Broken Izotz, jelaren rocka

Aikor aldizkaria 2017ko urr. 3a, 09:49

Broken Izotz musika taldeak 50 urte inguruko lau lagun zamudioztarrek osatzen dute. Musikarako zaletasunak batzen ditu, eta ederto pasatzen dute gehien gustatzen zaizkien abestiak elkarrekin jotzen. Txorierriko tabernetan eta jaietan, behin baino gehiagotan eduki dugu haien musikaz gozatzeko aukera. 

Juanek azaldu digun moduan, Broken Izotz taldea “nahi barik” sortu zen. “Ezagun batek eta biok abestiak praktikatzen genituen. Ni ile-apaintzailea naiz eta bezero batek, Aitorrek, komentatu zidan gitarra jotzen ikasten zebilela eta abestea gustatzen zitzaiola. Gurekin aritzera gonbidatu genuen”, ekarri du gogora. “Anaiarekin batera, Natxorekin, Izotz taldean jo nuen 80 hamarkadan eta galdetu genion ea gurekin aritzeko gogorik zuen. Baietz erantzun zigun eta hala sortu zen Ke4 taldea. Bateria-jolerik ez genuenez, ordenagailu-programa bat erabiltzen genuen”.

Denborea pasatu, eta tabernetan eta jaietan kontzertu batzuk eman ostean, taldekideetariko batek alde egin zuen eta gainontzekoek taldearen izena aldatzea pentsatu zuten. “Aitorri otu zitzaion Izotz izena berreskuratu ahal genuela, baina Gipuzkoa aldean ere izen bereko taldea zegoenez, Broken Izotz ipintzea erabaki genuen. Hala, euskara eta ingelesa batuko genituen eta Izotz hitzari indarra emango genion”. Izen berriak aire berriaren beharra ekarri zuen eta taldekideek bertan jotzeko proposamena egin zioten Jaimeri. Broken Izotz 2015. urtean osatu zen.

Haiek sortutako abesti batzuk dituzten arren, Broken Izotz beste talde batzuen bertsioak egiten dituen taldea da. “Musika mota asko gustatzen zaigu, baita gure kontzertuetara hurbiltzen direnei ere. Estilo ezberdinetako taldeen abestiak jotzen ditugu, esate baterako Los Secretosenak, Barrikadarenak edo Dire Straitsenak”. Eagles, Kortatu, Itoiz edo Status Quo taldeen abestien bertsioak ere egiten dituzte kontzertuetan . “Gehienek ezagutzen dituzten abestiak dira”. Baita haiek sortutako abesti pare bat ere. “Errepertorio antzekoa jotzen dugu kontzertuetan, noizean behin asko jotzen dugun baten bat aldatzen dugun arren. Zein da jotzea gehien gustatzen zaiguna? Berria dena, ia beti”.

 

Zaletasunagatik

Taldekideen esanetan, bertsioak egiten dituen musika taldea izateak dakarren abantaila da entzuleek zein haiek beraiek gustuko dituzten abestiak jo ahal dituztela. Kontzertuei dagokienez, aipatu digute berdin diela han edo hemen aritzea. “Deitzen diguten lekuan zein guk proposatzen dugun lekuan”. Eta jarraitzaileak? “Beno, ez gara jarraitzaileak izateko hain talde ezaguna, baina jende gehienari gustatu egiten gatzaizkio”.

Entseguak Zamudioko Kultura Etxean egiten dituzte, “gure ordutegiek uzten digutenean”. Hala ere, kontzerturen bat badute, ahalegintzen dira gehiago entseatzen. “Dena dela, ez dugu egun asko entseatzen, ez dugulako nekatu nahi. Taldean zaletasunagatik gaude, eta ondo pasatzeko”.

Azken kontzertua Lezaman, Kurtzeko jaietan, eman dute eta, aurreratu diguten moduan, hurrengoa Zamudion bertan emango dute, “Kultur Etxean egingo den urteurren baten ospakizunen haritik”. Rock and rolla, ba!

 

Taldekideak

Juan Hidalgo Ranilla: gitarra-jolea. Taldeak: Izotz, Ke4, Kantarelux eta Broken Izotz.

Natxo Hidalgo Ranilla: baxu-jolea. Taldeak: Izotz, Ke4 eta Broken Izotz.

Jaime Gardoqui Errasti: bateria-jolea, akordeoia eta ahotsak. Taldeak: Eguzki, Kantarelux eta Broken Izotz.

Aitor Zarate Bustinza: gitarra-jolea eta ahotsa. Taldeak: Ke4 eta Broken Izotz. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).