“Espero dot Zamudioren zerbitzura urte asko egon ahal izatea”

Aikor aldizkaria 2018ko api. 11a, 12:30

Itziar Goiri Bilbao, Zamudioko bake-epailea

Zamudioztarra 2017ko abenduaren 7an jabetu zan bere karguagaz. Erronka barriei ez deutse bildur, eta poztasunagaz eta ilusinoagaz dago aurrean daukan etapari begira. Gainera, Zamudioko lehenengo emakume bake-epailea da.  

Itziarrek pozik baino pozago agurtu gaitu Zamudioko bake-epaitegian daukan mahaitik. “Kargua hartzeko proposamena egin eustenean, apur bat pentsau neban, ez nekialako erresponsabilidade handiko lana izango zan edo sartuta nabilen beste gauzetarako denpora handia kenduko eustan. Baina lanean hasi naz eta hau zoragarria da”.

Bake-epaitegiaren eginkizuna batez be da zamudioztarrei hainbat izapidekaz languntzea, Bilbora joan behar ez izateko. “Izapide pilo bat egiten dira. Ohikoak jaiotza- ezkontza- eta heriotza-agiriei lotutakoak dira. Bahiturak eta ez ordaintzeak be bideratzen doguz”. Azaldu deusku, bake-epailea izateko ez dela ezagutza berezirik euki behar eta, edozelan be, laguntza handia daukala idazkari judizialarengandik eta auzitegiko ofizialarengandik. “Hareek dira epaitegiko motorra. Nik esaten deustena sinatzen dot eta kito. Kontau deustenaren arabera, Zamudio lan handiena daukan herrietariko bat da. Izapidea bete eta gero postaz bidaltzen da Bilbora”.

Ezagutza berezirik behar ez izan arren, Itziarren eretxiz, bake-epaileak oso ezaugarri garrantzitsu bat euki behar dau: zuhurtzia. “Kontu handiz ibili behar dozu. Akabuan, izaera ezberdinetako tramiteak egiten doguz bertan eta gauza askoz enteratzen zara. Gainera, Zamudio oso herri txikia da eta guztiok ezagutzen dogu alkar. Beraz, ezinbestekoa da zuhurtziaz jokatzea, bai ala bai”. Herritarrei aholkularitza emotea eta arazoak edo eskariak bideratzeko daukiezan aukerak jakinarazotea bake-epailaren beste eginkizun bat da. Baita auzokideen artean gatazkarik balego, hori auzitara eroan baino lehen, arazoa konpontzen ahalegintzea be bai. Aitortu deuskun moduan, azken kontu honek kezkatzen eban batez be. “Jakina, nik pentsatzen neban: Herritar bi ados ipintzeko edo euren arteko arazoa konpondu eien, bitarteko izan behar duzu, baina gertatu leiteke hareetako batek zure bitartekotza txarto hartzea eta zugaz haserretzea. Eta nik ez dot hori gura”. Oraindino ez jako inor etorri halako auzi bategaz, baina inoz gertatzen bada, argi dauka zer egin. “Nik nire ikuspuntua azalduko deutset eta akordiorik lortzen ez badabe, badagoz beste bide legal batzuk arazo horreek konpontzeko. Beraz, bide horreetara jo beharko dabe”. Dana dala, lasai dago, badakielako epaitegiko langile bien eta Udalaren laguntza eta babesa duela.

 Hainbat saltsatan

Itziar eleizari lotutako emakumea da, oso elizkoia, eta bere eginkizun barriak ezkontza zibilak ospatu behar izatea be ekarri deutso. “Bikote bi ezkondu dodaz eta, egia esan, oso pozgarria izan da. Txantxetan esaten neban, urteren ostean, eleizaren kontra egingo nebala (kar, kar). Ez, txantxa da; oso polita izan da eta oso gustura egin dot, jakina”. Era berean, oso pertsona ezaguna da herrian eta hainbat egitasmotan eta irabazi asmorik bako alkarteetan dabil nahastuta. Horrela, bada, odol-emotea bultzatzea helburua daukan Odol Argia Derioko alkartearen presidentea da, bertako elikagaien bankuan ere hartzen dau parte eta katekista dabil Zamudioko eleizan, adibide batzuk aitatzearren. Ziur asko, bere esperientzia, konpromisoa eta izateko era oso baliagarriak izango jakoz karguan ibiltzeko. “Gainera, tartean ez dago diru handirik. Senarrak beti esaten dau: Tartean dirurik ez badago, Itziarri esan, poz-pozik egingo daualako. Egia esan, badago ordain txiki bat, baina oso txikia da, Justizia Ministerioak ezarritakoa. Nik ez dot kargu hau diruagaitik onartu, herritarrei laguntzeko baino”.

Bake-epaitegia astelehenetan eta eguenetan, 09:00etatik 14:00etara dago zabalik. Lekuz aldatu barri dabe eta Arrantza eta Ehiza Alkartearen lehengo egoitzan dago orain, udaletxe ondoan. “Ni normalean ez nago epaitegian, baina sakelako telefonoa beti daroat soinean. Beraz, behar banabe, deitu eta hara noa. Gainera, badaezpada, ordezko bat be badaukat. Javier Izurieta Galdona da”. Aurreko lerroetan aitatu moduan, herritarrek hara jo daikie seme-alabak erregistratzera, heriotzen barri emotera, ezkontzak erregistratzera, bizi-agiriak eskatzera, eta jaiotzen, ezkontzen eta heriotzen hitzez hitzeko agirien bila. Era berean, salaketak ipini daikiez, baina bertan egiten diran epaiketak garrantzi gutxikoak dira, esate baterako, irainak edo mota batzuetako mehatxuak.

Itziarrek 66 urte dauzka eta jubiladua da. Bere aurrekoak, Jose Mari Etxeandiak, 14 urte emon ebazan karguan, eta Itziarri be gustauko litxakio bake-epaile luze ibiltea. “Espero dot Zamudioren zerbitzura urte asko egon ahal izatea. Gainera, ni zelangoa nazen kontuan hartuta, hau akuilua be bada, gauza barriak ikasteko aukerea emoten deustalako eta, ondorioz, bizitzaren beste ikuspuntu bat”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).