Azaldutakoaren arabera, kontratazioen % 39 lanaldi osokoak eta mugagabeak izan ziren; % 30, lanaldi osokoak eta aldi baterakoak; % 16, lanaldi partzialekoak eta aldi baterakoak; eta % 8, lanaldi partzialekoak eta mugagabeak. Kontratatutako pertsona gehienak emakumezkoak izan ziren, 35 urtetik beherakoak eta goi-mailako ikasketak zituztenak. Kontratazioen profilei dagokienez, 291 pertsona manufaktura-industrietan lan egiteko kontratatu ziren; 236 lagun, merkataritzan lan egiteko; 225, administrazioan; 178, ostalaritzan; 146, profesional eta zientzialari moduan lan egiteko; 116, osasun-arloan aritzeko; 98, eraikuntzan; 69, hezkuntzan; 65, artean eta entretenimenduan; eta 52, beste zerbitzu batzuetan.
Beste aldetik, EGAZ Txorierrik laneratzea eta lanbide-kualifikazioa hobetzera bideratutako 62 prestakuntza-ekintza egin zituen zenbait egitasmoren bidez, adibidez, HAZILAN+ eta 3R Programa proiektuen bidez. Egitasmoetan 18 urtetik 64 urtera bitarteko 473 pertsonak hartu zuten parte: % 44,6 emakumeak izan ziren, eta % 55,4, gizonak. Zehatz-mehatz, enplegua bilatzeko 29 tailer egin ziren, tresna profesionalei buruzko 25 saio indibidual, gaitasunak garatzeko zazpi talde-dinamika eta elkarrizketak egiteko hiru role-playing saio praktiko. “Ekintzei esker, parte-hartzaileek euren lekua hobetu zuten lan-merkatuan, eta enpleagarritasuna indartu”.
Ekintzailetzari dagokionez, 27 enpresa-proiektu egin ziren, eta 23 enpresa berri sortu ziren, Txorierrin 32 lanpostu sortuz. Proiektuek guztira 486.770 euroko inbertsioa ekarri zuten, eta 563.480 euroko finantzaketa jaso zuten. Ekintzaileen profila hau izan zen: 35 urtetik 44 urtera bitarteko emakumeak eta 25 urtetik 35 urtera bitarteko gizonak; kasu bietan, erdi-mailako ikasketak zituzten.