Alaitz Ziordia eta Txaro Bilbao Zapata Gorriak Zamudioko alkartea osatzen daben 30 emakumeetariko bi dira. Azaldu deuskuen moduan, alkartea munduko emakumeek jasotzen dabezan ezbardintasuna eta indarkeria matxista salatzeko sortu da, eta bere kideek ekarpena egingo dabe gaitz horreek desagerrarazoteko, eta gizonen eta emakumeen arteko parekotasuna lortzeko. Helburuak betetzeko, besteak beste, honeek bultzatuko dabez: emakumeen arteko alkartegintza eta koordinazioa, heziketea, ahalduntzea, eta bizitza politikoan, ekonomikoan, kulturalean eta sozialean emakumeen parte hartzea.
“Lehenengoz 2016ko azaroaren 25aren inguruan batu ginan. Gero eta emakume gehiago hilten dabilkiguzala ikusi genduan eta zerbait egin behar zala pentsau genduan. Gure lehenengo ekintzea performance bat izan zan: baltzez jantzita lurrera bota ginan hil ebezan emakumeak irudikatzeko. Eta horrela hasi zan mobimendu txiki bat sortzen”.
Igaz, tailer batzuk antolatu ebezan eta bertan herriko dendetan batutako zapatak gorriz margotu ebezan. “Deialdi zabala egin zan eta emakume pilo bat alkartu ginan. Zapata gorriak martxoan 8an egin genduan aldarrikapenean erabili genduzan”. Chauveten artelanean moduan, zapata gorriak kalean, lurrean, ipini ebezan. “Kolore gorriak hilketek sortzen daben mina adierazoten dau, odola, baina era berean gorria maitasunaren kolorea da, bihotzekoa”.
Emakumeen egoerea eta arazoak mahai gainean ipintzeko beharra ikusita, herriko beste alkarte batzukaz batu ziran, eta horreek antolatutako ekintza batzuetan hartu eben parte. Zapata Gorriak taldearen kideak barriro batu ziran azaroaren 25ean mannequin challange bat egiteko. Hareekaz aurreko urtean baino jente gehiagok egin eban bat. “Ikusi genduan mobimendu txiki hori handitzen joiala eta Zamudion baegoala jentea gaiarekiko sentikorra zana. Jaietan-eta presentzia handiagoa eduki behar genduala erabagi genduan, eta alkarretaratzeak egiteaz gainera, hasi ginan gure aldarrikapenak zabaltzen, esate baterako, Zamudioko azokan”. Alkartea legalki eratzeko prozesuan dabilz gaur egun.
Danon esku
Alkartea ezberdintasun egoerak salatzeko bozgorailua izango da, eta gogotsu egingo dau lan Zamudio eta Txorierriko emakumeen artean solidaridadea sustatzeko. Era berean, arlo guztietako emakumeakaz arituko dira lankidetzan, ekintza- eta komunikazio-sareak osatzeko. “Begirada femisnista dauan herria gura dogu, biztanle guztiek eskubide berberak dabezan herri bat. Horretarako, jarduera hezigarri eta informatzaileen bidez, herritar guztiei zuzendutako kontzientziazio-lana egingo dogu”. Halan, herriko eragile guztiakaz aritzeko asmoa dabe, hala nola kultura eta kirol taldeak, eskola, etorkinak, gazteak, ostalariak eta Udala. “Zamudio biztanle guztiontzat herri segurua izan daiten egingo dogu lan, eta emakumeok gune publikoan zein pribatuan seguru sentitu gaitezan. Zamudio atseginagoa eta solidarioagoa lortzen laguntzea espero dogu, biztanleriaren erdia bigarren maila batera zokoratzen ez dauan Zamudio bat, hain zuzen be”.
Martxoaren 8aren atarian gagozala, aurreratu deuskue herriko txoko baten beira-arasa bat ipintzeko asmoa dabela, eta bertara, hemendik aurrera, Euskal Herrian emakume bat hilten daben bakotxean zapata gorri bat sartuko dabe. Bestalde, egun horretan dantza ekitaldia egongo da eta Kamara Koralak be eskainiko dau saiotxoa. Ostean, alkarretaratzea egingo dabe.
Etorkizunari gogotsu eta indartsu begiratzen deutsie, eta hainbat ekintza antolatzeko asmoa dabe: saio hezigarriak eta emakumeak ahalduntzea helburua dabenak, herriko puntu baltzak aztertu eta jasotako prestakuntza alkarteetan, auzoetan, dendetan, eskolan… zabaltzea. “Azken baten, danon arazo eta ardurea da, eta guztion esku dago egoerari bueltea emotea”. Alkartea 37 urtetik 64 urtera bitarteko 30 emakumek osatzen dabe. Emakume gehiagorengana heltzea be gustauko litxakie; emakume gazteengana batez be.