Sondikak eta Deriok eremu tentsionatu izendatzeko hiru irizpideetatik bat betetzen dute

Aikor aldizkaria 2025ko mai. 6a, 13:00

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak aurkeztu berri du Euskadin eremu tentsionatu izendatu daitezkeen udalerrien zerrenda eguneratuta. Zerrenda horren arabera, 32 udalerrik betetzen dute eremu tentsionatu izendatzeko irizpideren bat, eta haien artean Sondika eta Derio daude.

Zehatz-mehatz, hiru irizpideetatik hau betetzen dute: etxebizitza-merkatuko tentsio eremu izendatu aurreko bost urteetan etxebizitzaren alokairu-prezioak izandako hazkunde metatuaren ehunekoa gutxienez ehuneko hiru puntu handiagoa izatea dagokion autonomia-erkidegoko kontsumo-prezioen indizearen hazkunde metatuaren ehunekoa baino. Izan ere, Euskadiko eremu tentsionatuei buruzko txostena. 2025eko apirila dokumentuaren arabera, Derion etxebizitza alokatzearen batez besteko prezioa 643 eurokoa zen 2018an, eta 771,2 eurokoa, 2023an; beraz, % 19,9ko igoera izan du. Sondikan etxebizitza alokatzeak, bestalde, batez beste 597,3 euro kostatzen zituen 2018an, eta 784,7 euro, 2023an; hortaz, % 31,4 igo da.

Gainerako bi irizpideak dira, alde batetik, tentsio eremu izendatu aurreko bost urteetan, etxebizitzaren salerosketa-prezioa gutxienez ehuneko hiru puntu handiagoa izatea dagokion autonomia-erkidegoko kontsumo-prezioen indizearen hazkunde metatuaren ehunekoa baino; eta beste aldetik, hipotekaren edo alokairuaren kostuak aurrekontu pertsonalean edo bizikidetza-unitatearen aurrekontuan duen batez besteko kargak, gehi oinarrizko gastuek eta hornigaiek, familien batez besteko diru-sarreren edo batez besteko errentaren % 30 gainditzea.

Gaur egun, zazpi udalerri tentsionatu daude Euskadin: Barakaldo, Donostia, Errenteria, Galdakao, Irun, Lasarte-Oria eta Zumaia. Aipatutako txostenean jaso denez, zerrendan sartu litezke Gasteiz, Gipuzkoako 14 udalerri  -Arrasate, Bergara eta Zarautz, adibidez– eta Bizkaiko 17 udalerri – Sondika eta Derioz gainera, Balmaseda, Santurtzi eta Elorrio, esaterako–. Txostena hemen. kontsultatu daiteke.

Denis Itxasok, Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak, adierazi duen moduan, “eremu tentsionatuak izendatzeko, Eusko Jaurlaritzak udalekin egindako itunean oinarritutako eredu bat aukeratu du, eta udalak dira hiru urteko ekintza-plana egiteko arduradunak. Helburua da babestutako etxebizitzen eskaintza handitzea, eta horretarako, Eusko Jaurlaritza prest dago babes ofizialeko etxebizitzak alokairu-erregimenean eraikitzen laguntzeko”. Horri lotuta, udalei eskatzen die “lurzoruak detektatzeko eta eskuragarri jartzeko, udal-ordenantzak aldatzeko, etxebizitza hutsen fenomenoari aurre egiteko estrategiak ezartzeko, eta udal-eskumeneko beste neurri batzuk hartzeko; horiek gabe tentsionamendutik ateratzea zaila izango litzatekeelako”. Sailburuaren esanetan, ikuspegi horrek beharrezkoak ez diren konfrontazio juridikoak saihesten ditu eta etxebizitzako politika kooperatiboa eta eraginkorra eraikitzea ahalbidetzen du. Era berean, azaldu duenez, “eremu tentsionatu izendatzeak ahalbidetzen ditu tentsionagarri moduan identifikatutako udalerrientzat etxebizitza-politika publikoaren esku-hartze espezifikoak, eta, ildo horretan, Eusko Jaurlaritza lege-erreformak sustatzen dabil, eremu tentsionatuaren figurari irismen handiagoa emateko”.

Beste alde batetik, https://eremutentsionatua.euskadi.eus webgunea ipini da abian, Euskadiko bizitegi-merkatu tentsionatuko eremuei buruzko informazioa emateko. Bertan informazio eguneratua jasotzen da eremu tentsionatu izendatutako udalerriei buruz eta horietako bakoitzak datozen hiru urteetan bizitegi-tentsioari aurre egiteko garatuko dituen ekintza-planei buruz. Halaber, gida bat dago webgunean, sarritan egiten diren galderak batzen dituena, eremu tentsionatuek maizter eta jabeei nola eragiten dieten jakiteko.