Bezeroen ondoan, gaur eta beti

Aikor aldizkaria 2012ko ira. 20a, 12:53
Indarra elkartasunean dago. Zamudioko dendariek, beraz, batzea eta elkarte bat eratzea erabaki dute. Egitasmoa Udalak bultzatu du eta, Idoia Zubieta elkartearen presidenteak aipatu digunez, abantailak baino ez dizkie ekarriko merkatariei zein bezeroei. Zamudioko merkatarien eta zerbitzuen elkartea ekainean eratu zen ofizialki; hala ere, urtebete inguru daramate proiektuarekin bueltaka. “Oso proposamen ona iruditu zitzaigun, herrian merkataritza bultzatzea herriak bizirik jarraituko duela bermatzea delako”. Hain ideia ona iruditu zaie, ezen dendari gehienek egin baitute bat egitasmoarekin. Guztira, 26 saltoki daude elkartearen barruan, hainbat arlotakoak: ile-apaindegiak, elikadura, osasuna, altzariak eta argazkilaritza, banaka batzuk aipatzearren. “Modu ona da, etor daitezkeen arazoei elkarrekin aurre egiteko eta konponbideak topatzeko. Gainera, erakundeek bultzatutako hainbat ekimenez, sustapenez... baliatu ahal izango gara, eta hori ezin izango genuke egin bakoitza bere aldetik ibiliz gero”. Idoiak azaldu duenez, uste den baino abantaila gehiago ditu Zamudion erosteak: dendariek zerbitzu hurbila eta arreta pertsonalizatua eskaintzen dizkiete bezeroei; salneurriak hobeak dira, “eta herritarrak ziur egon daitezke beti hemen egongo garela: gaur, bihar eta hamar urte barru”. Erosketak herrian bertan egin ahal izateak autonomia handiagoa ere badakarrela azpimarratu du presidenteak. “Ez duzulako autoa hartu behar hara eta hona edo merkataritza-gune batera joateko. Mesedegarria da guztiontzat, eta batez ere nagusiei buruz ari gara”. Horren haritik aitortu du merkataritza arloan Zamudion ez dagoela aniztasunik, hau da, ez dagoela denetarik. Eta herritarrek autoa hartu eta beste leku batzuetara joateko ohitura hartu dutela. Ondorioz, kanpoan ere erosten dute herrian bertan erosi ahal izango luketena. “Besteak beste, helburu hauek ditugu: herrian merkataritza berpiztea; geure egoera aztertzea; hutsuneak edo akatsak antzematea eta hobetzeko pausoak egitea; eta estrategia komunak garatzea. Era berean, herriko merkataritzari bultzada ematen badiogu eta dinamiko bihurtzea lortzen badugu, beste herri batzuetan gertatu den moduan, jendea animatu ahal izango litzateke negozioa Zamudion jartzera eta, horrela, denetarik edukiko genuke eta jendeak ez luke zertan egin erosketak beste leku batzuetan”. Krisiaren ondorioak leunduz Duela hilabete batzuk “Txiki-txekea” ume txikiak dituzten gurasoei zuzendutako kanpaina jarri zen martxan Zamudion. Udalak sustatu zuen kanpaina hura, eta, esandakoaren arabera, arrakasta handia izan zuen. “Zorte ona dugu, Udala gure atzetik dabiltzalako, elkartea aurrera ateratzera animatzen eta laguntza eta ideiak ematen”. Datozen hilabeteei begira ere badute hainbat kanpaina martxan jartzeko asmoa, zamudioztarrek herrian kontsumitzea bultzatzeko. Zamudio ez da uharte bat, eta hango dendek ere nabaritu dute krisiaren eragina. Elkartea tresna bat ere izan daiteke krisiaren ondorioak leuntzeko. “Txartel berezia ateratzeko proposamena egin zaigu. Txartela doan emango genieke zamudioztarrei eta berton lan egiten dutenei, eta haiek abantailak edukiko lituzkete erosketak ordaintzeko. Bestetik, merkatariontzat ere onuragarria izango litzateke, banketxeek ez liguketelako komisiorik kobratuko”. Beste neurri batzuen artean, % 18tik % 21era igo du Rajoyren gobernuak BEZ orokorra. Zubietaren iritziz, neurri horrek kalte handia egingo dio merkatari txikiari. “Ezin da salneurririk igo, ez nire kasuan behintzat, ezta pentsatu ere! Prezioak igotzea eta kontsumoa gelditzea baino hobe da gutxiago irabaztea, baina herritarrek kontsumitzen jarraitzea. Ondotxo dakigu zein den egoera, eta nahikoa dugu mantentzearekin eta aurrera jarraitzearekin. Ez dut uste etekinak lortzeko esperantza duen inor egongo denik”. Produktu bera eskaintzen badizute, zergatik herritik kanpo erosi? Idoiak argi du. “Zerbitzu hobea eskainiko dizute eta, gainera, herriko dendetan erosten baduzu, herriko beste dendetan berrerabiliko da zure dirua. Eta horrela, guztioi joango zaigu ondo”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).