ondorioz, itzalaldi orokorra izan zen penintsula iberikoan. Salbuespenak salbuespen, horniduraren ia % 100 berrezarri da, baina atzo Txorierriko herri eta auzo batzuetan 10 ordu ere eman zituzten argindarrik gabe. Egoerak ziurgabetasuna eta eragozpenak sortu zituen, eta herritar batzuek kontatu digute hura nola bizi izan zuten.

Irakurleek jakinarazi diguten informazioaren arabera, argindarra 14:30ak inguruan berrezarri zen Erandiogoikoan, eta apurka-apurka Txorierriko gainerako herrietan. Lezamako Kurtzeko auzoan, esaterako, 14:40ean; 15:30ak inguru, Loiun eta Sondikan; 21:50ean, Zamudioko Leizaola plazan eta Arbolantxa kalean; 22:00etan, Derion eta Zamudioko Geldoko auzoan; 22:30ak inguru, Zamudion; eta 22:50ean, Lezaman eta Larrabetzun. Hortaz, auzo eta herri batzuetan kostatu zen “normaltasunera” itzultzea.

Argindar barik, askok kanpin-gasa atera behar izan zuten bazkaria eta afaria prestatzeko. Larrabetzuko Iñigok, esate baterako, autokarabanako sukaldean egin zuen familiaren afaria. Izaro lezamarrak, bestalde, institutuan harrapatu zuen itzalaldiak. Kontatu digutenez, normaltasunez jarraitu zuten ikasgelaren barruan, baina atzeratu dizkiete atzoko zituzten azterketak. Astelehen arratsalde guztietan moduan, futbolean entrenatzera joan zen, “eta gero, etxean, kanpin-gasean egin behar izan genuen afaria”. Bazkariarekin zein afariarekin kezkatuta ibili ziren asko, baita hozkailuan edota kutxa-izozkailuan zuten janariarekin ere. Josune Zabala lezamarrak janari-denda du herrian. Esan digu atzoko eguna apur bat kaotikoa izan zela, baina batez ere komunikazio-arazoen ondorioz. Nolanahi ere, ondo moldatu ziren dendan. “Antzinako balantza dugu, eta boligrafoa eta agenda ere erabili genuen. Jendea larrituta ibili zen, urduri, eskudirurik ez zutela ordaintzeko. Gauzak eramateko esan genien, elkar ezagutzen dugula eta beste egun batean ordainduko dutela. Ogia amaitu zitzaigun. Jendea pilen bila etorri zen, irratirako eta linternarako”.

Jean Freiverrek taberna du Zamudion. “Arratsaldeko 4etan itxi behar izan genuen, baina ordura arte nahiko normal lan egin genuen. Ezin genituen kafe-makina eta garagardo-kañeroak erabili, baina pintxoak eta botilako edariak saldu genituen. Hori bai, datafonoa ez zebilenez, eskudirutan ordaindu behar izan zuten bezeroek”. Bizkaiko suhiltzaileek igogailuan harrapatutako 61 pertsona erreskatatu zituzten, eta kontatu diguten moduan, Zamudioko Uribe plazako bizilagun bat igogailuaren barruan gelditu zen. Loiu Gurena zahar-etxean badute elektrizitate-sorgailu propioa, eta horregatik itzalaldiak ez zuen bertan eragin handirik izan. “Arazoa izan genuen geletako txirrinekin, baina azkar konpondu genuen eta denak ondo funtzionatu zuen. Gainera, zorionez, ez genuen larrialdirik izan eta egoiliar guztiak egon ziren ondo. Gauza bakarra izan zen telefono-linea ez zebilela eta e-mailak bidali genizkien familiei, lasaitzeko eta euren senideak ondo zeudela esateko. Korreo elektronikoan ibili ginen harremanetan, eta dena ondo irten zen”, esan digu Eunate Lezuriaga psikologoak.

Sondikako ikasleak jantoki/patio-orduan zeuden itzalaldia izan zenean. Eskolako ordezkariek kontatu digutenez, bazkaria prestatu berria zuten eta umeek arazo barik bazkaldu ahal izan zuten. Irakasleek, bestalde, bilera zuten, eta kanpoko argitasunak lagunduta arazo barik egin zuten. Egia esan, lasaitasunez eta normaltasunez bizi zuten itzalaldiaren hasiera. “Gero, kanpoko albisteak jasotzen hasi ginen eta jakin izan genuen itzalaldi orokorra zela. Orduan, lehenengo eta behin, ikasleak seguru zeudela ziurtatu genuen, eta ondoren erabaki genuen arratsaldeko eskola-saioak egitea. Beste aldetik, zenbait guraso eskolara hurbildu ziren egoera zein zen jakiteko, eta batzuek erabaki zuten umeak etxera eramatea, baina, beste batzuek, berriz, dena lasai zegoela ikusita umeak eskolan gelditzea erabaki zuten. Eskola-saioei dagokienez, ordenagailuaz egiteko programatuta zegoena bertan behera utzi behar izan genuen, baina chromebook batzuk kargatuta genituen eta erabili ahal izan genituen; era berean, e-maila bidali ahal izan genien familiei”. Argindarra 15:45ean itzuli zen eskolara, eta normaltasunez jarraitu zuten ikasgeletan. Familiek ohiko ordutegian jaso zituzten umeak.

Argindarrik ez egoteak arazoak sortu zituen errepideetan, enpresetan eta garraio-publikoan. Gainera, komunikazioek ere ez zuten ondo funtzionatu, eta herritar batzuek aitortu digute hasieran urduri ibili zirela. Mahai gainean hainbat hipotesi daude itzalaldiaren jatorriari buruz; hala ere, Red Electricak baztertu berri du zibererasoa.