Zamudioko ondarea

Aikor aldizkaria 2017ko urt. 5a, 13:51

Labayru ikastegiak Zamudio: bizimodua eta ohiturak liburua argitaratu dau

 

“Azken urteotan izugarri aldatu da bizimodua. Lehen, nekazaritzan eta abeltzaintzan egoan oinarrituta eta gero industriak hartu eban garrantzia. Liburuan herri ondarea jaso gura izan dogu, hau da, lehengo bizimodua zein zan eta zelango bilakaera egon dan azaltzea”, esan deusku Akaitze Kamiruagak, Zamudio: bizimodua eta ohiturak liburuaren egile nagusiak. Akaitze Labayru ikastegiko Herri ondare bilketarako arduraduna da eta Zamudiokoa Geureak-Herri ondare bildumaren seigarren alea da. Besteak beste, Laukiz, Morgak, Mungiak eta Bediak osatzen dabe bilduma. 

 

 

Zamudioko Udalak hartu emonetan jarri zan Labayrugaz eta herriko ondarea berreskuratzeko liburu bat eskatu eutsan. 2013an, Akaitzek eta bere taldeak (Ziortza Artabe, Ziortza Eguren eta Jaione Bilbao) alkarrizketak egin eutsiezan 30 zamudioztarri, bakotxak bere bizitzaren barri emoteko. Guztira, 60 orduko grabazinoak egin ebezan. Testigantza horretako zatitxo batzuk Labayruren webgunean jarteko asmoa dabe. “Lagina ahalik eta anitzena lortzen saiatu ginan: emakumezkoak eta gizonezkoak, bakotxaren bizimodua batez be antxina erabat desbardina zalako, zenbait ogibidetan dabilzan lagunak, leku desbardinetan bizi diranak...”.

Liburua 10 ataletan dago banatuta. Labayrukoek herria, auzoa, etxea, heriotza, elikadura, nekazaritza, abeltzaintza, ogibideak, aisialdia eta herri egutegia hartu ditue hizpide. Ganera, antxinako zenbait argazki dago liburuan. “Geurea ez da lan bibliografikoa, gure oinarria lekukoek esaten deuskuena dalako, eurak gogoratzen dabena edo eurei gurasoek kontau eutsiena. Bitxia da lekukoek beti pentsetan dabelako, bere jakituriak ez dauela ezelango garrantziarik. Taloa egunero egiten genduan, zergaitik da hori hain garrantzitsua, ba?, pentsaten dabe (kar, kar)”.

Egileek bereziki zaindu dabe hizkuntza. Izan be, liburua Zamudioko euskeraz dago idatzita. “Lekukoek eurak erabili ebezan berbak erabili doguz: aldaparra, giñarra, aspirea, laratzua, zerreina, gardostu... Eta lehenengo aldiz Geureak-Herri ondare bilduman, Udalak holan eskatu deuskulako, atal bakotxak laburpen txikia dauka bai gaztelaniaz, bai ingelesez. Zamudion erdeldun asko dago, eta Udalak zamudioztar guztiek informazinoaren barri eukitea gura izan dau. Bestetik, ingelesa garrantzitsua da, Txorierrira gero eta turista eta erromes gehiago hurbiltzen dalako”.

 

Zamudio

Udalak zamudioztarren artean banatuko dau liburua, baina herriko lagunez aparte, ziur asko jente askori interesauko jako alea. “Zamudio eta inguruko herrietako bizimodua nahiko antzekoa zan. Zamudioztarrak dira protagonistak, baina herrikoak ez diranei be gustauko jake liburua, ohiturak, jatekoak, arropa eta abarreko kontuak eurak be ezagutu egin ebezalako”. Eta liburua horrexegaitik izango da arrakastatsua, “herri bakotxaren bizimodua islatzen dauelako”.

Ganera, horrelako lanak beste herrietan aurkeztu dituenean be jentea oso pozik ibili da. “Askotan nagusi batzuek hurbildu jakuz eta hauxe esaten deuskue: Ai, zelango oroitzapenak, zenbat denpora horretaz pentsau barik! Normalean jentea interesa adierazoten dau, geure historia horixe dalako. Liburua aurkezten dogunean, 30 minutuko bideoa prestaten dogu eta bertan testigantzen zati bat erakusten dogu. Jenteak hori ikusi dauenean, hunkituta gelditzen da eta, ganera, beti dinoe labur egiten jakela (kar, kar)”.

Liburuak herriko ondareari eustea dau helburu. “Ondarea garrantzitsua da gaur egun egiten doguzan ohitura batzuk nondik datozan eta zergaitik egiten doguzan jakiteko. Ume txikien eretxiz, Halloween da arrunta, eta agian ez dakie hemen be kalabazak hustu egiten zirala eta lagunak ikaratzeko erabilten zirala. Halloween gauza barria da eta errotu egingo da, ohiturak be aldatu egiten diralako. Ezin gara gure burbuilan bizi, ondarea eta bizimodua biziak dira eta aldatu egiten dira. Dana dala, nik uste dot geureei eutsi behar deutsegula”. Zamudioztarrek liburu horreri esker, euren ondareari eutsiko deutsie.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).