Uda eta gazteak: osasun mentala zaintzeko aukera bat ere bada!

Txorierriko Mankomunitatea 2025ko uzt. 3a, 10:32

Uda urtero iristen da atsedenaren, askatasunaren eta deskonektatzearen promesarekin. Eskolak amaitzen dira, ordutegiak lasaitzen dira, egunak luzatzen dira… eta horrekin batera, familia-dinamika berriak sortzen dira, bereziki gure gazteen bizitzan. Nerabe askorentzat uda arnasa hartzeko garaia izan daiteke; beste batzuentzat, ordea, ziurgabetasuna, bakardadea edo ondoez emozionala ekar dezake. Horregatik, uda garaian ere osasun mentala zaindu behar da, eta familiek funtsezko zeregina dute horretan.

Nerabezaroa hazkunde pertsonala garatzeko garaia da, baita esploraziorako unea ere, eta, jakina, nortasuna eraikitzeko sasoia ere bada.  Normala da zalantzak, ziurgabetasunak edo aldarte-aldaketak agertzea. Baina azken urteetan gazteen artean antsietate, depresio, estres eta isolamendu kasuek gora egiten dute. Pandemiak, sare sozialen erabilera intentsiboak, presio akademikoak eta emozioak kudeatzeko zailtasunek eragin handia izan dute horretan.

Ikasturtean zehar, errutinak oreka mantentzen lagun dezake. Baina udan, denbora libre gehiago eta egitura gutxiago izateak aurretik konpondu gabeko emozioak agerraraz ditzake edo ondoez sakonagoa adierazten duten jokabideak eragin: bat-bateko umore-aldaketak, urduritasuna, lo egiteko arazoak, isolamendua, pantailen erabilera neurrigabea edo motibazio faltan nabaria, besteak beste.

Eta, zer egin dezakegu familiok?

  • Presionatu gabe, entzun. Zelan dauden galdetu, erantzun “egokirik” espero gabe. Batzuetan, hurbil egotea eta interes zintzoa erakustea da laguntzarik handiena.
  • Enpatiaz behatu. Jokabidean, lo-ohituretan edo elikaduran aldaketak ondoez baten seinale izan daitezke. Ez da larritzeko momentua, baizik eta arreta jarri eta epaiketarik gabe babesa eskaintzekoa.
  • Osasun mentalaz hitz egin, tabu barik. Tristura, antsietatea edo estresa bezalako hitzak normalizatzea garrantzitsua da. Laguntza eskatzea ez da ahultasunaren seinale, ausardiaren seinale baizik.
  • Talde ekintzak sustatu. Ez dira beti plan ikusgarriak behar: paseo bat, kirola, musika, familiarekin denbora pasatzea, boluntariotza, lagun osasuntsuekin egotea... Eguneroko gauza txikiek ere ongizate emozionala indartzen dute.
  • Laguntza eskatu, behar denean. Ez dugu beti jakiten zer egin, eta ondo dago horrela sentitzea. Herrian laguntza eskaintzen duten baliabideak daude, eta beharrezkoa bada bertara jo. 

Gogoratu behar dugu helduak garela eredu. Guk estresa, atsedenaldia edo emozioak zelan kudeatzen ditugun  erreferentziazkoa da gazteentzat, eta eragin handia du haiengan. Guk geure burua zaintzen dugunean eta gure emozioez hitz egiten dugunean, gazteei gauza bera egiten erakusten diegu.

Uda honetan, oporretatik harago, aukera paregabea dugu: gure gazteak ongizate emozionalean laguntzeko, ingurune seguru bat eskaintzeko eta bakarrik ez daudela gogorarazteko. Osasun mentala zaintzea ez da gutxi batzuen ardura, komunitate osoarena baizik.