Inisitue Zamudioko Gazte Asanbladak eta Elkarrekin Aurrera herriko langabetuen elkarteak eztabaida-mintegi bat antolatu zuten Zamudiotorren. Ekitaldiak gazteek pairatzen duten enplegu- eta ekonomia-kolokatasuna aztertzea eduki zuen helburu eta han Jon Bernat Zubirik hartu zuen parte. Zubiri Euskal Herriko Unibertsitateko ekonomia-ikerlaria da eta gazteek dituzten lan-baldintzak eta aukerak aztertu ditu azken urteotan.
Gaur egungo gazteriaren testuinguru ekonomikoa eta lan munduan sartzeko dituzten aukerak nahiko latzak direla guztiok dakigun gauza da. Zubirik azaldu zuen moduan, hori indarrean dagoen eredu ekonomikoaren barruan sortu den espezializazio-prozesu bat da, zeinetan eraikuntza eta turismoa izan baitira azken hamarkadetan gazteek lana topatzeko eduki dituzten aukera nagusiak. “Eraikuntza oso krisi larri batean dago 2008tik hona eta ostalaritza arloan ere lan aukerak oso ezegonkorrak dira. Etorkizunera begira, sektore ekonomiko berriak sortu behar dira, gazteek beren lekua topa dezaten herri mailan lan egiteko, eta tokian tokiko beharrak asetzeko”.
Sexuen araberako ezberdintasunak be adierazi zituen adituak. Hala, mutilek logistika arloan eta industria laguntzaileetan gero eta lan aukera gehiago dituzten bitartean, neskek batez ere zaintza arloan eta esparru soziokulturalean topatzen dituzte aukerak. Euskal Herriaren eta Estatuaren artean lan arloan dauden ezberdintasun nagusiak ere azaldu zituen eta kooperatibismoa ere eduki zuen hizpide.
Zubiriren esanetan, erakunde publikoek inbertsio publikoak egin behar dituzte lana sortzeko, eta batez ere lan intentsiboak dauden sektoretan. “Hau da, Abiadura Handiko Trena egiteko jartzen diren 100 euro bakoitzetik bakarrik sei edo zortzi euro dira langileentzat. Horren kontra, baliabide publikoak ipini behar dira, langileei inbertitutakoaren ehuneko handiagoa ematea ahalbidetzen duten sektoreak sortzeko”. Era berean, herri mailako plangintza bat egitea beharrezkotzat jo zuen, tokian tokiko beharrak asetzeko egiturak sortzeko. Plangintza horretan herri eragileek, enpresa txikiek, familiek, koadrilek... hartu beharko lukete parte. Jorratu ahalko lituzketen esparruen artean hauek azpimarratu zituen: nekazaritza ekologikoa, garraio publikoa, zaborren kudeaketa, osasuna eta zaintza kolektiboak.