JJ Vaquero, komikoa: “Euskaldunek ozenki egiten duzue barre”

Aikor aldizkaria 2015ko aza. 20a, 10:48

Bakarrizketak modan daude, eta horren haritik Zamudioko jaietan En bruto antzezlana antolatu zuten. Horren egileetako batekin, JJ Vaquerorekin, hitz egin dugu eta komikoak, Zamudioko saioan egin zuen moduan, esketxa egiteko prozesu sortzailearen berri eman digu. Batez ere monologista izateagatik zara ezaguna, baina Zamudiora binaka etorri zara, Iñaki Urrutiarekin batera. Ez da beste kide batekin lan egiten duzun lehenengo aldia; zelan moldatzen zara beste aktore batekin eszenatokian? Elkarbizitza erraza da Iñakirekin. Berak ez ditu nire gauzak ukitzen, ez zaizkiolako gustatzen. Beraz, arazorik ez gure artean (kar, kar). En brutoantzezlanean hauxe erakusten duzue: zelan egiten da esketx bat. Laburbilduz, zelan egiten da esketx bat? Ez pentsa prozesu konplexua denik! Lagun bat eta botila bete ardo nahikoak dira esketx bat idazteko (kar, kar). Zelan egiten duzue eguneroko egoerei buelta emateko eta, horien haritik, bakarrizketak sortzeko? Komikoek ikuspuntu berezi batetik ikusten duzue errealitatea? Denetarik dago. Esate baterako, Luis Piedrahita eta holako komikoek badute ikuspuntu ezberdin bat, eta handik euren errealitateari begiratzen diote. Baina nik ez, nik ez dut ikuspuntu berezirik. Horren bila jarraituko dut. Zein da umorearen sekretua? Zergatik da barregarria txistea? Auskalo! Txiste batzuk oso onak dira eta ez dute ezer gehiagorik behar jendeak barre egiteko. Beste batzuk, aldiz, momentuaren edo kontalariaren arabera dira onak. Estatu mailako zenbait eszenatokitan ibilia zara, eta leku bakoitzean publikoa ezberdina izango da. Nolakoak gara euskaldunok? Euskaldunek ozenki egiten duzue barre, eta hori, komikoaren ikuspuntutik, benetan eskertzekoa da. Zelan eta noiz hasi zinen bakarrizketak idazten eta antzezten? Txisteak kontatzen zenituen eskolan? Zer esan zizuten gurasoek komikoa izan nahi zenuela esan zenienean? Bai, eskolan beti nenbilen txantxetan, baina ikasgelako mutilik barregarriena Kike Camisas nire laguna zen. Nire gurasoei dagokienez, eurek pozik hartu zuten ni komiko egitea. Fiskal egiten ez nintzen bitartean, gurasoak pozik. Izan ere, etxean ez zaizkigu fiskalak gustatzen (kar, kar). Nacho García komiko andaluziarra ezagutu nuenean erabaki nuen komikoa izatea. “Komikoa izaten saiatze hutsa izango da oso dibertigarria”, pentsatu nuen. Komikoak alfer hutsak zaretela esaten da, baina zu ez zara geldirik egoten. Izan ere irratian (Protagonistas saioan) eta telebistan (El Hormiguero saioan) egiten duzu lan eta, gainera, antzezlanak taularatzen dituzu Estatu osoan zehar. Zelan moldatzen zara? Tira, material pilo bat birziklatzen dut, hau da, telebistarako sortzen ditudan bakarrizketa asko irratian edo antzezlanetan ere erabiltzen ditut askotan. Irratia, telebista, antzerkia... Zein nahiago duzu? Zalantzarik gabe, irratia. Eta irratian aritzen den edozeinek gauza bera esango dizu. Irratia oso polita da, xarma handia dauka. El Hormiguero saioan gidoilari egiten duzu lan eta batzuetan bakarrizketak antzeztu ere egiten dituzu. Zer nahiago duzu, zuk zeuk bakardadean idatzi ala jendaurrean antzeztu? Bakardadean? El Hormiguero saioan? Ezta pentsatu ere! Saio horretan zalaparta handia dago eta nire inguruan burutik sano ez dauden lagunak baino ez daude. El Hormiguero saioan lan egitea tabernetan bakarrizketak egitea bezain dibertigarria da. Azken bolada honetan, telebistari esker ospetsuago egin zara. Nolako eragina du ospeak zure ikuskizunetan? Uste duzu publikoak barre egiteko joera duela, edo ospeak presioa sorrarazten dizu ikusleei huts ez egiteko? Hauxe jarriko dut nire epitafioan: “Saiatu nintzen haiei huts ez egiten”. Nondik datoz zure izenaren JJ hizkiak? Zergatik erabiltzen dituzu inizialak eta ez izen osoa? JJ hizkiek José Juan esan nahi dute. Hasiera batean, José Juan Vaquero zen nire izen artistikoa, baina kartel gehienetan José Juan baino ez zuten jartzen, eta azkenean amore eman nuen, eta JJ Vaquero utzi nuen. Abizena, ez ogibidea José Juan Vaquero Valladoliden jaio zen 1973an. Bere webgunean aitortzen duen moduan, Vaquero abizena da, ez ogibidea. Ez, Vaquero komikoa da eta azken bolada honetan, nahiko ezagun egin da, telebistan, El Hormiguero saioan agertzen delako. Hala ere, bakarrizketak antzezteaz gain, Vaquero saio bereko gidoilaria ere bada. Eta hori guztia ez ezik, antzezlanak ere idatzi eta taularatzen ditu Estatu osoan zehar: esketxak eta bakarrizketak abiapuntutzat hartuta, besteak beste La Biblia, increíble pero cierta, Es lo que hay, El Bueno, el Feo y el Malo eta noski, Zamudion ikusgai izan genuen En bruto ikuskizunetan hartu du parte. Gaienera, irratian ere egiten ditu kolaborazioak.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).