Egun Xtreme bat

a: IZAE taldea 2017ko eka. 26a, 13:53

Zapatuan, Lagatzu Eguna ospatu zen Zamudion bederatzigarren aldiz, Txorierrin egiten den euskararen jairik garrantzitsuenetarikoa da. Lagatzu Zamudiko euskara elkarteak jai handi hau antolatzen du, euskaraz bizi izatea eta ondo pasatzea aldarrikatzeko. 

Eta aurten ondo pasatu dute, bai horixe. “Aurten guztiz ezberdina izan da, baina parte-hartzaileen aurpegiak ikusi baino ez zen egin behar jakiteko emaitza ona izan zela. Eta batez ere aipatzekoa da jende gazte pilo batek hartu zuela parte. Hori bereziki pozgarria da, Lagatzuko lanaren jarraitasuna bermatzen duelako”, esan digute antolatzaileek. Ospakizunak barikuan hasi ziren, Yogurinha Borova show woman euskaldunaren eskutik.

Hala ere, jaiaren muina zapatuan egin zen. Goizean, Joseina Etxeberria kazetariak Lagatzu Xtreme lehiaketa aurkeztu zuen. Guztira, 12 lagunek osatutako zortzi talde sartu ziren lehian. Horiekin batera, epaileak, laguntzaileak eta lagunak ere jolastu ziren. “Euria egin bazuen ere, 100 lagun baino gehiago aritu ziren. Oso giro ona egon zen”. Parte-hartzaileek saio fisikoei, musikalei eta kulturei egin zieten aurre. Horren ostean, euskaltzaleek Mannequin Challenge bat egin zuten.

Poteo musikatua egin ostean, bazkaltzeko ordua heldu zen. Han 540 lagun baino gehiago batu ziren. Bazkalondokoa girotzeko, Taberna Ibiltaria taldeak kontzertua eskaini zuen eta, betiko moduan, euskaltzaleek agertokira igotzeko aukera izan zuten. Kontzertuan zehar Lagatzuk omenaldia egin zien lau laguni: Ainhoa Bilbao (Hirubat dantza taldeko kidea); Iratxe Gezuraga (Kamara Koralako kidea); Josu Aretxabaleta (Bertoko taldekoa); eta Jaime Gardoki (Kantarelux taldekidea). “Azken urteotan izugarrizko inplikazioa adierazi dute Lagatzu Eguna antolatzeko orduan eta eskerrak eman nahi izan dizkiegu bere lanarengatik”. Bakoitzak txapela bat jaso zuen. 

Giroa oso polita izan zen egun osoan zehar, baita gauean ere. Taberna Ibiltaria taldearekin betiko kantak abestu eta gero, Trikizio taldeak “benetako” erromeria eskaini zuen. “Zenbait herritan egiten dira erromeriak, baina haietako askotan jendeak ez du dantzatzen. Gurean, bai, ordea”. Batzuentzat, han bukatu zen Lagatzu Eguna, baina beste batzuek gauean zehar luzatu zuten Zamudioko euskararen eguna. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).