Mundu zabaleko erritmoak entzun ziren Zamudioko jaietan, Esne beltza taldearen eskutik: global basque roots, cumbia, ska, corridoak, reggae, accid-jazz, hip-hop, rap arabiarra, rumba... Soinuen amalgamak berotu egin zuen publikoa eta kontzertu apartaz gozatu ginen. Xabi Solano taldearen abeslariak eta trikitilariak tarte bat eskaini zigun.
Kontzertu ona Zamudiokoa?
Oso ondo irten da. Lehengo urtean ere egon ginen hemen eta kontzertu hura ere ondo irten zen. Baina aurtengoan jende pilo bat egon da, eta oso giro ona. Oso gustura egon gara.
Esne beltza Fermin Muguruzaren biraren haritik sortu zen 2007an...
Ferminekin biran ibili ginen tronpeta-jolea, tronboi-jolea, DJa eta laurok; oso lagun egin ginen eta taldea sortzea otu zitzaigun. Musika ibilbidean egin ditudan lagunei deitu nien, konposatzen hasi nintzen... eta urte amaieran, 2008. urtearen hasieran, hasi ginen kontzertuak ematen. Made in Euskal Herria lehenengo diskoa 2008an grabatu genuen.
Zergatik Esne beltza?
Izena jarri behar zitzaion taldeari, eta hainbat ideiarekin ibili ginen bueltaka. Ferminek berak proposatu zigun izena: musika beltza egiten dugu, baina zuriak gara, eta kontraesan horretatik atera zen Esne beltza izena. Izugarri gustatu zitzaigun.
Bederatzi taldekide zarete, jende gehiegi eszenatoki gainean?
Beno, egia da jende asko garela, baina instrumentu ezberdin asko ere badira eta horrek aukera handia ematen digu jotzeko orduan. Dena dela, bederatzi kide ez gara, 14 baizik, teknikariak eta dantzaria ere hartzen ditugulako kontuan.
Oso proiektu ezberdinetan murgilduta ibili diren taldekideak, gainera.
Hori da, hain zuzen ere, taldearen sekretuetariko bat. Gehienak estilo ezberdinetatik gatoz eta horri esker fusioa lortzen dugu. Guk abesti bakoitzarekin jotzen dugu musika estilo batera, ez taldearekin berarekin.
Bertoko eta mundu osoko soinuak batzen dituzue zuen musikan.
Asko gustatzen zaigu bidaiatzea eta herri bakoitzetik zerbait ekartzen dugu grabatuta. Baina ez soilik musikaren aldetik; hizkuntzaren aldetik ere bai. Gurea ez da soilik euskaraz edota gaztelaniaz dagoen diskoa, japoniera, italiera, ingelesa, Senegaleko hizkuntza... ere batu ditugu bertan. Oso disko bidaiaria egin nahi genuen, eta herrien arteko kultura-nahasketa azaldu. Baina betiere nondik gatozen ahaztu barik; hau da, euskara eta euskal kultura ahaztu barik. Kanpokoa hona ekartzea gustatzen zaigu, baina bertokoa kanpora eramatea ere.
Hori da, hain zuzen ere, zuen arrakastaren giltza?
Bai, abesti bakoitzari hainbat kolore ematen zaizkio eta oso gauza kuriosoa ateratzen da emaitzatzat. Jendeari gustatzen zaio. Publikoari zerbait ezberdina eskaintzen diogu, baina guretzat ere bada eragingarri polita, Euskal Herritik kanpo atera eta bidaiatzeko aitzakia ematen digulako.
Bigarren diskoa 2010. urtean kaleratu zenuten; bilakaera handia egon da Made in Euskal Herria lanetik Noa lanera?
Aldaketa dezente. Nahasketa, estilo... gehiago daude bigarrenean. Bestalde, 2008. urtean guztiak ginen hasiberriak elkarrekin jotzen eta urteak pasatu ahala taldekideen batze hori nabari da bigarren diskoan.
Udako biran murgilduta zabiltzate; nora eramango zaituzte?
Batez ere Euskal Herrian jotzera zuzendu dugu bira, baina kanpora ere bagoaz: Alemaniara, Irlandara, Argentinara... Eta estatu mailan, Kataluniara, Madrilera...
Zelako harrera du zuen musikak kanpoan?
Oso ona. Japonian, esate baterako, bizpahiru aldiz izan gara eta hangoena ikaragarria da, zelan gustatzen zaien trikitia... Esan bezala, beti saiatu gara Euskal Herriko esentzia kanpora eramaten, eta askotan ateratzen gara kalejiran trikitiarekin-eta... Jendea harritu egiten da: nondik atera da koadrila hori?
Festa-giroa bultzatu nahi duzuela entzun dizuegu; zuzenean jotzeko, musika serioegia egiten dela...
Musika alaia transmititu nahi dugu, eta ez du zertan soilik skan oinarrituta egon; reggaean, Afrikako dantzetan... ere oinarritu daiteke. Musika estiloak nahastea gustatzen zaigu, eta rocka ere gustatzen zaigu; azken urteotan, uste dut Euskal Herrian rockaz ahaztu egin garela. Eta horrelako talde bat beharrezkoa zela pentsatzen dut.
Proiekturik esku artean?
DVDa eta CDa aterako dugu abendurako, eta 2008tik 2011ra egin dugun ibilbidea jasoko dugu bertan; abesti berriak ere sartuko ditugu.