Lagatzuk pastel berezia atera dau bere urteurrenerako

Aikor aldizkaria 2011ko eka. 21a, 09:03

Lagatzu Zamudioko Euskera Alkarteak 12. urteurrena ospatuko dau ekainaren 25ean, eta, aurreko urteetan egin dauan moduan, Lagatzu Eguna – Euskal Jaia antolatu dau egun horretarako. Beste hainbat ekitaldiren artean, herri bazkaria egingo dabe, eta hari kutxu berezia emon gura izan dautsoe, postre barria eskainiz: perretxiko gozoa pastela. “Bizkaiko Gozogileen Alkarteagaz jarri ginan harremanetan, eta postrerako beren-beregi asmautako pastel bat egitea ideia polita iruditu jakun. Odolosteek ezagun egin dabe Zamudio inguruetan, eta gure pastelak harrera ona izan ezkero, ha be herriaren beste ezaugarri bat izan leitekela pentsaten dogu”. Zamudioztarrak “perretxikoak” izengoitiagaitik dira ezagunak alboko herrietan, horregaitik alkartekoek hasiera-hasieratik izan dabe argi perretxikoa pastelaren elementu nagusia izan behar zala, eta hari izena emon behar eutsala. Pastela Aramendi Zamudioko gozotegian egingo da, eta haren ardurea Jesus Vaquero pastelgileak hartuko dau. “Halan, herritarren eskura egongo da edozein momentutan. Gainera, zamudioztarrentzako pastela egiteko, nork hobeto herriko gozotegia baino?”. Herri-bazkarian 500 lagun batzea espero dabe Lagatzukoek, eta horreek perretxiko gozoa pastela lehenengo aldiz dastatzeko aukerea izango dabe. “Honek Lagatzu alkarteak herriari egiten deutsan beste ekarpen bat izatea dau helburu, zamudioztar guztiontzat zein bisitarientzat erakargarriena izan daitekena”. Gozo-gozoa Errusiar pastela zamudioztar bihurtu dau Lagatzu alkarteak. Izan be, perretxiko gozoa pastelak errusiar pastelak egiteko erabilten diran oinarrizko osagai berberak ditu: azukerea eta zuringoa. Halanda be, Zamudiokoa berezia da haren itxurea zein gainontzeko osagaiak kontuan hartzen badoguz. Izenak adierazoten dauan bezala, perretxiko gozoa pastelak perretxiko itxurea dau. Barruan gaztaina kremea daroa, eta perretxikoaren txapela hankeagaz lotzeko, gurin krema erabili da. Oinarrian txokolate baltza eta berde koloreko koko-zatitxoak ditu. Gozo-gozoa emoten dau, eta dastatzeko irrikan gagoz zamudioztarrok zein txorierritarrok.