“Bisitatu ditugun herriak urdinez eta laranjaz jantzi ditugu”

Aikor aldizkaria 2025ko uzt. 11a, 11:32

a: EuskarAbentura

Garazi Hurtado sondikoztarra eta Andrea Rodríguez derioztarra Euskarabentura espedizioan parte hartzen ari dira, eta dagoeneko Iparraldean eta Nafarroan ibili dira ekimenaren lehenengo astean.

Atharratze, Maule, Pagola, Larzabale, Donibane Garazi, Auritz, Abaurregain eta Iruñean egon dira Euskarabentura espedizioan parte hartzen duten 126 gazte, tartean Sondikako Garazi Hurtado (22 urte) eta Derioko Andrea Rodríguez (17). Kamiseta urdina eta laranja jantzi dute, hurrenez hurren, eta Euskal Herria zeharkatzen ari dira uztailaren 1etik. Dagoeneko Araban daude eta Gasteizera heltzear daude.

Hainbat esperientzia bizi dituzte jada: arropa eskuz garbitu, Sanferminak lehen eskuz disfrutatu eta, garrantzitsuena, 24 orduz euskaraz bizi. Biak familia eta eremu erdaldunetan bizi dira, eta espedizioa euskara hobetzeko aukera gisa ikusi dute. “Nire egunerokotasunean ez daukat euskaraz hitz egiteko aukerarik, hau oso bide ona da nire mailari bultzada bat emateko”, azaldu du Andrea Rodríguezek, “24 orduz euskaraz egin behar dugu, eta honek asko lagunduko dit etorkizunean euskaraz bizitzeko”. Astebete baino ez da igaro espedizioa hasi zenetik, baina nabaritu du gero eta jario hobea lortzen ari dela euskaraz aritzean. “Parte hartzeko gogoa neukan iaztik, amorrua ematen baitzidan euskara ez erabiltzeak, gure hizkuntza baita, horregatik parte hartzea erabaki nuen”, ondorioztatu du.

Lehenengo aldiz parte hartzen du Andrea Rodríguezek Euskarabenturan; Garazi Hurtadok, aldiz, bigarrenez. 2019an jzioquitar gisa aritu zen, hau da, parte hartzaile gisa; eta  aurten lan taldearen parte da, monitore edo xerpa baita: “Beti eman didate inbidia euskaraz bizi dutenek edo euskara ama hizkuntza gisa dutenek, nire gurasoek ez dakite euskaraz hitz egiten, eta ikaskideekin euskaraz aritzen naizen arren, ez dut 24 orduz euskaraz hitz egiten”, dio Hurtadok. Horregatik erabaki zuen Euskarabentura ekimenarekin bat egitea 2019an, eta aurten xerpa izatea: “Euskalduna naiz eta ez dakit posiblea den hori euskaraz egin barik”.

Txoko bereziak
Euskaraz aritzea eta hizkuntzarekiko ohiturak aldatzea dira espedizioaren helburu nagusiak, baina baita Euskal Herriko hainbat toki ezagutzea ere. Hori da, hain zuzen ere, Garaziri gehien gustatu zaiona: “Oporretan urrun joaten gara, baina askotan ez dugu gertu daukaguna ezagutzen eta baloratzen”. Horrekin bat egiten du Andreak: “Arkitektura asko gustatzen zait eta Euskal Herriko txokoetan ibiltzeak hainbat baserri eta etxe ikusteko aukera eman dit. Adibidez, Ziberotik Behe Nafarrora arkitektura aldaketa; kolorea, teilatua… asko gustatu zait”.

Atharratzetik, Mauletik edota Donibane Garazitik pasa dira lehenengo astean, baita Iruñeko Sanferminetan ere: “Martitzenean egon ginen Iruñean eta egun berezia izan zen: Nafarroan oinez txosnan bazkaldu genuen eta parranda botatzeko eguna izan zen”. Herriz herri bere kanpaleku jarri dute eta bere aitona-amonek egiten zuten bezala arropa eskuz garbitu dute eta soka batean zintzilikatu dute, Garazik azaltzen duenez: “Bisitatu ditugun herriak urdinez eta laranjaz jantzi ditugu”.

Paisaiez disfrutatzeaz gain, beste 125 lagun ezagutzeko aukera izan du bakoitzak, ezagunak amankomunean duten arren, elkar ez baitzuten ezagutzen. “Hasierako urduritasuna behin amaituta, jendea animatzen ari da”, adierazten du Garazik. Aurretik dituzte ellkar ezagutzen jarraitzeko beste 3 aste Getxora heldu baino lehen, eta bakoitza bere etxera itzuli behar izan arte.