Garazi Hach Embarek, sahararra eta euskalduna: “Saharari buruz, itxaropentsu azaldu behar gara; bestela...”

Aikor aldizkaria 2013ko mai. 27a, 10:43
Aita sahararra zuen, eta ama, euskalduna. Horregatik, Garazi Hach Embarekek bere burua erdi-euskalduntzat eta erdi-saharartzat hartzen du. Txikitan desertuan bizi zen, baina Ormaiztegin, amaren herrian, hazi da. Lagatzu Zamudioko euskara elkarteak lekuko ezin hobea aukeratu zuen, beraz, Sahararen egoeraren berri izateko. Neska sahararra eta euskalduna. Zelan da posible hori? Aita Saharakoa zelako, eta ama euskalduna, eta leku bietan bizi izan naizelako. Etxea ez da soilik odola, hazten zaren lekuak ere badu eragina. Ni sahararra eta euskalduna sentitzen naiz, baina modu ezberdin batean: beharbada, Saharako gatazkaren inguruan lan gehiago egin dut. Nire nebak, berriz, lotura handiagoa izan du hemengo gatazkarekin. Aita Saharako enbaxadore ibili zen. Ez duzu inoiz pentsatu bere lanari jarraipena ematea? Bai, pentsatu dut, baina horren alde negatiboa sufritu dugu etxean: aitak denbora luzea ematen zuen etxetik kanpo. Aitarik gabe hazi gara. Nik ez dut nahi horrelakorik berriro gertatzea nire familian. Gauzak Saharan beste era batean egongo balira, agian animatuko nintzateke, baina momentu honetan nik ez dut nire aitak sentitzen zuen beharra sentitzen. Dena dela, hitzaldiak eskaintzen ditut eta Saharako gatazkaren berri ematen dut. Nolako jarrera dugu euskaldunok Sahararekin? Nahiko aldekoak gara eta atxikimendua adierazten diogu, ezta? Bai, oso aldekoak. Sahararrok argi dugu euskaldunek laguntza eman digutela, baina atxikimendua ezberdina izan beharko litzateke, bai hemen, bai edozein lekutan. Batzuetan atxikimendua adierazten da eta kito, hor bukatzen da dena. Pauso bat gehiago eman behar da. Janaria bidaltzea eta karitatea ondo daude, baina hori ez da nahikoa. Saharan gatazka politikoa dugu eta lan politikoa egin behar da, gatazkari amaiera emateko. Eta horretarako, beharbada, erakundeak sortu behar dira presioa egiteko, bai Espainiari, bai nazioarteari. Ea erreferendum ospetsu hori egiteko aukera dugun! Berrogei urte pasa dira Marokok Sahara okupatu zuenetik. Zein da egoera gaur egun? Oso zaila. Gizartea banatuta dago eta errepresio mota asko jasotzen ditugu: errefuxiatuen kanpamenduan eguneroko bizitza (janaria, botikak...) oso zaila da, eta gune okupatuetan daudenak erabat zapalduta bizi dira. Bertan, Nazio Batuen Erakundeak ebazpenak zabaldu ditu Marokoren kontra, baina horrek ez du ezertarako balio izan. Izan ere, marokoarrek jarraitzen dute gu bortxatzen eta atxilotzen. Nahi dutena egiten dute. Bake prozesua aspalditik dago martxan, baina momentuz, emaitzarik ez du ekarri. Baduzu itxaropenik? Beti izan behar gara itxaropentsuak; bestela... Zaila da. Gizakiok, animaliak bezala, gauzetara ohitzen gara, zentzu onean zein txarrean. Egoera honetan piztu egin behar gara. Gauzak hasieran sentitzen genituen moduan berriro sentitzen hasi behar dugu, eta pausuak aurrera eman: ez dakit borroka armatua berreskuratzea komeni zaigun ala ez, ez dakit zein izango den bidea, baina aldaketa nabarmenak egin behar ditugu, eta estrategia berri bati ekin. Argi dago. Gazteek gatazka baino ez dute ezagutu. Eurek zer uste dute? Borrokatzeko prest daude (politikoki zein armen bidez) edo nekatuta daude eta Saharatik alde egin nahi dute? Gu gatazka hasita zegoela jaio ginen. Gatazka da txikitatik bizi eta pairatu izan duguna. Beraz, ezin dugu hori ahaztu. Zein da bidea? Politikoki jotzea ala armen bidea hartzea? Ni ez naiz ez erakunde baten kidea, ez ezer, eta gauzak negoziatzen badira, askoz hobeto. Hala ere, urte pilo bat daramagu bide horretan, eta ez dugu etekinik lortu. Hitz polit asko entzun ditugu, askok arrazoia eman digute, baina besterik ez. Borroka armatua berreskuratzeko arriskurik ikusten duzu? Ona ala txarra izango litzateke? Jende askok berriro hartu nahi ditu armak. Gurasoek borroka armatua egiten zuten eta gazteok horren berri eduki dugu. Baina garaia ezberdina da: gu herri txikia gara eta laguntzen digutenak ere bai. Maroko, ordea, boteretsua da. Zer da gogorrago, askatasunik eza edo hango bizi-baldintzak? Askatasunik eza. Zure herrira bueltatu ezin izatea; maite dituzunak bere herritik kanpo bizi izatea; gune okupatuetara joaten garenean atzerritarrak izango bagina moduan sentitzea... Oso gogorra da. Bizi-baldintzak txarrak dira, baina hasieratik kanpamenduetan bizi izan garenok baldintza txarragoak ezagutu ditugu bertan, eta, gaur egun, baldintzak askoz hobeak dira. Zelan ikusten duzu etorkizuna? Berde eta itxaropenarekin ikusi nahiko nuke. Benetan espero dut munduak gure egoeraren berri izatea, eta geuk ere gero eta gauza gehiago egitea gure herria askatzeko. Aita katue, alaba mixine Gurutze Irizar erizain gipuzkoarra da. Hogeita lau urte zituela bere lana utzi eta Saharara abiatu zen. Bertan Mohamed Salem Hach Embarek ezagutu zuen, eta berarekin maitemindu zen. Harreman horretatik jaio ziren Garazi eta Beñat. Garazik 12 urte eman zituen errefuxiatuen kanpamentuetan, baina gero amaren herrira, Ormaiztegira joan zen bizitzera, ikasten jarraitu ahal izateko. Gaur egun, ingeles irakasle egiten du lan hizkuntza eskola batean, baina gertu-gertutik jarraitzen ditu Sahararen nondik norakoak. Izan ere, entzun nahi duten lekuetan salatzen du sahararrek pairatzen duten zapalkuntza, gaztelaniaz, euskaraz zein ingelesez.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).