“Badut arantza bat telebistarekin”

Aikor aldizkaria 2017ko uzt. 27a, 13:19

Joseina Etxeberria, esataria

Gaztea irratiko esataria Xtreme lehiaketa aurkezten ibili zen Lagatzu Egunean. Muturreko esperientzia bizi izan zuten parte-hartzaileek. Eta aurkezleak? “Bai, nahiko muturrekoa. Eguraldiak ez zigun asko lagundu, baina bai animoak. Larunbat goiz-pasa benetan polita egin genuen. Ze rollo ona!”. Berarena bezain rollo ona.

 

 

Gaztea irratian zabiltza, hura sortu zenetik, 27 urte. Esperimentu moduan jaio eta Euskadin gehien entzuten den hirugarren irratia da. Zein da sekretua?

Bai, horrela da; eta guk arratsaldean egiten dugun Box saioa, entzunena gainera. Beno, momentu on bat bizi dugu. Gaztea irrati txikia da, baina ilusio handia biltzen da bere baitan. Gure arteko giroa ere ona da eta horrek laguntzen du. Eta guri entzutea gustatuko litzaiguken zerbait egiten saiatzen gara. Ez dut uste hortik aurrera aparteko misteriorik dagoenik.

 

Eta Joseinaren sekretua?

Kar, kar. Taurus zeinukoa naiz, eta burugogor samarra, seguru. Gainera, egiten dudana bizi egiten dut. Ez dut esan nahi era bizian egiten dudanik, baizik eta sinesten dudan zerbait egiten dudala. Eta musika, eta komunikazioa… asko gustatzen zaizkit.

 

Zein izan da Gaztea irratiak urte hauetan eduki duen bilakaera?

Irrati musikal bat izaten hasi ginen, eta oraindik ere musikak lehentasuna izaten jarraitzen badu ere, berehala konturatu ginen irrati oso bat eskaini behar genuela. Hau da, musikaz gainera beste eduki batzuk behar genituela: informazioa, entretenimendua, umorea… Momentu horretan etorri zen gure bilakaerako saltorik garrantzitsuena.

 

Besteok musika entzuten dugu deskonektatzeko. Zer egiten duzu zuk?

Nik ere bai. Eta konektatzeko. Eta lanerako. Eta lo egiteko. Eta esnatzeko. Eta…

 

Zein motatako musika?

Irratian jartzen dudan musika gutxi. Batez ere musika barrokoa entzuten dut; 30 urte daramatzat musika hori entzuten. Antzinako musika asko gustatzen zait. Jazza ere bai. Eta gaur egungo taldeen artean, The War on Drugs, eta Vampre Weekend ere bai.

 

Esan ahal bada, kuriositatez, badago irratitik kanpo debekatuta duzun abestirik?

Ez. Irratian milioi bat aldiz ipini ditudan abestiak ere ez ditut debekatuta. Musikak ez nau aspertzen; kanta batzuk beste batzuk baino nahiago baditut ere.

 

Eta musikari buruz. Zelan dago euskal musikaren panorama?

Herri txiki batean bizi gara eta horrek dena mugatzen du. Euskal Herrian gutxi gaude; euskaldunak, gutxiago; gazteak, gutxiago; musika zaleak, gutxiago… eta horrela esparrua txikitzen eta txikitzen gabiltza, eta musikari batek entzuleak eta jarraitzaileak behar ditu. Nondik atera arrainak, hain arrantza gutxi dagoen itsaso batean? Txikitasun horrek ia ito egiten gaitu, baina gure aukera txiki horien artean, gauza dezente egin eta egiten dugu.

 

Irrati gizona zara. Zein da irratiaren xarma?

Irratia konpainia da. Musika ezinbesteko laguna da niretzat, eta auto bidaia luzeetan, esaterako, musikaz gain irratia ere badut ezinbestekotzat. Norbait behar dut alboan, eta bi lagunen arteko komunikazioa ez den horretan ezer gutxik egiten du irratiak adinako konpainia. Irrati bat alboan duenak, bertan norbait zuzenean edo lanean badabil behintzat, ez du bakardaderik sentituko.

 

Musikalez gainera, zein motatako saioak entzuten dituzu?

Denetarik entzuten dut: batzuk, arrazoi batzuengatik; eta beste batzuk, beste arrazoi batzuengatik. Nazioartekoak ere bai: jende oso ona, eta asko, dago hortik. Oraindik ere badugu zer ikasi.

 

Telebistara egingo dugu salto. Ez da lehenengo aldia bertan ikusi zaituguna, baina bada lehenengo aldia musika ardatza ez den saio batean ikusi zaituguna. Eta gaztelaniaz, gainera. Zelan izan da esperientzia El Conquis saioan?

Lantalde eta lan-giro aldetik, oso ona. Baina nik eman dudana ez dut uste –beno, seguru nago- maila berean egon denik. Badut arantza bat saio horrekin eta telebistarekin. Gustatzen zait, baina ihes egiten dit. Gainera, irratikook badugu gabezia bat telebistara joaten garenean: dena ahotsera bidaltzeko ohitura dugu, eta telebistan horrek gure komunikazio-ahaleginaren zati bat besterik ez darama… uretan igerian ez dakiena bezala sentitzen gara. Ez gara itotzen, baina…

 

Hala ere, zure burua ikusten duzu inoiz telebistan? Musikari lotuta ez dagoen saio batean?

Aldaketa garai batean murgilduta nabil, eta egia esatea nahi baduzue, momentu honetan ez dakit nora eramango nauen aldaketa horrek. Baina laster jakingo da. Eta nire osasunak eskertuko du!

 

 

Zertzeladak

 

Ataun, 1968. Joseina Euskadi Gaztean –Gaztea, gaur egun- hasi zen artean kazetaritza ikasten zebilela. Harrezkero 27 urte pasatu dira eta denbora-tarte honetan bere ahotsa lagun izan da, eta bada, gazte eta ez hain gazte askorentzat. Besteak beste Di-da, Are gazteago eta Sofa horia saioak aurkeztu ditu, eta gaur egun Gaztea box saioan dabil Ainhoa Etxebarriarekin eta Ibon Fernandezekin. 2001etik 2004ra bitartean Euskal Herriko ia txoko guztietatik ibili zen Diskofesta egitasmoarekin, eta telebistan E-klipse saioa aurkeztu zuen. Aurten telebistan ikusi dugu berriro, El Conquis del Caribe saioan hain zuzen ere. Joseinak musika ipini zien abenturaren momenturik onenei.