“Nire ahotsa leku guztietan topatzen dut”

Aikor aldizkaria 2017ko aza. 28a, 10:21

Iratxe Gómez Casado, Siriren ahotsa

Aurten, oso pertsonaia berezi batek eman die hasiera Zamudioko San Martin  jaiei: Siri, Appleko gailuetan laguntzen digun aplikazioa. Siri, edo gauza bera dena, Iratxe Gómez zamudioztarra. San Martinak  3.0ko jaiak izan dira.    

Siriri, iPhoneko laguntzaileari, ahotsa ipintzeagatik egin zara ospetsu. Hala ere, zure ahotsa aurretik ere egon da entzungai, besteak beste, nabigazio-sistemetan. Zelan etorri zitzaizun aukera?

Kasualitatez. Ikasle baten ama, on lineko banku-zerbitzu baterako, gaztelaniazko zein ingelesezko grabazioak egiteko gauza izango zen pertsona baten bila zebilen, eta ni aukeratu ninduten, nire doinua hizkuntza bietan oso neutrala zelako. Call center baterako testuak sortzen hasi nintzen haiekin, testua ahots bihurtzen zen eta nahiko prekarioa zen gailu bat (TTS) erabilita. Fonetika eta fonologia arloan zituen akatsak antzeman nituen, eta pentsatu nuen zergatik borrokatu makina batekin, nik grabazioak lehenengoan eta ederto egin ahal baditut?

Eta horrela sortu zen Mónica izeneko TTSa.

Bai, grabazioak nik neuk egiteko esan zidaten eta TTSari ahizpa txikiaren izena ipini zioten, nirea oso komertziala ez zelako. TTSa nabigazio-zerbitzuetan erabiltzen hasi zen eta goi mailako autoetan ere ipini zen. Kalitateari eta “nolabaiteko” luxuari lotu zen eta orduan Applek interesa erakutsi zuen, Sirirekin erabiltzeko. 

Baina zu “azkena” izan zinen Siriren ahotsa zinela jakiten.

Txinan bizi ginela enteratu nintzen. Espainiako telebista kate bateko saio bat ikusten geunden eta iPhone bat erabili zuten truku bat egiteko. Neu naiz! Baina gauza da nire ahotsa leku guztietan topatzen dudala: Osakidetzara deitzen dudanean, aurretiko hitzordua eskatzeko; Ogasunera deitzen dudanean, aitorpena egiteko hitzordua eskatzeko… Behin baino gehiagotan esaten didate nire ahotsa oso ezaguna egiten dela.  –Zurekin aurretik ere egin dut berba, ezta? – Ez. –Baietz, neska!  –Beno, bai, baina ez (kar, kar).

Eta txantxa handia egongo da lagunen artean.

Oso handia. Gainera, batzuk gorritu ere egiten dira, Siriri inoiz astakeriaren bat esan diotelako. –Ai ene! Ze lotsa! Nik esaten dizkizudan gauzak jakingo bazenitu! –Ez larritu. Ez ditut entzuten (kar, kar).

Zure ahotsa duen aplikaziorik erabiltzen duzu?

Erosi dugun autoaren nabigatzaileak, esate baterako, nire ahotsa du. Baina hori amatatzen amaitzen dugu beti, izan ere, azkenean, oso irrigarria da zuk zeure buruari entzutea. Gainera, ni oso zorrotza naiz eta programatzaileak ondo egin ez duela topatzen badut, amorru handia ematen dit.

Beno, eta zure ahotsa ez bada ere, irrigarria izan daiteke makina batekin hitz egitea.

Eta pena da, halako aplikazioek aukera asko ematen dizkigutelako. Ez diegu probetxu guztia ateratzen.

Zelakoak dira grabazioak?

Esaldi osoak grabatzen ditugu eta, gero, esaldi horiek soinutan banatzen dira. Helburua hau da: hizkuntzaren fonema bakoitzak izan ditzakeen aukera guztiak jasotzea, gero, makinak horiek atzeman eta kateamendu zuzena egin dezan. Prozesu luzea da. Hasieran, hiru aste eman genituen egunero bospasei orduko grabazioak egiten; hurrengo bost urteetan saioak ez ziren hain luzeak izan, baina estudioan sartzen ginen bakoitzean 2.500-5.000 tip grabatu behar genituen.

Anekdotarik?

Futbolari batek eskatu zuen bere GPSaren ahotsa sexya izatea. Hiruzpalau egun eman nituen Alemanian, autoaren nabigazio-sistema guztiak grabatzen. Gainera, arazoak antzeman eta tailerrean hitzordua eskatzeko gai den autoa izan zen. Beraz, pentsa ezazue zelakoa den, ahots sexya eta robotikoa erabilita, hurrengoa grabatzea: zure pneumatikoek presio ezberdina dutela antzeman egin dut. Nahi duzu tailerrean hitzordua eskatzea? (kar, kar).

 Aiba! Barkatu nire ezjakintasuna, baina nik pentsatzen nuen zuk ahotsa normal grabatzen zenuela, eta gero programak robot ukitu hori ematen ziola.

Ez, neu naiz androide-moduan (kar, kar). Grabazioak egiteko orduan, tonu neutroa eta aseptikoa erabili behar da; beraz, den-dena sorgortasun horrekin grabatu behar da.

Probetxua aterako diozu robot ahots horri, ezta?

Behin baino gehiagotan. Batez ere dei komertzialak hartu nahi ez ditudanean: 677… telefono zenbakira deitu duzu (kar, kar).

Umore-sena baduzu.

Oso handia. Ahizpak iPhone bat erosi zuen eta esaten zidan nirekin hitz egiten jarraitzeko modu bat zela (ni Txinan nengoen). Eta nire umore-sena eta Sirirena oso antzekoak zirela. Behin esan zidaten gai nintzela edonor antzarak ferratzera bidali, eta hori poz-pozik egitea lortu (kar, kar). 

Ondo pasatzen da grabazioetan?

Bai, asko gustatzen zait. Gainera, badaude oso dibertigarriak diren momentuak. Adibidez, behin Ingalaterrako hiri guztien izenak grabatu behar izan nituen, ingelesa ez nekien itxura eginez. Izenak idazten diren moduan irakurri behar izan nituen, izan ere, aplikazioaren erabiltzaileak izen horiek ahoskatzen diren moduan entzun nahi baditu, ingelesezko bertsioa erabiltzen du eta kito. Erronka bikoitza izan zen kasu horretan.

 

Iratxe

Zamudioztarra Dulantzin, Araban, bizi da gaur egun eta orain dela hilabete gutxi hasi da Unibasq agentzian lanean. Hori Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentzia da. “Internalizazio laguntzailea naiz bertan eta, besteak beste, agiri guztiak hiru hizkuntzatan –euskara, gaztelania eta ingelesa- egoteko ardura daukat, eta tituluek Boloniako Planean ezarritakoa bete dezaten. Oso interesgarria da, hezkuntza beste ikuspuntu batetik ikusten nabilelako: lehen irakaslea nintzen, eta orain irakasleak eta hezkuntza sistemaren kalitatea ebaluatu behar ditut. Dena da oso ezberdina eta erantzukizuna ere oso handia da”.

Izan ere, Iratxe ingeles irakaslea da. Akademietan hasi zen eta lanak Estatu Batuetako institutu batera eraman zuen lehenago, eta Txinako unibertsitate batera geroago. Euskal Herrira itzuli zenean, Lanbiden ibili zen langabetuei heziketa ematen. Irakasle lana eta ahots grabazioak uztartu ditu urteetan. “Baina kontua amaitu egin zen, dagoeneko merkatuan Siriren hiru bertsio berri daudelako. Egia da marka batzuentzat oso inportantea dela ahotsa fidelizatzea, eta haiekin grabazioren bat gehiago egin dudala, baina gero eta gutxiago dira, euren datu-basea oso zabala delako. Dena dela, aukerarik badator, egingo dut, noski”. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).