Fernando Lopez arratsaldeetan ikus dezakegu Ormazabal enpresak Zamudioko Zientzia eta Teknologia Parkean duen egoitza aurrean. Gazteak martxotik hona darama kontzentrazioak egiten. Azaldu digun moduan, iazko abenduan bera eta beste lau lankide bota zituzten Igorreko lantegitik. Fernandok ia hamalau urte zeramatzan bertan lanean. “Diziplinazko kaleratzea zela adierazi zidaten, eta argudiotzat nire ekoizpena jaitsi zela erabili zuten. Baina ez zen egia. Are gehiago, nahiz eta “diziplina kaleratzea” izan, enpresa prest azaldu zen bidegabeko kaleratze bati dagokion indemnizazioa ordaintzeko”. Gazteak ez zuen onartu eta epaitegira jotzeko erabakia hartu zuen. Esan digunaren arabera, adiskidetzeko ekitaldian enpresak oraindik ere diru gehiago eskaini zion, baina ez zuen onartu. “Epaiketa egin zen. Kaleratze baliogabea eskatu nahi nuen, baina akats bat egon zen demanda sartu zenean, eta epaileak bidegabeko kaleratzea izan zela esan zuen. Epaiaren aurkako errekurtsoa aurkeztu dut eta zain nago”.
Fernandoren ustez, bera eta beste lau langile kaleratu izana enpresaren estrategia bat izan da, “gainontzeko langileek txintik ere atera gabe onar zezaten ondoren etorri zen eta beharrezkoa ez zen ERE bat. Horrela lortu dute langileek enpresak nahi zuen erritmora lan egitea. Bestalde, ni langile deserosoa izan naiz, ez naizelako inoiz isildu bidegabekerien aurrean, eta modu honetan erditik atera naute”. Fernandok beharrezkoa den arte jarraituko du enpresaren aurrean, megafonoarekin zarata egiten.
Aikor! aldizkaria enpresarekin ipini da harremanetan eta adierazi digute ez dutela gaiari buruzko adierazpenik egingo. Hala ere, argi utzi nahi izan dute epaileak agindutakoa zintzotasunez bete dutela eta hark ezarritako indemnizazioaren gordailua egin dutela.