Cheiko Hatak telebistan egiten zuen lan Japonian, baina euskaldun batekin maitemindu zen, eta duela 18 urte Euskal Herrira etorri ziren biak. Hatak bere herriari buruzko hitzaldia eman zuen Zamudiotorren, Lagatzu euskara elkartearen eskutik.
Zer zenekien Zamudio edo Txorierriri buruz, hona etorri baino lehen?
Aireportua zegoela, baina hona etorri naizenean, konturatu naiz oso inguru polita dela. Jonek, senarrak, ordea, nik baino lotura handiagoa du Txorierrirekin, ITP enpresan, Zamudion, itzultzaile ibili baitzen.
Zure hitzaldia Japoniari buruzkoa izan da...
Bai, denetarik hitz egin dut: lurrikara, kultura, bizimodua, ohiturak... Adibidez, japoniarrok ez ditugu ezezagunak agurtzen, ez diogu elkarri begiratzen, oso zorrotzak gara, eta beste era batean hitz egiten dugu aurrean dugun pertsonaren arabera: emaztea, laguna, umea.... Japoniarrak eta euskaldunak oso ezberdinak gara.
Zer egiten du japoniar batek euskaraz ikasten?
Orain ez nabil ikasten, baina lehen egunero-egunero joaten nintzen euskaltegira. Euskal Herrira etorri nintzenean, ez nuen ez gaztelaniaz, ez euskaraz egiten. Lehenik eta behin gaztelania ikasi nuen, eta gero euskara. Senarraren familia osoa euskalduna da, eta, ondorioz, erabaki nuen euskara ikastea. Eurekin hitz egiten izugarri ikasi dut. Ez dut amaitu, 9. mailan bainago. Hona etortzen naizen hurrengo batean, hobeto hitz egingo dut (kar, kar).
Zergatik eta noiz erabaki zenuen Euskal Herrira etortzea?
Senarrak bederatzi urte eman zuen Japonian eta nik bertan ezagutu nuen. Jonek gaztelania irakasle egiten zuen lan akademian, eta ni hara joaten nintzen thailandiera ikastera. Gero, duela 18 urte, senarra eta biok hona etorri ginen, bizimodu berri bat hasi nahi genuelako.
Hizkuntza zaila omen da euskara erdaldunentzat. Zer iruditu zitzaizun zuri?
Jendeak esaten zuen euskara oso zaila zela. Baina niretzat gaztelania ere bada oso zaila. Nire ustez, biek dute zailtasun bera, japoniera, nire ama hizkuntza, erabat desberdina delako.
Japoniera, gaztelania eta euskara menperatzen dituzu, baina beste hizkuntza batzuk ere ikasi dituzu...
Bai, japoniera nire ama hizkuntza da, eta txikitan, eskolan, ingelesa ikasi nuen. Gero thailandiera ikasi nuen. Alemanera eta txinera apur bat ere badakit.
Zer esan zizuten etxean, Japonian, hona etortzea erabaki zenuenean?
Euskal Herria oso urrun dagoela uste dute. “Zergatik hain urrun?â€, galdetzen zuten, baina birritan etorri dira eta gustatu zaie.
Zelan bizi zara hemen, Euskal Herrian?
Ondo. Arrasaten bizi naiz, herri txikia da. Japonian, aldiz, jende asko bizi da.
Japonian aurkezle aritzen zinen telebistan, baina hemen enpresaria zara, GoiHata itzulpen zerbitzuaren sortzaileetako bat baitzara. Zelan aldaketa? Zelango enpresa da?
Aldaketa? Ondo, baina oso handia izan da. Telebistan dena aldatzen da egun batetik bestera. GoiHata gure enpresari dagokionez, itzulpenak egiten ditugu, eta, batez ere, japoniera, gaztelania eta ingelesa jorratzen ditugu.
Nolako jarrera du jendeak euskaraz hitz egiten ikusten eta entzuten dizunean?
Ikusten nautenean ez dakite euskalduna naizela, noski. Eta euskaraz hasten naizenean, erabat harrituta gelditzen dira. Baina beti animatzen naute: aurrera jarraitzeko eta hitz egiteko esaten didate.
Eta euskaldunok, zer jarrera dugu Japonia eta japonierari buruz?
Lehen euskaldunok ez zenekiten ezer guri buruz, ezta nire herria non dagoen ere. Gaur egun, ordea, gero eta informazio gehiago dago, eta gehiago dakizue: esaterako, manga (komikiak) ezaguna da...
Zaila da guretzat, euskaldunontzat, japoniera ikastea? Zergatik?
Hitz egitea ez da zaila, baina idaztea eta irakurtzea, bai, ordea. Gauza asko gogoratu behar dira.
Tamalgarria da zure herrian duela gutxi gertatutako lurrikara...
Bai, oso tristea. Aste Santuan Japonian ibili nintzen. Eskerrak nire familia, behintzat, hegoaldean bizi den. Izan ere, hor lurrikarak ez du eraginik izan.