Sargoritik ihes egiteko mapa

Aikor aldizkaria 2025ko uzt. 10a, 12:50

Klikatu argazkian handiago ikusteko (a: Eduardo Martin)

Uda honetan, segur asko, berriz biziko ditugu, tenperatura altuak Txorierrin. 40 graduen bueltako egunak gero eta sarriagoak dira gure bailaran. Baina sargoriak eskualde osoari berdin eragiten dio? Edo beroa errazago pilatzen da gune zehatz batzuetan? Eduardo Martin Azaola lezamarrak sateliteen neurketak aztertu ditu eta badu erantzuna.

Eduardo ingeniari agronomoa da eta azken aldian GIS datuekin (Informazio geografikoko sistemak, ingelesez) egiten du lan sortu duen Gisarte enpresan. Gobernuz kanpoko erakundeekin sarritan ibilitakoa da eta Mozanbikera egin zuen bidaia batean konturatu zen sateliteen informazioa zeinen baliagarria izan zitekeen nekazaritza proiektuak planifikatzeko. Ez hori bakarrik, hiriguneetan eguzkiaren intzidentzia ere kalkulatu daiteke: “AEBtako eta Europako espazio agentzien sateliteek hilean birritan egiten dituzte Txorierriko lurrazalaren neurketak. Datuak publikoak dira eta sarean daude eskuragarri. Neurketa hauek oso zehatzak dira gainera, 30 metroko erresoluzioa dute”.

2024ko uztailaren 23ko neurketa baliatu du Eduardok bero-uharteen mapa sortzeko. Sondikatik Larrabetzurainoko eremuan, kolore beroz (horiz, laranjaz eta gorriz) ikus daiteke udako egun hartan sateliteak tenperatura altuenak non neurtu zituen. Bero-uharte nagusiak bailararen erdialdean kokatuta daude, gizakiaren esku-hartzea handiagoa izan den eremuan. Mendebaldetik ekialdera, lerroan, industria-gune nagusiak identifikatu ahal ditugu. Horien artean dago Zamudiok eta Deriok konpartitzen duten Ugaldeguren I industrialdea, non eskualdeko tenperatura altuenak neurtu zituen sateliteak. Aireportuaren pista ere erraz antzematen da mapan. Izan ere, asfaltoa eta metalezko teilatuak dira beroa handitzen duten material nagusiak. Hala ere, herriguneen artean ez da ezberdintasun handirik sumatzen. Mendebaldekoetan tenperatura pixka bat altuagoa bada ere, aldea txikia da. Mendialdeak kolore urdinez ageri dira ordea, bertako baso eta zuhaitz landaketek tenperaturaren hoztea errazten baitute. Tontorretan ditugu tenperatura baxuenak.

Satelite bidezko neurketa hauek baliatzen ditu Eduardok populazio datuekin gurutzatzeko. Era honetan informazio konplexuagoa lortu daiteke: beroak ez dio biztanleria guztiari berdin eragiten. 65 urtetik gorakoak talde zaurgarria dira bero-boladetan, eta zein auzoetan bizi diren jakitea interesgarria da neurriak hartzeko orduan.