Patricia Calvo, boxeolaria: “Errebantxa nahi dut”

Aikor aldizkaria 2015ko ots. 25a, 09:38
Zamudioztar honek 23 urte ditu, eta Aldekoa Zamudioko boxeo taldeko kidea da. Orain dela aste batzuk debuta egin zuen Bizkaiko Txapelketan, zaletu mailan eta minieuli-pisuko kategorian. Aizu, zer da minieuli-pisua? Ba, boxeolariak ezin du 48 kilo baino gehiago pisatu. Eta zaila da horretan mantentzea? Nire kasuan, ez, 46 kiloko pisua dudalako (kar, kar). Beno, eta zelan irten zen debuta? Uste dut ondo irten zela. Bale, galdu nuen, baina kontuan hartu behar da nire lehenengo borrokaldia izan zela, eta aurkakoa, Ane Rodriguez, beteranoa dela, eta ondorioz, nik baino esperientzia handiagoa duela. Gainera, hanka apur bat txarto daukat eta horrek ere eragina eduki zuen. Baina, egia esateko, uste baino hobeto atera zen. Ringera igo baino lehen pentsatzen nuen: Ama, non sartu naiz? Baina oso ondo pasatu nuen gero, eta galdu izanak ez dit boxeatzeko gogoa kendu. Ondo ikusi nuen nire burua. Zergatik erabaki zenuen lehian hastea? Ez dakit. Entrenatzaileak esaten zidan inoiz lehian ibiliko nintzela, eta nik esaten nion, ez nuela gogorik, ez zela nire helburua… Baina gogoa piztu zitzaidan egun baten! (kar, kar). Dena dela, oso denbora gutxi daramazu boxeoa egiten. Bai, sei hilabete baino ez. Aspalditik nahi nuen boxeoan hasi, baina ez nuen ez denborarik, ez gimnasio bat topatzeko gogorik. Bikotekideak hitz egin zidan Zamudioko taldeari buruz, bera ere hona datorrelako, eta animatu nintzen. Zer da erakartzen zaituena? Ni entrenatzera nator, besterik ez, ondo sentitzen naizelako, gustura. Erakargarria da, fisikoki ondo ikusten dudalako nire burua. Horren haritik esan beharra dago batzuk pisua galtzeko datozela, edo jarduera fisiko bat egiteko. Era berean, adrenalina erretzen da eta aukera ematen dizu batzuetan barruan duzun “ haserre hori” kanpora ateratzeko. Baina niri gehien gustatzen zaidana da lagunak garela, beti, duela minutu bi borrokan ibili izan arren. Aurrean duzunari begirunea eduki behar diozu beti. Zelan daramatzazu entrenamenduak? Astelehenetatik barikura entrenatzen dut, ordu batetik ordu bi eta erdira. Gogorra da, nekatzen zarelako, giharretako mina duzulako… Begira, lehiaketaren osteko astean atsedena hartu nuen, eta zerbait falta zitzaidan… Ba, entrenamendua zen. Hori bai, lehenengo eguna oso gogorra izan zen, gorputz osoko mina nuen! Baina ohitura hartzen da berriro, eta kito. Zelakoa da? Kolpeak ematen eta kolpeak saihesten ikasten dugu. Sokasaltoan ibiltzen gara, abdominalak indartzeko ariketak egiten ditugu… Sokasaltoan ibiltzen ikastea apur bat kostatu zitzaidan, baina uste dut nahiko ondo joan nintzela beste guztia barneratzen. Zelako ezaugarriak eduki behar ditu boxeolari on batek, zure ustez? Lehen esan dudan moduan, aurrean duenari begirunea erakutsi behar zaio beti. Ringean arerioak izan ahal gara, baina ringetik kanpo lagunak gara, eta borrokaldia amaitzen denean ere jarraitu behar dugu lagunak izaten. Hori da, nire ustez, inportanteena. Arau batzuk daude eta boxeolari on batek ezin ditu arau horiek apurtu. Osterantzean, boxeolaria izateari uzten diolako. Eta gero, noski, teknika dago, baina hori bigarrena da. Kasu egin behar diozu entrenatzaileari, zerbait irakatsi nahi badizu, hori zerbaitengatik egiten duelako: zu kolpeak emateko gauza izateko, eta kolpe bat jasotzen duzunean, ahalik eta min txikiena har dezazun. Eta zelako boxeolaria zara zu? Entrenatzaileak esaten didan guztia barneratzen dut, eta praktikan ipintzen saiatzen naiz. Beno, debut egunean zaila izan zen… Mundu guztia zegoen oihukatzen, nire entrenatzailea, beste neskaren entrenatzailea, ikusleak, arerioa ni jotzen… Ahalegindu nintzen kolpeak saihesten, baina ez nuen behar bezain ondo egin… dena oso azkar gertatu zelako. Bestalde, kideek gogor jotzen dudala diote, baina uste dut azkarragoa izan beharko nukeela… Beno, pixkanaka-pixkanaka. Oraindik asko ikasteko dut. Zeintzuk dira zure planak? Ni zaletua naiz eta gustatuko litzaidake entrenatzen jarraitzea eta noizean behin borrokaldiren baten parte hartzea. Baina profesionala izan? Ez, ez… ezta pentsatu ere! Beno, nik errebantxa nahi dut! Ziur nagoelako, nahiz eta berriro galdu, askoz hobeto egiteko gauza naizela. Bai, hanka hobeto dudanean errebantxa eskatuko dut (kar, kar). Emakumeen kirola ere bai Zalaparta sortu zen Patriciak senideei eta lagunei boxeoan arituko zela jakinarazi zienean. “Zoratuta nengoela esan zidaten etxean, egun batean norbaitek kaskezurra hautsiko zidala… Eta lagunek barre egiten zuten: Zu? Hain beso argaltxoak dituzun hori? Ez zuten konfiantza handirik nire gaitasunetan… Eta begira, debut egunean lau roundei eutsi nien, e! Hori bai, besteak eman zidan… batez ere hirugarren eta laugarren roundenetan!” (kar, kar). Kirol gogorra dela badaki, eta ekar ditzakeen ondorioak zeintzuk diren ere bai: sudurra apurtu, ebakiak… Baina horrek ez du kikiltzen eta boxeoan gogoz jarraitzeko asmoa duela esan digu. Emakumeen boxeoa gehiago bultzatu behar dela uste du. “Hau gizonen mundua da, eta batzuek uste dute gu ez garela haiek bezain ondo egiteko gauza, ez dugula kalitateko ikuskizunik eskaintzen. Eta hori ez da egia, gu ere boxeolari onak gara. Are gehiago, gizonek baino gogorrago jotzen duten emakumeak ere badaude”. Bai, boxeoa emakumeen kirola ere bada, eta horren adibideetako bat Aldekoa elkartean dabiltzan 10 emakumeak dira. Hamabost urtetik 45 urtera arteko boxeolariak dira, haiekin ringera igotzera ausartuko zinatekete?

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).