Datozen hilabeteetan Bizkaiko hainbat herritan jaiak ospatuko direnez, emakumeentzat gune segurua diren jaiak, hondartzak eta kontzertuak nahi ditu Bizkaiko Foru Aldundiak. Hori dela eta, ‘Jaietan Aliatuak’ programa berritu du eta udan zehar erreskate-torpedo zapidun bat daraman ibilgailu bat herriz herri eramango du, informazio-materiala banatzeko.
Bereziki gizonengana heldu nahi dute “jaiak berdintasunezkoak, libreak, alaiak, errespetuzkoak eta dibertigarriak” izan daitezen. Horregatik, Aldundiak eskatzen die “aliatu aktiboak” izan daitezen sexu-indarkeria desagerrarazteko.
Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru-diputatuak dio: "Emakumeok gure gorputzaren eta gure erabakien jabe gara" Esan duenez, gizonen eskubide bera dute “espazio publikoez, jaiaz, gauaz eta udaz gozatzeko”.
Gainera, azpimarratu du “sakoneko mezua” gizonentzat eta mutilentzat dela; adierazi nahi zaie posible dela ondo pasatzea, kontzertuetara eta jaietara joatea, hondartzan gozatzea eta uda bikaina pasatzea “berdintasunean eta emakumeen eskubideak eta askatasunak errespetatuta”.
Sexu-indarkeriari buruzko datuak
Bizkaiko Foru Aldundiak adierazi duenez iaz 3.611 eraso matxistak erregistratu ziren Bizkaian, horietako sexu-askatasunaren aurkakoak izan ziren 357. “Ertzaintzak indarkeria matxistari buruz jasotako zifrarik altuenak ditugu, datuak jasotzen hasi zirenetik, hau da, 2003tik gaur arte”, adierazi du.
Datuekin batera Laespada foru diputatuak gogorarazi du Bizkaiko Foru Aldundiak sexu-indarkeriaren biktimei arreta emateko zerbitzu bat jarri zuela abian 2023aren amaieran; eta zentro publiko bat duela Bilboko Ledesma kaleko 10 bis zenbakian.
Telefono bidez ere harremanetan jar daiteke 900 840 977 zenbakian, posta elektroniko bidez atencionviolenciasexual@bizkaia.eus helbidean edo bere webgunean (web txat bat barne) sartuta.