Nevins eta Arregi, linguistak: “Gramatika buruan bertan dugu”

Aikor aldizkaria 2007ko eka. 19a, 08:55

Andrew Nevins eta Karlos Arregi Harvard unibertsitateko eta Illinois unibertsitateko irakasleak dira hurrenez hurren eta duela gutxi Zamudion izan ditugu bertako euskararen gaineko ikerketa egiten. Ikerketak hizkuntzaren bidez gogamenaren jarrera aztertzea du helburu. Azaldu, mesedez, zertan datzan ikerketa. Gu linguistak gara eta arlo horretan tendentzia bi daude: bataren arabera, hizkuntza ikasten da eta, bestearen arabera, hizkuntza buruan dugu egituratuta. Gu azken horren aldekoak gara. Beraz, hizkuntza osatzeko era buruan grabatuta dugula uste dugu eta, horren ondorioz, hitz egiten dugunean buruan dugun gramatika zehatz bati jarraituz egiten dugula. Gure helburua gramatika hori zein den jakitea da, baita hizkuntza dagokion buruaren aldeak nola funtzionatzen duen ikertzea ere. Korapilatsua da… Bai, ez da erraza azaltzen. Baina laburbilduz hurrengo hau izango litzateke: gramatika liburuetan izan beharrean, geure buruan bertan dugu eta horren arabera osatzen ditugu esaldiak eta hizkuntza. Adibidea jarri. Umeek hiru urte dituztela ama-hizkuntzaren zati handi bat menperatzen dute eta zazpi edo zortzi urterekin ia hizkuntza osoa ezagutzen dute. Haur batek hizkuntza lokarriak lotzen baino lehenago ikasten du, eta hori hizkuntza askoz korapilatsuagoa dela kontuan hartuta. Zergatik? Aurrez hizkuntza ikasteko jarrera duela jaio delako eta buruan duen gramatikak laguntzen dio behar horretan. Arazoak eskolako gramatika ikasten hasten denean agertzen dira: ‘esadazu indikatiboko lehenaldi pluskuanperfektua…’, esaten diote eta, noski, ez du ezta ideiarik ez. Baina, hala ere, esaldiak osatzeko eta berbaldiak izateko gai da. Horren arabera guztiok dugu gramatika berezkoa. Bai, bakoitzak gure hitz egiteko era dugu eta linguistontzat, gainera, guztiok egiten dugu ondo. Euskara batuarekin eta euskalkiekin hurrengoa gertatzen da: euskara batua hitz egiteko era zuzena den ideia zabaldu da eta euskalkiak, berriz, etxean erabiltzeko direla. Baina hori ez da horrela. Pertsona batek beste batek baino hobeto hitz egiten duela esateak ondo hitz egiteko era bakarra dagoela onartzea dakar eta gu ez gaude ados. Hitz egiteko era ezberdinak daude eta guztiak egokiak dira. Guk zergatik diren ezberdinak ikasi nahi dugu. Eta nola ailegatu zarete Zamudiora? Zamudio berbarik berba liburuaren berri Jose Hualderen bidez izan dugu eta Iñaki Gamindek egindako beste ikerketa batzuk ere ezagutu ditugu. Euskara bitxia suertatu zaigu; aditzak, batez ere. Baina beste hizkuntza eta euskalki batzuk ere –Ondarroakoa, esate baterako- ikertzen gabiltza. Ideia hurrengoa da: gauzak nola esaten diren azaltzea eta, inportanteagoa, zergatik esaten diren horrela. Izan ere, euskararen berezitasunak abiapuntutzat hartuta, hizkuntzen gaineko ondorioak atera ditzakegu orokorrean. Zer egingo duzue batutako informazioarekin? Liburu bat prestatzen gabiltza eta Zamudioko euskararen gaineko ondorioak liburu horretako kapitulu batean azalduko ditugu. Beste alde batetik, ‘Euskalingua’ aldizkarian Zamudioko aditzei buruzko artikulu bat argitaratu dugu eta Philadelphian, Madrilen eta Gironan izandako kongresuetan bertoko euskararen gainean ere aritu gara.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).