Gabriel Etxebarria: “Done Jakue bidea egin gura dot zaldiz”

Aikor aldizkaria 2007ko aza. 22a, 08:49

Ez zezenak, ezta behiak be. Zamudioko Azokara hurbildu ziran umeengan ikusmin handiena sortu ebenak ‘Potxolo’ eta ‘Trueno’ izan ziran. Gabriel Etxebarriarena zaldiak dira, eta guraso batzuk 20 minutuko ilarak egin behar izan ebezan, seme-alabak euren gainean ibili ahal izateko. Azokan orain dala hiru urtetik hona parte hartzen dozu, baina aurtengoa umeak zaldien ganean ibili dozuzan lehenengoa izan da… Gauza kuriosoa gertatu jatan. Ume bat eta horren gurasoak nahiko goiz etorri jatazan eta jente gitxi egoanez, pentsatu neban: ‘Honi graziaren bat egingo deutsat”. Eta zaldi baten ganean ibili neban. Baina, jakina, ume gehiago etorri ziran eta eurei be grazia bera egin behar. 80 ume inguruk zure zaldiez gozatzeko aukerea izan eben eguerdiko 12tik 02:30era bitartean… Zaldiak umeei asko gustatzen jakien animalia dira. Politak dira eta beste pizti batzuk baino erakargarritasun handiagoa daukei, ganean ibili leitekezalako. Karraka egiten dau… Aurpegian igartzen jake umeei zaldiaz gozatzen dabela, eta horrek be gozamena emoten deust niri. Zein da ‘Potxolo’ eta ‘Trueno’ren historia? Baserrian zaldia betidanik izan dogu, soloan lan egiteko. Baina ni ez nintzen inoiz bere gainean ibili eta, ondorioz, zaldiakazko zorra neban. Neure baserria eta lur-eremua izan nebazanean, behor bat erosi neban eta horren ostean, ‘Trueno’. Hori zaldi arrunta da, Bizkaiko basoetatik ibiltzen danetarikoa. ‘Potxolo’ Mirandan erosi neutsan ijito bati. Zaldi ingelesa da eta ondo hezita dago. Mantsoa da, baina, era berean, bizia. Eta lauhazka dabilanean, topera egiten dau. Gozamena da, benetan! Zaintza-lan handia emongo dabe… Bai, baina gustatzen jatanez, erreza da. Zaldiak kortan dodaz eta belar sikua emoten deutset jaten. Urtean txerto bi jarri behar jakez: bata, heste-zizareen kontrakoa, eta bestea, katarroaren aurkako. Perrak hiru hilabeterik behin aldatu behar jakez. Nondik ibiltzen zara zaldiakaz? Zamudion aukera asko dago: Santamañe aldea… Baina Geldo edo Daño aldetik nahiago dot ibili, bertako bideak askoz be egokiagoak diralako zaldiz ibilteko. Beste lurralde batzuetan, Frantzian esate baterako, bideak askoz hobeto prestatuta dagoz zaldiei begira. Han milaka eta milaka kilometro egin neikez zaldi ganean arazo barik; berton, barriz, hainbat oztopo topatuko neuke, Gorbeiara joan ezkero… Amets bat daukat… Zein? Ametsa baino, erronkea da: Done Jakue Bidea zaldiz egitea. Eta gehien jota hemendik urte bira egingo dot. Gazteluko bidetik joango naz, izan be bertako bideak erosoagoak dira zaldi gainean ibilteko. Badakit ez dana erraza izango, guk lez animaliek be edan, jan eta atsedena hartu behar dabelako, eta aurretik hainbat detaile zaindu behar dira. Promesik egin dozu, ala? Ez, zaldiz ibilteak emoten dauan gozatu hutsagaitik egingo dot. Zaldiz ibiltearen gauzarik politena beste pertsona batzukaz egitea da, eta denbora luzean, ganera. Eta nik holan egiteko gogoa daukat.