Maiatzaren 1ean, Jose Mari Lejardi Gabixolak gose grebari ekin zion. Gabixola garraiolari autonomoa da eta gose greba garraio-sektoreak gaur egun duen egoera larria salatzeko egiten dabil. Azaldu digun bezala, berak lan egiten duen enpresak 2005. urtean sinatu zuen azken aldiz hitzarmena eta bizi-kostuaren % 24ren azpitik dabiltza lanean. “Kilometroko ordaintzen digutena eta soldata bizi-kostuaren parekoak izateko eskatzen dut, eta duintasuna berreskuratzeko”. Garraiolariaren esanetan, hausnarketa eta eztabaida bultzatu behar dira eta ezinbestekoa da sektoreko langileek indarrak batzea. “Botere handia dugu. Kamioia bost egunean geldirik edukiko bagenu, supermerkatuetan-eta ez litzateke ezer egongo eta dena egongo litzateke geldirik. Eta goian daudenak larrituko lirateke”. Era berean, sindikatuek sektorea bultzatu eta babestu behar dutela adierazi digu, eta sindikatu abertzaleen ordezkariekin batzea helburu duela. “Txiki Muñozekin egin nuen topo Bilbon, gose greba hasi baino lehen. Animoak eman zizkidan eta esan zidan egoera kritiko batean gaudela eta, beraz, borroka guztiak zirela baliagarriak”.
Gaur zazpi egun bete dira Gabixolak gose greba hasi zuenetik. Ondo sentitzen dela dio, indartsu eta gogotsu. “Ez da lehenengo aldia gose-greba egiten dudala eta beldur nintzen hasieran, lehenengo egunen buruko mina-eta ondo ezagutzen ditudalako. Baina ez dut ez minik, ez inongo larritasunik. Hori bai, apur bat ahul nabil”.
Gabixola Markina-Xemeingoa da, baina gose greba Zamudion egitea erabaki du, “hona egunero garraiolari asko etortzen direlako; neu ere bai. Leku aproposa da”. Kanpadenda Torrelarragoiti industrigune ondoan ipini du, landa batean. Herriko alkateak eta zinegotzi batek bisitatu dutela esan digu, eta elkartasun handia jaso duela beste garraiolari batzuengandik, inguruko enpresetako langileengandik eta zamudioztarrengandik. “Ezin naiz kexatu, komun bat daukat, eta ura non hartu. Eguerdiro osasun-etxera noa, medikuarekin egotera eta tentsioa begiratzera”. Garraiolariak gidari bat kontratatu behar izan du bere lana egin dezan. Aurreikuspena egin du gose greban dagoen bitartean galduko duen diruaren gainean, eta aipatu digu bertso-saio bat antolatzeko asmoa duela, diru-galera hori leuntzeko. Izan ere, bera ezaguna da bertso munduan eta askotan aritu da gai-jartzaile. Ekitaldia Txorierrin egingo da maiatzaren amaieran.