Iratxek esan deuskun moduan, azaroan zehar egongo diran musika ekitaldiek urte honeetan taldetik pasau diran abeslariak, familiak, jarratzaileak, lagunak, ezezagunak... batzea gura leukiez, eta horreek Kamara Koralaren kideakaz disfrutau dagien. “Euskal kulturan, betidanik, musikea ideak, sentimenduak eta gogoak adierazoteko bidea izan da. Eta gure lana, azken baten, hauxe da: taldean musikeagaz gozatu, musikea konpartidu eta alkarren laguntzeagaz eta abotsa erabilita, alkartasunean abestuz gozatu”.
Zamudioko Kamara Korala 12 emakumek osatzen dabe gaur egun, entseguetara pozik baino pozago azaltzen diranak. “Eguneroko estresa baztertu egiten dabe, eta alkarlanean, kantua bidetzat hartu eta abotsa egokitasunez erabilita, barneko emozio gorenak ipintzen dabez praktikan”. Gainera, abesbatzan badagoz bertan 30 urte-edo daroazanak: Amagoia, Onintze, Iratxe, Ana, Olatz eta Olite. “Horreek izugarrizko indarra, kalidadea eta ziurtasuna emoten deutsoe abesbatzari. Nire altxorrak dira”. Altxor gazteak be badagoz, igaz umeen abesbatzea ipini ebelako martxan. “Bagenkian umeek abesteko zaletasuna ebela, parkean-eta hainbat ume ikusten gendualako korroan, abesten. Eta eskolan, etxean... ia guztiok abesten dogu ondo sentitzen garenean. Korukideek umeen abesbatzea sortzeko proposamena egin eben eta umeak animau ziran. Esan beharra dago umeek itzelezko aukerak dabezala eskolaz kanpoko ekintzakaz, eta gurasoen lehentasunen artean abesbatzok ez gagozala. Ziur nago ez dakiela kantuak zelango ekarpena egiten deutsen seme-alabei: arreta, memoria, disziplina, alde emozionala... lantzea, segurtasuna, oreka, beste hizkuntza batzuk ezagutzea, jenteagaz egotea, abotsa egoki erabiltea, poza, nasaitasuna...”. Umeen abesbatzea neskatoei zein mutikoei dago zuzenduta.
Olentzero Egunean baserriz baserri abesten joateko ohiturea berreskuratu gurean sortu zan Zamudioko Kamara Korala 1987. urtean. Gaur egungo korukideei jagokenez, gehienek musika ikasketak edo ezagutzak dabez, baina musikearen gainean ezer ez ekienak be badagoz, eta imitatuz eta errepikatuz ikasi dabenak. Iratxek batez be teknika bokalari emoten deutso garrantzia, “hori baita gure adierazoteko tresnea. Emaitzak ez dira hilabete gitxitan nabaritzen, baina ekinaren ekinez soinua asko hobetzen da eta horrek isla dau bai abeslariaren alde emozionalean, bai taldean bertan”.
Arin
Musika saio bakotxeko errepertorioa aukeratzeko orduan, hainbat xehetasun hartu behar dira kontuan: abost motak, tesiturak, abost kopurua, kontzertua non emongo dan, publikoa... Edozelan be, Kamara Koralaren kontzertu batera doanak soinu-bandak entzun ahalko dauz, gaur egungo musikarien abestiak, baltz espiritualak, erlaxatzeko abestiak... eta gehienbat XX. eta XXI. mendeetakoak. Errepertorioa eten barik barritzen dabe. Kantu bat edo bestea aukeratzea gatxa dan arren, Iratxek bereziki gaur egun abesbatzei zuzenduta euskal musikariek egiten dabezanak azpimarratuko leukez. “Josu Elberdinenak edo David Azurzarenak, adibidez. Atzerritarren artean, Jim Papoulisenak edo Josef Hadarrenak”.
Gero eta kontzertu gehiago emoten dabez eta hainbat proiektutan hartu dabe parte, esate baterako pop eta rock taldeakaz eta orkestrakaz. Ezkontzetan edo jai pribatuetan be abesten dabe, eta Zilarrezko doinuak Cd-a kaleratu eben kamara koralaren 25. urteurrenaren haritik. Musikak Salzburgora eroan dauz, Frantziara, Kataluniara, Madrilera, Kanariar Uharteetara... eta urtean zehar badabez hitzordu finko batzuk: Txorierriko Gabon-kanten jaialdia, Begoñako abesbatzen astea edo Udabarriko kontzertuak. “Horreetaz gain, proiektuak azaltzen dira. Pentagrama Sondikako akordeoi orkestragaz ibili gara, eta Haur Koruen II. Topaketan be bai. Azaroan, Derion izango dan poesia errezitaldi baten abesteko gonbidapena egin deuskue”.
Kamara Korala sortu zanean, Iratxeri ez jakon ezta burutik be pasau hak 30 urte iraungo ebala. “Oso arin pasau jat... Jakina! Abesten dana pasaten da arinago!”. Zelan dator etorkizuna? “Egia esan, ez dakit noz arte iraungo dauan. Bakarrik dakidana hau da: gagozenok ederto pasaten dogula abesten, eta gure artean itzezko giro ona eta konplizitatea dagoala”. Guztiok gonbidatu gaitue ospakizun-ekitaldietan parte hartzera. “Gura izanez gero, gugaz abestu be egin ahalko dozue!”.
Ospakizunez betetako hilabetea
Ospakizun ekitaldiei hasierea emoteko, kontzertua eskainiko dabe azaroaren 4an, 19:00etan, Txorierriko Baserri Antzokian. Azaroaren 11n, eta 20.00etatik aurrera, High Felicity taldeagaz batera arituko dira Zamudiotorren, eta azaroaren 18an Txorierriko gainontzeko abesbatzakaz – Sondikako Txuma Olagüe abesbatza eta Txuma Olagüe talde korala, Derioko Ipar-Alde, Lezamako Ekidazu eta Larrabetzuko Gaztelumendi -batuko dira Zamudioko eleizan, 19:00etan. Ostean, kopaua egongo da frontoian.
Bestetik, Fair Saturday ekimen solidarioagaz egingo dabe bat azaroaren 25ean. Kirikiño abesbatzegaz (Mañaria) eta Zornotza abesbatzagaz batera kontzertua eskainiko dabe 19:00etatik aurrera Zamudioko eleizan, eta batzen dan dirua Gure Señeak Derioko alkarteari emongo deutsoe. Azkenik, azaroaren 26an Zezili Eguneko meza berezian hartuko dabe parte. Hori urtean herrian abesten daben meza bakarra da, eta igaz lehen aldiz abestu eben umeen abesbatzeagaz batera. Ohiko mezetan abesten danagaz alderatzen bada, Zezili Egunean eskaintzen dan errepertorioa guztiz ezbardina da, XX. eta XXI. mendeetako obrak abesten diralako, latinez eta euskeraz.