Merkatu txikia egingo dute Zamudion

Aikor aldizkaria 2016ko uzt. 28a, 10:48
Herriko hamahiru gazte baserritarrek euren indarrak batu dituzte euren jarduerari bultzada bat emateko. Elkarte bat sortzeko bidean daude, eta hainbat ekintza aurrera ateratzeko asmoa dute. Zamudion merkatu txiki bat antolatzea da ekintza horietako bat. Joana Lara eta Ibai Etxabarria dira gazte baserritar horietako bi. Azaldu digutenez, merkatu txikia hileko lehenengo zapatuan egingo dute, goizean, eskola zaharreko patioan, eguraldi ona badago, eta aterpean, euria bada. Ekoizleek bertan ipiniko dituzte ikusgai eta salgai euren produktuak: ortuariak, ogia, marmelada, arrautzak, txakolina, landarak, oiloak, barraskiloak eta garagardoa, batzuk bakarrik aipatzearren. Aipatu beharra dago, gainera, gehienak produktu ekologikoak direla. “Gure lana eta produktuak ezagutzera ematea ez ezik, balio batzuk ere bultzatu nahi ditugu: kilometro zeroko elikadura, kalitatekoa eta freskoagoa, zuzeneko salmenta, herritarrak hemengo bertoko produktuetara hurbiltzea eta nekazaritza-merkatuari laguntzera animatzea…”. Era berean, herrian giroa piztea ere helburu dute. “Ez dugu nahi dendariek-eta gu konpetentzia moduan ikustea. Haiekin lan egin nahi dugu, eta lortu jendea merkatura zein dendetara eta tabernetara erakartzea”. Merkatuaz gainera, beste erakargarri batzuk eskainiko dizkiete bai zamudioztarrei bai albo-herrietako bisitariei. Hala, merkatuaren edizio bakoitzean zerbait ezberdina antolatzen ahaleginduko dira. “Irailean, antzinako lanabesen erakusketa txiki bat egingo dugu eta, abuztua eta iraila tomaterako hilabete onak direnez, lehiaketa bat ere egingo dugu, herriko tomaterik onena aukeratzeko. Kategoria bi egongo dira: ekologikoa eta ez ekologikoa, eta lehiaketan nahi duten guztiek hartu ahal izango dute parte, tomateak etxeko ortuan landatzen dituztenek zein balkoian loreontzi batean landatzen dituztenek. Epaimahaia adituek osatuko dute”. Konfiantza Ekoizleari zuzenean erosteak abantaila handiak ekartzen dizkigu: freskotasuna, zapore goxoagoak, hurbiltasuna, hemengo ekonomia bultzatzea eta batez ere konfiantza baserritarrarengan zein produktuan. “Oso inportantea da jakitea zer jaten dugun, nondik datorren eta zelan ekoiztu den. Izan ere, supermerkatuetan erosten ditugun produktuek kilometro asko egiten dituzte, 3.000-4.000 kilometro batez beste”. Horren haritik, Ibaik aipatu digu berak Merkabilbaon saltzen duela, eta bere produktua topatu duela supermerkatu-kate handi eta ezagun batean. “Hausnarketa egin behar dugu hainbat alderdiren gainean: nik produktu hori zenbatean saldu dudan eta erosleak zenbatean erosiko duen, zenbat bitartekari egon diren eta zenbat egun pasatu den nik produktu hori lurretik hartu eta supermerkatuan salgai ipini den arte”. Nekazaritzakoa zaharkituta dagoen sektorea da: baserritarren batez besteko adina 60 urtekoa da. Gainera, Zamudioko kasuan, lehen ortu eta negutegi ugari bazeuden, orain, eta esandakoaren arabera, bizpahiru baserritar egongo dira, aipatutako hamahiru ekoizle gazteez aparte. Horregatik da pozgarria gaz-teok lehenengo sektoreari berriro begiratzea euren bizimodua ateratzeko. Ibai eta Joana langabezian lotu ziren eta lehenengoak gurasoen ortuarekin jarraitzea erabaki zuen, eta Joanak, berriz, barraskilo-hastegi bat ipintzea, amak zuen lursail batean. Gainera, familia eta lana uztartzea ahalbidetzen dion jarduera da. Irailetik aurrera Zamudion hileko lehenengo zapatuan egingo den merkatu txikia beste tresna bat izango da euren eta herriko gainerako baserritar gazteen produktuak herritarrei hurbiltzeko, eta ekoizle eta bezeroen arteko harreman zuzena lantzeko. Irailaren 3an, beraz, lehenengo hitzordua dugu haiekin.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).