Txorierriko bi bizilagunek parte hartuko dute EuskarAbentura Espedizioan

Aikor aldizkaria 2025ko uzt. 4a, 12:06

a: EuskarAbentura

Txorierriko bi gaztek, bata derioztarra eta bestea sondikoztarra, egingo dute Atharratzetik Getxorako ibilbidea.

Zazpigarrenez EuskarAbentura espedizioa martxan dago, gazteen hizkuntza ohiturak aldatzeko helburuarekin. Uztailaren 1ean Atharratzetik irten, eta hilabete osoz Euskal Herria zeharkatuko dute, hilaren 31n Getxora iritsi arte. Horrela, euskara oinarri izango duten harreman berriak eraikitzen lagundu nahi du ekimenak, gazteek txoko zein eduki berriak ezagutzen dituzten bitartean. 

Guztira 126 gaztek parte hartuko dute Euskarabenturan. Errealitate linguistiko, sozial, ekonomiko eta kultural anitzekoak dira. Herrialdeka hauek dira kamiseta laranja izango duten gazteen kopuruak: Bizkaiko 43 (%34,12), Gipuzkoako 26 (%20,63), Nafarroako 24 (%19,05), Arabako 13 (%10,32), Lapurdiko 13 (%10,32), Baxe Nafarroako 5 (%3,97) eta Zuberoako 2  (%1,59). Aurten ez da diasporako kiderik izango. Taldearen gehiengoa emakumeak dira, zehazki 77 (% 61,1) eta, aldiz, gizonezkoak 49 (% 38,9). 

Gazteekin batera, 28 lagunek osatutako lan-talde urdina espedizioan izango da: 2 koordinatzaile, 12 xerpa (begirale), 2 xerpa laguntzaile, 2 xerpa buru, 2 mediku, 3 erizain eta 2 gidari. Gainera, aurten esperientzia hori partekatzeko, PRIMERAN plataformak lau saio ekoitziko ditu. Hori dela eta, argazkilaria, kameralaria eta komunikazio arduraduna haiekin joango dira. Espediziotik kanpo dauden gazteengana heltzea eta euskaldunen sareak elikatzen jarraitzea da asmoa. Lehen bi saioak uztailaren 10ean eta 24ean estreinatuko dira. Hirugarrena abuztuan eskainiko da, eta irailean, azkena. 

Ibilbidea

Aurreko urtean bezala, EuskarAbentura Atharratzen hasi da eta uztailaren 31n Getxora heltzea da helburua. Guztira 27 herritan pasako dute gaua: Atharratze, Maule, Pagola, Larzabale, Donibane-Garazi, Auritz, Abaurregaina, Iruña, Añana, Argantzun, Gasteiz, Izarra, Elosu, Araia, Zerain, Tolosa, Lesaka, Urdazubi, Baiona, Urruña, Donostia, Zarautz, Lekeitio, Aulesti, Gernika, Bermeo, Bilbo eta Getxo. Horien artean ez dago Txorierriko herririk, eta Abaurregaina izango da aurtengo espedizioan ezagutuko duten herri berria.