Herriko produktuak herritarren eskura

Aikor aldizkaria 2018ko mai. 29a, 12:25

Zamudioko ekoizle talde batek Nekazamudio azokea antolatzen dau hileko lehenengo zapatuan, Kultura Etxean. Azoka horretan, herrian ekoiztutako nekazaritza-produktuak ipintzen dabez ikusgai eta salgai. Baserritik mahaira, zuzen-zuzenean.

Hamar ekoizle dagoz Nekazamudio alkartean, eta Haizea Aretxabaleta eta Andoni Arrieta horreetako bi dira. Eta izen bereko azokearen sustatzaileak be badira. Azaldu deuskuen moduan, azokearen helburua da alkartearen kideen lana eta produktuak ezagutzera emotea, baina ez hori bakarrik. “Produktuak herritarrei hurbildu gura deutseguz. Zamudioztarrei zein gainontzeko txorierritarrei. Hau da, herrian bertan erosteko aukerea emon gura deutsegu. Zuzeneko salmentea ez ezik herriko ekonomia be bultzatzen dogu holan, eta harreman berezia sortzen da ekoizlearen eta eroslearen artean. Ondorioz, “arpegia” ipintzen deutsie produktuari eta hori erabat onuragarria da eurentzat eta guretzat, guk beste inork baino hobeto azalduko deutsegulako produktua zelan ekoiztu dan, edo zeintzuk diran bere ezaugarriak”.

Izan be, etxean bertan erosteak, konfiantzazko ekoizleari, horrek abantailak baino ez daukaz. “Lehenengo eta behin, kalidadea. Guk lehentasuna kalidadeari emoten deutsagulako, eta ez ekoizpenari. Era berean, erosleak badaki hartutako produktua non, zelan eta zein lan-baldintzatan ekoiztu dan. Bestalde, freskotasuna. Gure produktuak gehienez egun bi lehenago hartu dira, eta supermerkatuetan dagozanak luzaro egoten dira hotz-ganberetan. Produktu horreek, gainera, hainbat eskutatik pasatu dira eta gureak, ostera, zuzenean doaz gugandik erosleengana”. Eta garrantzitsua be badana: nekazaritza-merkatuari eta bertoko baserritarrei laguntzen jake.

Bakotxaren beharrizanen eta produktuaren eskuragarritasunaren arabera, Zamudioko Kultura Etxeko patioan zortzi ekoizle inguru batzen dira hileko lehenengo zapatuan, goizean. Ekoizle bakotxak bere postua dauka eta, besteak beste, produktu honeek ipintzen dabez azokara hurbiltzen direnen eskura: ortuariak, marmelada, arrautzak, txakolina, barraskiloak, esnea, gaztaia eta garagardaoa. Aitatu beharra dago produktuetariko batzuk ekologikoak direla. “Eskaintza biribiltzeko asmoz, ogia-eta saltzen dauan Larrabetzuko ekoizle bat be badator, eta haragia ekoizten dauan derioztar bat be bai. Horreek Zamudion ez daukaguzan produktuak diralako”. Azoketara beste arlo batzuetan dabilzan lagunak be gonbidatzen dabez. “Esate baterako, lorakaz eta sendabelarrakaz lan egiten dabenak, kremak egiten dabezanak, pasta… Helburua azokea apur bat zabaltzea da eta bertara beste mota batzuetako produktuak be ekartzea. Gainera, ekoizleek euren lanaren gaineko azalpentxoak be emoten badabez, eragingarri bat izan daiteke bisitariei begira. Aurreko azokan, adibidez, orioak dastatzea antolatu genduan eta oso interesgarria izan zan”.

Ekainak 2

Nekazamudio alkartekoek ahalegina egiten dabe hilero, merkatuaz gainera, zamudioztarrei eta albo-herrietako bisitariei beste erakargarri batzuk eskaintzeko. Holan, merkatuaren edizino bakotxean zerbait ezberdina antolatzen dabe. “Ardiak mutiltzeko saioa antolatu dogu, ortu bertikalak zelan egin, umeentzako tailerrak… Jenteari gustatzen jakozan ekintzak dira. Herriko bendejerei be egin geuntsen omenaldia, lehenengo sektorea bultzatzeko egin daben lanagaitik. Bendejera batzuk bizirik dagoz oraindino, eta hunkigarria izan zan. Berbalditxoa bota zan, dantzak egon ziran…”. Lehiaketak be egiten dabez. “Bizkotxo lehiaketak, tomaterik onena aukeratzea... Ekintza horreetan gura dauan guztiak hartu leike parte. Gizon probak be egin dira azokan, eta behin kalabaza handi batek zenbat pisatzen eban asmatzea eskatu geuntsen bisitariei. Hurren ibili zanak eroan eban kalabazea etxera”. Azokearen hurrengo edizinoa ekainaren 2an izango da eta aurreratu egin deuskue egun horretan oilo-okelaren ekoizle bat egongo dala.

Nekazamudio azoka orain dala urtebete eta erdi antolatu eben lehenengo aldiz, eta ordutik hona bezero leial batzuk, hilero-hilero merkaturaino hurbiltzen diranak, lortu dabezan arren, azokara herritar gehiago erakartzea daukate helburu eta gogo. Horretarako, ekintza batzuk zehaztuko dabez datozen hileetan. “Zamudioztarrak ez ezik txorierritar guztiak animatu gura doguz gure azokea eta produktuak ezagutzera. Izan be, jentea azokara etortzera animatzen bada, egitasmoa handiago egin ahalko geunke. Eta batek daki hileko jai be bihurtu ahalko geunken!”. Bitartean, badakigu hileko lehenengo zapatuan, goizean, hitzordua daukagula Zamudion, Nekazamudio azokan hain zuzen be.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).