Eukaliptoa

Aikor aldizkaria 2026ko urtarrilaren 30a

Eucalyptus globulus. Eukaliptoa mirtazeoen familiakoa da, eta familia hori ezaguna da erretxina eta olio esentzial asko dituelako. Jatorriz Tasmaniakoa eta Australiako hego-ekialdekoa da, baina gaur egun mundu osoan dago banatuta, eta zenbait herrialdetan espezie inbaditzaile- tzat hartzen da.

Hosto iraunkorreko zuhaitza da, 60 metroko altuera izan dezakeena. Enbor zuzen eta lodia du, eta ale helduetan tiraka askatzen den azala du. Hostoak gris-urdinxkak dira. Adar gazteen hostoak obalatuak dira, adar helduenek, berriz, lantza-forma dute eta beherantz kurbatuak dira.

BILKETA
Adar helduen hostoak erabiltzen dira. Urte osoan zehar jaso daitezkeen arren, hobe da apiriletik irailera batzea. Hostoak biltzea erabakitzen bada, kontu handiz ibili behar da pestizidekin edo beste edozein produktu kimikorekin tratatu diren zuhaitzekin ez egiteko.

EZAUGARRI MEDIZINALAK
Existitzen diren 600 eukalipto espezie baino gehiagoetatik, Eucaliptus globulus-a da fitoterapian gehien erabiltzen dena. Bakterioen aurkakoa da, antibirala, analgesikoa, antiinflamatorioa, antioxidatzailea, lehorgarria, kongestioa ken-tzen du, espektoratzailea, mukolitikoa…

Arnasbideetako gaitzetarako aproposa da: sinusitisa, gripea, hotzeria, faringitisa, laringitisa, bronkitisa eta eztulari aurre egiten laguntzen du. Kongestioa arintzeko, sukarra jaisteko eta espektoratzeko erabiltzen da. Eukaliptoaren infusioak propietate freskagarriak ditu, eta gaueko edo menopausiako gehiegizko izerdiak orekatzen laguntzen du.

Eukaliptoak efektu antiseptikoa, antiinflamatorioa eta orbaintzaileak ditu kanpotik aplikatzerakoan. Min erreumatikoarekin analgesiko gisa jokatzen du migrain eta giharretako minentzat, eta osteoartritisa, artritisa eta erreuma hobetzen ditu olio beratua edo esentzia- olioa erabilita. Intsektuak urrundu eta eltxoak ere uxatzen ditu. Antiseptikoa eta orbaintzailea ere da: zauriak, ubeldurak eta intsektuen ziztadak baretzen ditu. Horretarako infusioarekin garbitu edo eukaliptoan beratutako olioa eman.

ERREZETAK
Eukalipto olioa: Hostoak eta lore-kapsulak beratu oliba-oliotan (potearen ⅔ bete landarearekin eta olioz bete landarea zein gainerako herena estali arte), 30-40 egun inguru beratzen utzi, egunero astinduz, iragazi, botilaratu eta hura izen eta datarekin etiketatu. Eukalipto- eta erromero-olio esentzialak gehi ditzakezu. Arnasbideetarako, min erreumatikoetarako, kolpeetarako, eguzki-erredurentzako eta larruazalaren antiseptiko gisa.

Infusioa: 2-3 hosto 500 ml ureko, egunean 2-3 aldiz hartu. Infusio hau barrutik har daiteke, edo lurrun, bainu, konpresa eta abarretarako erabil daiteke. Ez da gomendagarria 12 urtetik beherako umeentzat infusio hau hartzea.

Lurrunak: Hosto mordoxka bat irakiten dagoen uretan sartu, zuzenean xurgatu eskuoihal batekin estalita zauden bitartean. Beste landare batzuekin konbinatu daiteke: erromeroa, menda, ezkaia… Asma izanez gero, ez da lurrunik gomendatzen, arnasbideak gehiegi lehortu baitaitezke. Beste metodo leunago bat da lurrunek gela betetzea, eta hain zuzenean arnastu ez arren, giroa egon daitezkeen germenez garbitzen duzu. Ez erabili gehiegi lurrun eta infusioak. Tratamendu laburrak, gehienez 10-20 egun.

BITXIKERIAK
Eukaliptoak ezaugarri alelopatikoak ditu, hau da, beste landare-espezie batzuen hazkundea eragozten duten substantziak sortzen ditu, eta, beraz, eukaliptoa hazten den tokian, ez dira hazten hazi beharko liratekeen beste landare batzuk, landaredi autoktonoa mugiaraziz. Lurzoruan ere ondorio negatiboak ditu; izan ere, azidotu egiten du, ur eta mantenugai asko xurgatzen ditu, eta, horrela, hazten den lurra agortu egiten du.

KONTRAINDIKAZIOAK
Kontraindikazioa epilepsia duten pertsonentzat. Ez da gomendatzen barruan erabiltzea haurdunaldian, edoskitzaroan eta 12 urtetik beherako haur txikietan. Eucalyptus globulus olio esentziala kontraindikatuta dago haurdunentzat, bularreko amentzat eta 6 urtetik beherakoentzat.