Oinezkoentzako pasabidearen proiektua

Aikor aldizkaria 2011ko aza. 16a, 12:56

Testua: Auzokide kaltetuak

Zamudioko Udalak oinezkoentzako pasabidea eraikitzeko asmoa du gaur egun egiten dabiltzan udal ikastetxe berriaren parean. Herritar batzuok ezin baino kezkatuago gabiltza proiektuarekin. Gure iritziz, egitasmoak oso ondorio negatiboak izango ditu herrian, ingurumen-eragin handia ekarriko duelako. Ikuspegiak eragin estetiko txarra edukiko du eta akustikaren aldetik arazoak sortuko ditu. Eta bereziki segurtasun-mailak egingo du behera, erabiltzaile gehienak haurrak eta edadekoak izango direla kontuan hartzen bada. Bestetik, auzokideen interes ekonomikoak hondatuko dira, eta pasabidetik gertu bizi direnen bizikidetza ere bai. Horrela, pasabideak eragin handiena edukiko duen jabeen komunitateetan nagusi dira proiektuaren kontrako botoak (%68,29). Hau guzti hau ekiditeko, hiru aldiz batzartu gara oraingo alkatearekin eta gobernu-taldearen zati batekin. Bileren bitartean, udal ordezkariek beste bilera bat eduki dute, euren ustez kaltetua den auzokide bakarrekin. Auzokideak berak jendaurrean hala onartu du behin baino gehiagotan. Aipatutako hiru batzarretan, Udalak zeharo baztertu du proiektua bertan behera uzteko aukera, baita beste alternatiba batzuk topatzeko aukera ere. Guk egitasmoaren kontrako iritzia adierazi diegu, eta aurkeztutako azken egokitzapenaren kontrako jarrera ere bai, horretan estetika baino ez dutelako kontuan izan, eta ez pasabidea bera eta kokalekua. Proiektuaren harira, beste proposamen bat egin dugu guk: lurrazpiko pasabidea egitea. Baina Udalak oso argudio ahulak bota ditu horren aurka, “lur azpian egiten bada, ez du inork zeharkatuko” esaldia tartean. Gure ustez, edozein obratan puntu batzuk bermatu eta bete behar dira, inguruko auzokideak kaltetu barik, hala nola mugikortasunaren arautegia, segurtasuna, akustika, erabilerraztasuna eta estetika. Honi dagokionez, guk proposatutako ezaugarri bat aipatuko dugu: pasabideak nahikoa zabalera eduki behar du, larrialdiren bat gertatuz gero, anbulantzia batek hura zeharka dezan. Laburbilduz, Udalak oinezkoentzako pasabidea bai ala bai, alternatibarik gabe, eraikiko duenez, bere jarrera zurruna berriro aztertzeko exijitzen diogu, eta herritarren interesak kontuan har ditzala. Lanak indarrean dagoen arautegiarekin bat datozen ez dakigu, hori aurrerago aztertuko dugu. Bitartean, informatzeko, ekiteko eta gure protesta aldarrikatzeko eskubideari eta betebeharrari eutsiko diegu, kasuz kasu baliabide legalak eta egokienak erabiliz.