Txorierri iparraldetik (eta II)

t/a: Iñaki Olabarrieta eta Jose Angel Mentxaka 2025ko uzt. 4a, 10:09

Aurreko alean Txorierriko iparraldetik ibili ginen, Martiartutik Artebakarrara. Oraingoan aurrera egingo dugu eta Astoreka auzoraino helduko gara. Berreagako eta Gaztelumendiko tontorrak zapaltzeaz gain, Burdin Aroko kastro bat, leiho prerromaniko polit bat eta hainbat bunker bisitatuko ditugu. Ezin dugu ahaztu inguru hau Bilboko Burdin Hesia deitutako parte zela, izan ere, bertatik apurtu zuten frankistek defentsa lerroa. Ia ibilbide osoa GR280 markei jarraituz egin daitezke.

Artebakarran hasi gara oinez, Derio eta Mungia artean. Zubia gurutzatu dugu eta errepideari jarraituz joan gara Berriaga urbanizazioraino; 2 km hauek ez dira bide bazterretik oso atseginak izan. Lurrezko pista hasita, eskuinekoa, gorantz doana hartu dugu, eta sigi-saga batzuk eginez altura hartu ostean bidegurutze bateraino heldu gara. Gezi batek markatu digu Berreaga mendi tontorrera nondik joan. Ia atzera eginez, basoan sartuta, laster heldu gara buzoia dagoen lekuraino (363 m). Inguruan bueltaka ibili gara, Txorierrira begira dagoen aulki batean jesarrita bistaz gozatu, eta bertan zegoen kastro baten aztarnak aurkitzen saiatu gara. Ez da erraza: hainbat bidezidor daude eta muraila izan zitekeen harriak aurkitu daitezke han eta hemen. Orain dela nahikotxo indusketa egin zen eta bertan aurkitutakoa Bilboko Arkeologia Museoan dago ikusgai, estela ederrak barne.

Eskuratu hemen ibilbidearen track-a.

Aurrera egin dugu gailurretik, eta une batean pista nagusia utzi, eta ezkerretik paralelo doan beste bat hartu dugu. Laster, ezkerretara eginez, Lobako bunkerrak bisitatu daitezke joan-etorrian, baina nahiko jaitsi behar denez, beste baterako utzi dugu. Aurrera egin, eta Eperlanda multzoko bunkerrera dago sarrera; ondo seinalatuta daude guztiak. Kontutan hartu bunkerretara heltzeko 100 bat metro jaitsi beharko ditugula maldan behera eta garbiketa eta indusketa egin arte ia estalita egon direla. Beraz, behera eginez lubaki luze bat aurkitu dugu, garbituta eta egokituta. Lubakien lerroa ia ibilbide osoan dago, baina gehiena guztiz estalita dago gaur egun. Lubakiaren amaieran metrailadore habia dago: ez dauka sabairik, zeren, gehienak bezala, gerra ostean hormigoiak zeukan burdina lortzeko apurtu egin zituzten. Daukaten hormigoizko gela txikia munizioa gordetzeko erabiltzen zen. Gora itzuli gara eta lehen utzitako pista nagusia hartuta, bigarren bunkerrera sartu gara, nahiko apurtuta dagoena. Berriro pistara eta berriro beherantz, atseden gune batetik jarraituz metrailadore habia bat, lubakia eta mendian zulatutako babesleku bat ikusi ditugu. Babesleku hauetan sartzen ziren gudariak bonbardaketa unetan.

Pista zabaletik aurrera eginez, Urruztiganera heldu gara eta Lezamatik Fikara doan bidea gurutzatu dugu. Gaztelumendira heldu baino lehen beste bunker bat dago, nahiko apurtuta. Gaztelumendi tontorrera igo gara (323 m.) Inguruan daude: metrailadore habia bi, bata osorik, bestea bonba batek zulatuta, antiaereo bat goiko parte barik... Tontorretik jaitsi gara errepidetik, eta laster hori utzi, eta aurrera egin dugu lurrezko pistatik, altueratik. Auzo honek Gaztelu du izena eta bertan beste kastro bat egon omen zen, oraindik aurkitu barik.  GRko marra zuri gorriei jarraituz, Zarandoako San Salbador ermitara heldu gara. Ez ahaztu atzeko hormara joan eta leiho prerromaniko ikusgarria ikustea. Bakarrik falta zaigu errepidetik Astorekara jaistea. Amaitu dugu 13 kilometroko ibilbide ederra.